Uztailak 14: Burujabetza Euskal Herriarentzat, aitortza ofiziala euskararentzat!

Uztailaren 14 honetan, Frantziako Iraultza eta Errepublikaren sorrera ohoratzen da Frantziako Estatuan. Euskal Herriarentzat, euskararentzat eta menpeko diren gainerateko herri, kultura zein hizkuntzentzat ondorio sakonak eta kaltegarriak izan zituen gertakaria da.

Nazioak eta hizkuntzak desagerrarazteko Estatua

Historiaren bidegurutze hartan, nazio zein hizkuntza aniztasuna kontuan hartuko lukeen edo uniformizazioa xede lukeen Estatu eredua hautatu behar zen. Bide posible ezberdinak mahai gaineratu ziren. Alta, batasunaren eta berdintasunaren izenean, ezberdintasunak desagerraraztea xede zuen ikuspegia nagusitu zen.

Gure herriak burujabetza maila galera handia izan zuen egun batetik bestera, Euskal Herrian iraun zuten herri instituzioak, tokiko arauak edota zergak indargabetu baitzituzten. Euskal Herria eta Biarnoren arteko departamendua sortu zuten.

Ez da ahantzi behar Frantzian berean gutxiengoa zirela frantsesa menperatzen zuten herritarrak. Euskal Herrian euskara zen eguneroko hizkuntza. Haatik, frantsesa lehenestea erabaki zuten berdintasunaren izenean, hizkuntzari lurraldea homogeneizatzeko eta frantziar naziotasuna eraikitzeko ezinbesteko funtzioa emanez. Geroztik, gainerateko hizkuntzekin batera, euskara heriotza geldora kondenatua izan da.

Frantziako Iraultzatik honat, erabili estrategia eta tresna bortitzen bidez, Euskal Herriak eta euskarak izan duten gibelapenean Estatuak ardura historikoa duela berresten du EHBaik.

Nazio aniztasuna aitortu

Bilakaera mingarri honen gainetik, Euskal Herriak eta euskarak bizirik segitzen dute. Garaiak eta jendartea aldatu egin dira, ez haatik, gure identitatea atxikitzeko eta burujabe izateko borondatea.

Frantziako Estatuak pairatzen duen krisi politiko, instituzional eta sozialaren testuinguruan, momentu garrantzitsu batean aurkitzen gara. Estaturik gabeko nazioen eta aitortu gabeko hizkuntzen estatusak aktualitateko eztabaida izaten segitzen du eta aukera berriak idekitzen ari dira. Ondorioz, uztailaren 14 honetan, EHBaik etorkizunari begira jarri eta honakoa adierazten du:

  • Frantziako Estatuan paradigma aldaketa bat ezinbestekoa da. Frantziako Estatuak zaharkiturik den ikuspegi jakobinoa alboratu behar du eta nazio eta hizkuntza aniztasuna aitortuko dituen antolaketa berria bultzatu, menpekotasun harremana bazterrean utziz.
  • Ipar Euskal Herriak burujabetza maila handiagoa behar du, Autonomia estatus bat, gaurkotasun osoa duena Europan. Korsikan bezala, estatus politikoaren aldaketa prozesu baten bidez idekitzea beharrezkoa da, zeina euskal herritarren erabakitzeko eskubidean oinarritu behar den.
  • Estatus berri honek botere gehiago ukaitea permitituko du, herritarren behar sozialetara egokituak diren zerbitzu publikoak plantan ezartzeko; aldaketa klimatikoari baliabide propioekin erantzuteko; eredu sozial eta ekonomiko berria eraikitzeko, etxebizitzaren arazoari lurraldetik aterabideak emateko, hizkuntza politika propioa garatzeko…
  • Euskararentzat aitortza ofiziala aldarrikatzen dugu. Frantziako Estatuak euskararen gibelapenean eta geroan duen arduratik, euskarari estatus ofiziala aitortu behar dio eta Frantziako konstituzioaren 2. artikulua aldatu.
  • EHBaik Frantziako Estatuari eta alderdi politikoei dei bat luzatzen die zentralismoarekin bukatu eta Euskal Herria eta gainerateko nazio zein hizkuntzak aitortuko dituen Estatu eredu baten alde egin dezaten.

Euskal Herriaren aldeko ekimena azkartu

Horregatik, uztailaren 14 honetan, EHBaik “Euskal Herria · País Basco · Pays Basque” bide seinale bat ezarri du Landak eta Euskal Herriaren arteko bidean. Justuki, Euskal Herria eta bere lurraldetasuna aldarrikatu nahi izan ditugu eta baita, euskararen ofizialtasuna eta okzitanieraren aitortza ere.

Aldarrikapen horiek gero eta sustengu zabalagoa jasotzen dute euskal herritarren aldetik eta erakundeei dei egiten diegu, Euskal Herria izendatzen duten bide seinale berriak ezar ditzaten Euskal Herriaren sartze guzietan. Gisa berean, EHBaik euskal herritarrei dei egiten die Euskal Herriaren aldeko engaiamendua ekintza konkretuen bidez azkartzera.

Eskuin muturraren aurkako mobilizazioa Donibane Lohizunen

“Eskuin muturraren aitzinean, harresia eraiki” lemapean, EHBaik eskuin muturraren aitzineko mobilizazioa eginen du heldu den azaroaren 14an ostiralarekin, arratsaldeko 19:00etan, Donibane Lohizuneko herriko plazan (Louis XIV).

Gogora ekarri nahi dugu, joan den urriaren 2an Lapurdiko kostaldeko herrian EHBaik ekintza bat egin zuela Pierre-Édouard Stérin eskuin muturreko milioidunaren bigarren etxebizitzan. Salmenta espekulatiboa salatzearekin batera, eskuin muturreko indarren eta ideien aitzinean harresi bat eraikitzeko beharra azpimarratu genuen.

Biharamunean, hedabideetara igorritako agiri batean, Stérinek EHBairen eta bi bozeramaileen kontrako salaketa ezarri zuela iragarri zuen publikoki. Gaur gaurkoz, ez dugu salaketa horien berri gehiagorik. Edozein gisaz, iragarri genuen bezala, prest gara aurre egiteko. Are gehiago, prest gara eskuin muturra eta bere ideia atzerakoien aitzinean mobilizazioa zabaltzen segitzeko.

Donibane Lohizunen eginen dugun mobilizazioak, bistan dena, salmenta espekulatibo horren, ekintzaren eta salaketaren testuinguruarekin lotura du. Baina deialdiak haratago joan nahi du, eskuin muturraren mehatxuaren aitzinean alerta piztu eta herritarrei beren kezka eta ezinegona karrikan agertzeko aukera eman nahi diolako. Historian gertatu den bezala, faxismoari determinazioarekin, batasunetik eta herritarren aktibazioaren bidez aurre egiten ahal zaio soilik.

Eskuin muturraren mehatxua Ipar Euskal Herrian ere

Mundu mailan bizi dugun agenda erreakzionarioaren testuinguruan, Frantziako Gobernua, bere politika ultra-liberal eta sekuritarioarekin gero eta gehiago, eskuin muturraren agenda besarkatu eta eskuin muturraren hedapena hauspotzen ari da. Maleruski, Ipar Euskal Herrira ere haize erreakzionarioak ailegatzen ari dira.

Eskuin muturrak boterea hartu edota erabakiguneetan sartzea lortzen badu, egun ezagutzen ari garen eskubideen gibelapena anitz azkartuko da: politika ultra-liberalen bidez zerbitzu publikoen eta babes sozialaren suntsitzea; aberatsenei pribilegio gehiago; emazteen eskubideak babesteko neurrien ezabatzea; trantsizio ekologikorako politikak bertan behera uztea; migratzera behartuak diren pertsonen kontrako politiken gogortzea; ildo errepresiboaren emendatzea; adierazpen askatasuna zein elkartegintza arriskuan ezartzea; Euskal Herriaren identitatea, euskara eta euskal kulturaren kontrako oldarraldi berria…

Ideia arrazista, xenofobo, homofobo, totalitario eta faxisten hedapenak elkarbizitza oztopatzea eta jendartea zatitzea eragiten du. Eta hori da dugun beste arrisku handiena, hots, Ipar Euskal Herrian azken urteetan eraiki duguna eta eraikitzen ari garena suntsitzea. Ondorioak lurraldeak eta herritarrek pairatuko dituzte.

Euskal Herrian harresia eraiki eta itxaropena sortu

Egoera honen aitzinean, Euskal Herriaren identitatea, balore aurrerakoi zein berdinzaleak eta azken urteetan eraiki ditugun kontsentsuak eta jendartearen atxikimendua babestea lehentasun osokoa da. Hots, bake prozesua eta elkarbizitza, euskararen garapena, trantsizio ekologikoa, emazteen eskubideak, migrazio politika humanista bat, laborantza herrikoia, etxebizitza eskubidearen aldeko lana… Elkarrekin eraikitakoa elkarrekin babestu behar da.

Hori dela eta, eskuin muturrari eta bere ideia faxistei batasunetik erantzun behar zaie. Urteetan ideia batzuen inguruan ados jartzeko gai izan garen ber, prest izan behar dugu gure lurraldea defendatzeko eta gure jendartea babesteko. Afera ez da kontrakotasun hutsean geratzea. Erronka, Euskal Herria eta bere jendearen alde egitea da. Horretarako, eragile sozial, sindikal eta politiko guzien erabaki eta ekimen konkretuak behar dira.

Izan ere, marrazten ari zaizkigun marrazki ilun honen aitzinean, uste dugu itxaropenaren bandera altxatzea premiazkoa dela. Itxaropena Euskal Herriak eta herritarrentzat zein belaunaldi berrientzat eraiki behar dugun etorkizun hobeak sortzen dute. Etorkizun hori dugu jokoan eta ezin dugu hutsik egin. Horregatik, azaroaren 14an herritarrak Donibane Lohizunen elkartzera deitzen ditugu.

Genoziodioa STOP! Su etena orain!

Duela urte bat, urriaren 7ko gertakariek Ekialde Hurbila berriz kolpatu zuten. Hamasen erasotik, Gazan bizi den genozidioa arte zein Libanon gertatzen ari diren eraso berrietara, nazioarteko komunitateari dei egiten diogu berehalako su etena, apartheidaren amaiera eta herri palestinarrarentzako askatasuna lortzea.

Isilik egoteak eta ekintza horiek ezaugarritu gabe egiten uzteak, konplize egiten gaitu.
Joan den apirilean, EHBaik Elias Sanbar gonbidatu zuen. UNESCOn Palestinaren historialari eta enbaxadore ohia izan dena, abian zen gatazka, bere jatorria eta gatazka iraunkorra konpontzeko aukerak argitu zituen. Zoritxarrez, bere erranek oraidik ere inoiz baino gaurkotasun handiagoa dute.
Hitzaldia hemen ikusgai: https://www.youtube.com/watch?v=xGJ2QY9SAt0

Urteurren honen karira, Euskal Herrian izanen diren hitzordu desberdinetan parte hartzera deitzen dugu

Kanakyarekin ELKARTASUNA! Solution politique pour la KANAKY !

Joan den astean, Estatu frantsesak, indarrean dagoen konstituzio aldaketaren baitan, Kanakyako hautesle zerrendaren erreformaren alde bozkarazi du, nahiz eta Kanakyako deskolonizazio prozesuko aktore eta behatzaile guztiek, erreforma hau tentsio eta “Noumeako Akordioen” haustura puntu gisa adierazi zuten.

Erreforma horren onartzeak, 1998an bi aldeek izenpeturiko “Noumeako Akordioaren” deusestatzea ekartzen du eta Kanakyaren deskolonizazio prozesu adostua zangotrabatu.

Lege aldaketak bidez Kanakyan 10 urtez bizi izan den pertsona orori bozkatzeko eskubidea ematen dio eta ondorioz, erroldan Kanakiarrak gutxiengo bilakatzeko arriskua handitzen du. Azken hori zen, Noumeako akordioak saihestu nahi zuena.

Kanakian gatazka eta tentsio iturri jarraitzen izaten du erroldaren osaketak. Mugimendu independentistak proposamen bat egin zuen, erroldan Kanakian sortu herritarrak soilik integratzeko. Frantziako gobernuak proposamena baztertu zuen eta kontsentsurik gabe konstituzioaren erreformaren bidea hartzea erabaki zuen.

Benetako indar kolpea, parlamentari frantziarren gehiengoak babestua, Noumeako akordioak eta kanakiarren autodeterminaziorako eskubidea berriro haustea dakarrena. Estatu frantsesa da gaur egun, Kanakyan dagoen indarkeria giroaren erantzule.

EHBai eta LABek Macron-en eta haren gobernuaren jarrera irmo salatu nahi dugu.

Kanakyako gatazka politikoa ezin da indarrez konpondu, Frantziar estatuak deskolonizazio prozesua bururaino ereman behar du. Zinezko konponbidea soilik posible izanen da, Kanakiarren eskubidea eta borondatea errespetatzen dituzten urratsak egiten badira.

Deskolonizazio prozesuaren aurkako erabaki batek, ondoko urratsak baldintzatuko ditu eta tentsio iturri larria izanen da.

Horretarako, hautesle zerrendaren erreformaren berehalako deuseztapena eman eta Noumearen akordioen baitan elkarrizketari berriro ekin beharko zaio.

Bukatzeko, gure sustengu eta babes osoa adierazi nahi diogu Kaniar herria zein Kanakiarrei eta Frantziar estatuari, bere ardurak hartu eta erreforma bertan behera uzteko exigitzen diogu.

Zuzi olinpikoa Euskal Herrian: Euskal Herria Nazio bat da
Gaur Zuzi Olinpikoa Euskal Herritik iragan da.
EHBaik, hainbat ikurrina eta Nafarroako bandera jarri ditu Baionako ibilbidean Euskal Herria Nazio bat dela aldarrikatzeko.
Zuzi olinpikoaren ekitaldi honetan, Euskal Herria ez da existitu, Pirinio Atlantikoetako departamenduan urtua agertu baita, identitaterik propiorik gabe eta Frantziako beste eremu bat balitz bezala.
Iduriz, EHBaiko kideek egindako ekimenak eta euskal ikurrak zabaltzeak traba egin du erakutsi nahi izan duten irudi horretan. Izan ere, zintzilikatutako ikur guziak kendu dituzte.
EHBaik fermuki salatzen du ikurrina eta ikur guziak kendu izana. Oinarrizko eskubidea den adierazpen askatasuna urratzeaz gain, Euskal Herriaren nazio izaera ukatu eta bere buruaren jabe izateko aldarrikapen guziak isilarazi nahi izan baitituzte.

Loturik atzemanen duzue, EHBairen irakurketa joko olinpikoetaz.

 

 

Hemen duzue, EHBaik joko olinpikoaetaz egiten duen irakurketa.

EHBai Eguna: Bestelako bestak posible dira

EHBai Baionak, denei irekia izanen den egun bat antolatzen du heldu den apirilaren 27an, larunbatarekin, Baionako Biltxoko elkartean (Augustins karrika). Abertzaleak proposamenak egiten dituen indarra gara hiriaren bizian, eta, beraz, hitzaldi eta eztabaida bat eskainiko dugu arratsaldeko 16:00etatik aitzina Baionako beste eredu berri bat posible dela azpimarratzeko.

Baionako bestak eta oro har Baionan gaindi antolatzen diren bestak izanen ditugu ardatz, urtez urte izan duten garapena kontuan hartuz. Besta horiek ezaguturiko garapena eta hobetzeko ardatzei aterabideak bilatzen saiatuko gara, baionarrek zein inguruko biztanleek ospakizun horiek berreskuratu ditzaten.

Hizlari hauek izanen ditugu gure artean:

Zaloa Basabe. Iruñeko genero berdintasunaren hautetsia denak, San Ferminetako esperientzia ezagutaraziko du.

Philippe Steiner. Sorbonako soziologiako irakasle emeritua eta Frantziako Unibertsitate Institutuko ohorezko kidea. « Faire la Fête, sociologie de la joie » liburuaren idazlea da. Baionako Bestek historian zehar izan dituzten arazoen berri emanen digu, bai eta bestaren dimentsio ezberdinen berri eskaini ere.

Michaella Clapisson. 2032 kolektiboko kide bat. Baionako elkarte kolektibo hau iazko besten ondotik sortu da, eta egungo ereduari alternatibak proposatzen dizkio. Kolektiboaren sortzearen arrazoiak, gaur egungo egoeraren azterketa eta hobekuntza pistak emanen dizkigu.

Eztabaidaren ondotik, solasaldia segitzeko parada izanen da Biltxokon bertan, pintxo eta trago artean.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.