Hemen Bai
Munduan krisi egoera eta ezegonkortasuna dira nagusi. Sistema kapitalistak sortu duen ziurgabetasuna eta segurtasun eza gure biziaren parte bilakatu dira. Zibilizazio krisi larria bizi dugu.
Euskal Herriak egoera globalaren ondorio kaltegarriak pairatzen ditu. Degenerazio demokratikoaren testuinguruan, kanpotik hartzen diren erabakien menpe gara. Ez dugu aski tresnarik erabakiak hartzeko eta herritarren ongizaterako politika publikoak plantan ezartzeko.
Demografiaren hazkundea, lurraldeen arteko desorekak, krisialdi klimatikoa, larrialdi soziala edota jendartearen zahartzeari buru egiteko baliabiderik gabe, gure geroa galderaz beterik da. Beraz, Euskal Herrian herritarrei aterabideak proposatzeko eta eraikitzeko gogoa eta aukera eskaini behar zaizkie.
Herri proiektu bat
Krisi testuinguru hau aukera bilakatu behar da Ipar Euskal Herrian demokraziaren aldeko parioa indartzeko. Bizi hobeago bat bermatzen duen herri proiektua behar dugu. Gure lurraldearentzat eta herritarrentzat egonkortasuna eta segurtasuna ekarriko duen proiektua. Hori da EHBairen programa politikoaren ardatza.
Euskara eta euskal kultura oinarri, identitate propioa duen komunitate indartsu, ireki eta elkarkidea eraikitzea proposatzen dugu. Interes partikularren gainetik, interes orokorrak lehenetsiz. Herritar guzien ongizatea bermatuz eta justizia sozialean oinarritzen den eredua eraikiz, hain zuzen.
Autonomia eta erabaki ahalmena
Gure legeak, politika publikoak eta horiek finantzatzeko baliabideak ukaiteko, Ipar Euskal Herriak estatus politiko indartsu bat behar du.
Gugandik haratago begiratzen badugu, Estaturik gabeko beste Nazioak beren burujabetzarako nahiak mahai gainean jartzen ari dira. Frantses Estatuaren baitan Korsika, Kanaky edota Polinesia ditugu adibide argiak. Gaur arte, frantses Estatua ez da gai izan bere baitako errealitate nazionalak aitortzeko. Europa mailan, nekez aurkituko dugu eredu zaharkituagorik, baina herrion agendak oso presente segitzen du.
Nazio gisa indartu
EHBaik Ipar Euskal Herrirako bi proposamen aurkezten ditu, baina Euskal Herriaren burujabetzarako eta batasunerako perspektiban kokaturik. Nazio bat gara, zazpi lurraldez osatua. Sekulako gaitasuna dugu elkarrekin aritzen bagara. Euskal lurraldeen eta eragileen artean harremanak eta proiektuak indartzeko momentua dela azpimarratzen dugu.
Anbizioa eta elkarlana
Bizi dugun testuinguru ezegonkor eta kritiko honetan, gure lurraldeak anbizioa erakutsi eta indar guziak biltzen dituen iniziatibak hartu behar ditu. Lankidetzak indartsuago egiten gaitu eta gure etorkizuna eraikitzeko aukera hobeak eskaintzen dizkigu.
EHBaik, jendarte zibilarekin eta hautetsiekin batera adostasunak eraikitzeko, aldaketak eragingo dituen mobilizazio zabalen fase berri bat irekitzeko eta lurraldean elkarrekin proiektuak garatzeko borondatea osoa adierazten du.