
Ipar Euskal Herriko herri gehienetan bestak ospatzen ari diren honetan, ezin dugu bizi dugun testuingurua alde batera utzi. Eskuin muturraren eta ideia erreakzionarioen gorakada betean, horien aldeko espresioek espazio publikoan eta herrietako bestetan ere ez dutela lekurik azpimarratu nahi dugu. Halere, izan diren eraso onartezinen gainetik, hainbat eragilek aurtengo edizioa giro lasaiagoan iragan dela nabarmendu dute eta hori beti da pozteko arrazoi bat. Ildo horretan, EHBaik aurtengo Baionako Besten balorazioa egiteko asmoa du.
Baionako Bestak: testuingurua ezin da alde batera utzi
Testuinguru horretan iragan dira Baionako Bestak, uztailaren 15etik 19ra. Euskal Herriko besta jendetsuenetakoak izanik, bertan gertatzen denak egiazko gogoeta eskatzen du.
Lehenik eta behin, Baionako Besten egungo eredua bera zalantzan jarri behar dela uste dugu. Segurtasunaren izenean ezartzen diren neurriek ez diete egiazko arazoei behar den bezala erantzuten. Aurten ere emazteen kontrako eraso sexistak izan dira, eta baita hainbat eraso arrazista eta homofobo ere. EHBaik erasogileek duten inpunitateaz kezka adierazi nahi du eta bere elkartasuna helarazi nahi die gisa horretako jazarpenak pairatu dituzten pertsona eta elkarteei. Horrek erakusten du prebentzioan, hezkuntzan eta erantzukizun kolektiboan sakontzeko dagoen beharra, kontrol neurriak areagotzetik harago.
Horren aitzinean, gogoeta kolektiboa sakontzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Azken urteotan 2032 kolektiboak eta hainbat elkartek egindako proposamenen bidetik hainbat urrats egin dira, baina ez da aski. Besta ereduaz gogoeta kolektiboa sustatu behar da, kulturan oinarrituriko besta herrikoiak eta lasaiak zein errespetuan oinarrituak izan daitezen, lehentasunez baionarrei eta euskal herritarrei zuzenduak. Herritarren bizi-kalitatea, parte hartzea eta behar sozialak lehenetsi behar dira, interes ekonomiko edo turistikoen gainetik.
Era berean, onartezina iruditu zaigu Baionako Herriko Etxeak izan duen jarrera. Izan ere Euskal Herriaren baloreen aldeko aldarrikapenak zituzten hainbat banderola kendu zituzten adierazpen askatasuna urratuz. Gainera, zenbait eragile Baionako Bestak ez politizatzearen alde mintzatu dira. Oroitarazi nahi dugu Euskal Herrian gaudela, ukaturiko herri batean, eta bestak ere Euskal Herriaren nortasuna, kultura, hizkuntza edota bestelako aldarrikapenak adierazteko momentu garrantzitsuak direla.
Besta bai, borroka ere bai!
Justuki, azpimarratu nahi dugu Euskal Herriaren aldeko aldarrikapenek zein oinarrizko elkartasun-keinuek aurten ere izan duten oihartzuna, Palestinarekiko elkartasuna horren lekuko. Idekitze egunean, Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako ekimenek, eta baita besta garaian izan diren espazio eta eskaintzek ere, erakutsi dute herri honek herri ekimenari esker bere izaera bizirik atxikitzeko duen determinazioa. Baionako Bestak Euskal Herriko bestak dira, eta kultura herrikoiak ardatz nagusietakoa izan behar du.
Bestak herriak eta gure nortasuna, hizkuntza, kultura eta baloreak biziarazteko une pribilegiatua dira. Eta bestak, neholako erasorik gabeko leku seguruak izan behar dira. Horregatik, dei bat luzatzen dugu Euskal Herriko herri guzietako bestetan eraso sexistak, arrazistak eta homofoboak saihesteko beharrezko prebentzio neurriak har daitezen eragile guzien aldetik. Eta baita ere ideia zein jarrera erreakzionarioek gure herrietan lekurik ez dezaten izan.
Azkenik, EHBaik dei egiten du udan zehar eta besta guzietan, Euskal Herria eta euskal kultura aldarrikatzera, euskaraz bizitzera eta ospatzera.
