Eskuin muturraren aurkako mobilizazioa Donibane Lohizunen

“Eskuin muturraren aitzinean, harresia eraiki” lemapean, EHBaik eskuin muturraren aitzineko mobilizazioa eginen du heldu den azaroaren 14an ostiralarekin, arratsaldeko 19:00etan, Donibane Lohizuneko herriko plazan (Louis XIV).

Gogora ekarri nahi dugu, joan den urriaren 2an Lapurdiko kostaldeko herrian EHBaik ekintza bat egin zuela Pierre-Édouard Stérin eskuin muturreko milioidunaren bigarren etxebizitzan. Salmenta espekulatiboa salatzearekin batera, eskuin muturreko indarren eta ideien aitzinean harresi bat eraikitzeko beharra azpimarratu genuen.

Biharamunean, hedabideetara igorritako agiri batean, Stérinek EHBairen eta bi bozeramaileen kontrako salaketa ezarri zuela iragarri zuen publikoki. Gaur gaurkoz, ez dugu salaketa horien berri gehiagorik. Edozein gisaz, iragarri genuen bezala, prest gara aurre egiteko. Are gehiago, prest gara eskuin muturra eta bere ideia atzerakoien aitzinean mobilizazioa zabaltzen segitzeko.

Donibane Lohizunen eginen dugun mobilizazioak, bistan dena, salmenta espekulatibo horren, ekintzaren eta salaketaren testuinguruarekin lotura du. Baina deialdiak haratago joan nahi du, eskuin muturraren mehatxuaren aitzinean alerta piztu eta herritarrei beren kezka eta ezinegona karrikan agertzeko aukera eman nahi diolako. Historian gertatu den bezala, faxismoari determinazioarekin, batasunetik eta herritarren aktibazioaren bidez aurre egiten ahal zaio soilik.

Eskuin muturraren mehatxua Ipar Euskal Herrian ere

Mundu mailan bizi dugun agenda erreakzionarioaren testuinguruan, Frantziako Gobernua, bere politika ultra-liberal eta sekuritarioarekin gero eta gehiago, eskuin muturraren agenda besarkatu eta eskuin muturraren hedapena hauspotzen ari da. Maleruski, Ipar Euskal Herrira ere haize erreakzionarioak ailegatzen ari dira.

Eskuin muturrak boterea hartu edota erabakiguneetan sartzea lortzen badu, egun ezagutzen ari garen eskubideen gibelapena anitz azkartuko da: politika ultra-liberalen bidez zerbitzu publikoen eta babes sozialaren suntsitzea; aberatsenei pribilegio gehiago; emazteen eskubideak babesteko neurrien ezabatzea; trantsizio ekologikorako politikak bertan behera uztea; migratzera behartuak diren pertsonen kontrako politiken gogortzea; ildo errepresiboaren emendatzea; adierazpen askatasuna zein elkartegintza arriskuan ezartzea; Euskal Herriaren identitatea, euskara eta euskal kulturaren kontrako oldarraldi berria…

Ideia arrazista, xenofobo, homofobo, totalitario eta faxisten hedapenak elkarbizitza oztopatzea eta jendartea zatitzea eragiten du. Eta hori da dugun beste arrisku handiena, hots, Ipar Euskal Herrian azken urteetan eraiki duguna eta eraikitzen ari garena suntsitzea. Ondorioak lurraldeak eta herritarrek pairatuko dituzte.

Euskal Herrian harresia eraiki eta itxaropena sortu

Egoera honen aitzinean, Euskal Herriaren identitatea, balore aurrerakoi zein berdinzaleak eta azken urteetan eraiki ditugun kontsentsuak eta jendartearen atxikimendua babestea lehentasun osokoa da. Hots, bake prozesua eta elkarbizitza, euskararen garapena, trantsizio ekologikoa, emazteen eskubideak, migrazio politika humanista bat, laborantza herrikoia, etxebizitza eskubidearen aldeko lana… Elkarrekin eraikitakoa elkarrekin babestu behar da.

Hori dela eta, eskuin muturrari eta bere ideia faxistei batasunetik erantzun behar zaie. Urteetan ideia batzuen inguruan ados jartzeko gai izan garen ber, prest izan behar dugu gure lurraldea defendatzeko eta gure jendartea babesteko. Afera ez da kontrakotasun hutsean geratzea. Erronka, Euskal Herria eta bere jendearen alde egitea da. Horretarako, eragile sozial, sindikal eta politiko guzien erabaki eta ekimen konkretuak behar dira.

Izan ere, marrazten ari zaizkigun marrazki ilun honen aitzinean, uste dugu itxaropenaren bandera altxatzea premiazkoa dela. Itxaropena Euskal Herriak eta herritarrentzat zein belaunaldi berrientzat eraiki behar dugun etorkizun hobeak sortzen dute. Etorkizun hori dugu jokoan eta ezin dugu hutsik egin. Horregatik, azaroaren 14an herritarrak Donibane Lohizunen elkartzera deitzen ditugu.

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.