Azaroaren 21a, larunbatarekin, Emazte* Topaketa Baionan

Azaroaren 21ean, Emazte Topaketak antolatuko ditu EHBaik Baionako Mota Coworking gunean!

 

EHBairen II. Kongresuaren prozesuaren baitan, plan feminista izanen dugu hizpide, gure mugimendua gero eta feministagoa izan dadin eta Euskal Herri feminista baten alde urratsak ematen segitu dezagun.

Plan feministaren lehen zirriborroa partekatu eta elkarrekin eztabaidatzeko parada izanen dugu. Besteak beste, gure barne antolaketa eta militantzia eredua eraldatzea, emazteen parte-hartzea eta lidergoa indartzea, bortizkeria sexistak prebenitzea eta politika publiko feministak sustatzea izanen ditugu mintzagai.

Goiz horretan, Ipar Euskal Herriko ezkerreko, abertzale, feminista eta ekologista balioekin bat egiten duten emazteak* (zisgeneroak eta transgeneroak), baita pertsona ez-binarioak ere, gomitatzen ditugu gogoeta kolektibo honetan parte hartzera.

Topaketa hau ez da plan feministaren aurkezpen hutsa izanen: gure bizipenak, kezkak eta proposamenak partekatzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazioa izan nahi du. Goiz horretan eginen ditugun gogoetek EHBairen II. Kongresuan bozkatuko den plana aberasten lagunduko dute.

EHBairen parte izan ala ez, zure ekarpena garrantzitsua da baita zure inguruan diren feministen ekarpena ere. Elkar ezagutzeko, saretzeko eta Euskal Herri feminista baten aldeko bidean urrats berriak elkarrekin egiteko unea izanen da ere, beraz, ez duda eta etorri momentu hori gurekin partekatzera.

Izena eman: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScllYw-ANqIkIgku-Aejl1E8B40xjBA_Pc5VOnz8q6JbXAzYA/viewform

📅 Azaroaren 21ean, larunbatarekin
🕙 10:00etatik 13:00etara
📍 Mota Coworking, Baiona
(3 Rue du 49ÈME Régiment d’Infanterie, 64100 Baiona)

Gure mugimendua barnetik eraldatzeko eta feminismoan urrats berriak egiteko, elkarrekin eraiki dezagun bidea! GERO ETA GEHIAGO, Construisons demain!

Animatu parte hartzera!

Lizeoetako ikasleekin batera, zerbitzu publikoen alde

Aste honetan deituriko greba eta mobilizazioen testuinguruan, EHBaik bere sustengua adierazi nahi die karrikara atera diren ikasle eta langileei. Zerbitzu publikoen degradazio kezkagarriaren eta autoritarismoaren aitzinean, ezinbestekoa da gure gazteriaren eta jendartearen etorkizuna defendatzea.

 

Azken asteetan lizeoetan eta karriketan bizitzen ari diren tentsioak Frantziako Gobernuaren politika neoliberalek eta erreformek eragindako egiturazko krisiaren ondorio dira. Urteotan zerbitzu publikoak ahuldu eta degradatu dituzte, herritarren ongizaterako beharrezko baliabideak ezarri beharrean. Politika horiek gazteen ikasketa baldintzak, langileen bizi baldintzak eta hezkuntzaren kalitatea okertzen dituzten bitartean, gure zergekin bildutako diruaren gero eta zati handiago bat gerletarako eta armamenturako erabiltzen du Parisek.

 

EHBaik irmoki salatzen du egoera honen aitzinean mobilizatzen ari diren gazte eta langileen kontra Frantziako gobernua erabiltzen ari den bortizkeria poliziala. Onartezina da ikasleak jipoitzea beren eskubideak eta geroa defendatzeagatik. Ildo horretan, biziki larria iruditzen zaigu ikasle euskaldun batek euskaraz egite hutsagatik Baionan poliziaren eskutik jasan behar izan duen jipoia. Berriz ere autoritarismoa eta euskararekiko mespretxua eskutik doazela agerian utzi du eraso honek.

 

Frantziako Estatuko hezkuntza sistema zentralistak zuzeneko lotura du egun Ipar Euskal Herriko lizeoek eta ikasleek jasaten dituzten arazoekin. Erabakiak hemendik ehunka kilometrora hartzen dira, bertako errealitatetik urrun eta lurralde honetako herritarren behar zehatzak kontuan hartu gabe. Horren baitan kokatzen da ere ikasleek baxoko azterketak euskaraz egin ahal izateko duten eskubidearen urraketa.

 

EHBaik ikasleen eta hezkuntzako langileen aldarrikapenei erantzun baikorra ematea galdegiten du, egun Frantziako Estatuan irekia den aurrekontuen eztabaidan behar diren baliabideak finkatuz kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu ahal izateko.

 

Alta, Ipar Euskal Herriak bere baliabideak kudeatzeko eta erabakiak bertan hartzeko botere gehiago behar du eta egungo testuinguruan, EHBaik 2024an aurkezturiko Autonomia Proposamenak gaurkotasun osoa duela berresten dugu. Konpetentziak lurraldearen esku jarriz – tartean hezkuntzarena -, hurbileko politika publikoak plantan ezartzeko aukera izanen luke Ipar Euskal Herriak. Eta horretarako, fiskalitatea gako nagusietariko bat da, botere fiskala hurbileko eskalan kokatzeak aukera emanen bailuke herritarren beharrei hobeki erantzun eta diru publikoaren erabilpenean eraginkorragoak izateko.

 

EHBaik bere elkartasun osoa adierazi nahi die bortizkeria poliziala pairatzen ari ikasleei. Haiekin batera, kalitatezko zerbitzu publikoak eta Ipar Euskal Herriak bere geroa erabakitzeko duen ahalmena defendatzen segituko dugu.

Zerbitzu publikoen alde GERO ETA GEHIAGO, construisons demain !

2026/2027ko sartze politikoa: gero eta gehiago, construisons demain!

 

Ikasturte politiko berri honen hastapenean, Euskal Herriaren egoerari, aitzinean ditugun erronkei eta heldu diren hilabeteetan gureak izanen diren erantzukizunei arreta jarri nahi die EHBaik.

EHBairen iritziz, urte politiko berri honen testuingurua elementu nagusi hauek ezaugarritzen dute:

  • Ezkerreko abertzaletasunaren indartzea eta bere rol zentrala bizi sozial, politiko eta instituzionalean.
  • Euskal Herriarentzat zutabe diren gaietan aitzinamenduak oztopatzeko Frantziako Estatuaren jarrera.
  • Eskuin muturraren, agenda erreakzionarioaren eta ideia atzerakoien emendatzea.
  • Panorama politikoa baldintzatuko duten Frantziako presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak.
  • Klima-larrialdia, izaten ari den ondorio larriak eta kolektiboki ekiteko beharra.

Azken gai honetatik ekin nahi diogu gaurko prentsaurrekoari. Izan ere, aurtengo uda izan da inoiz planetan erregistratu den beroena. Euskal Herrian ere, muturreko beroaldiak, suteak, ekaitz bortitzak eta idorteak emendatzen ari dira. Egoera arrunt kezkagarria da eta larrialdiaren neurriko erantzunak galdegiten ditu. Beraz, eragile eta instituzio guzien agendan trantsizio ekologikoak lehentasuna hartzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Alta, badirudi Frantziako Estatuarentzat eta Pirinio Atlantikoetan bere ordezkari den prefeta berriarentzat halako urgentziarik ez dagoela. Bere kargu hartzea aitzineko prefetaren bide beretik hasi du, hiru mezu zuzenduz lurralde honi: lehena, mugetako kontrolekin eta bizi hobeago baten bila ari diren jendeen kontrako errepresioarekin jarraitzeko jarrera; bigarrena, memoriaren atalean, bake prozesuarekiko jarrera eraikitzailea azaldu beharrean, Itsasuko horma-irudiaren inguruan sortu nahi izan duen polemika; eta azkenik, euskara lurralde honetako hizkuntza gisa ofizialki aitortzen duten herrietako mozioen kontra ekiteko asmoa. Horregatik, EHBaik joan den irailaren 3an gutun bat igorri zion Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetari. Gaur gaurkoz, ez dugu erantzunik jaso.

Aitzineko prefetak, Euskal Herriarekiko eta bertan hartzen diren erabakiekiko jarrera erasokorra erakutsi zuen. Are gehiago, ezkerreko abertzaleekiko kontrakotasuna agerian utzi zuen behin baino gehiagotan, demokratikoki egiten ari garen aitzinamenduak oztopatzeko maniobrak eginez. Prefeta berria ildo erasokor horrekin arituko den ez dakigu, baina bere lehen urratsek hori erakutsi dute. Eta hala izatekotan, Euskal Herriaren eta ezkerreko abertzaletasunaren kontrako ofentsiba berri baten aitzinean izan gaitezkeela ohartarazi nahi dugu.

EHBai ez da gisa honetako probokazioetan eroriko eta azken urteetako ildoarekin segituko du lanean, hots: Ipar Euskal Herriak burujabetza gehiago lortzeko urratsak bultzatzea, lurralde honetako eragileekin zein herritarrekin elkarlanean sakontzea eta ezkerreko proiektu abertzalea indartzen jarraitzea. Alta, Frantziako Estatuaren aldetik ez dugu gibelapenik onartuko.

Justuki, eskuin muturraren eta ideia erreakzionarioen gorakadaren aitzinean garen honetan, inoiz baino gehiago, Euskal Herria, bere identitatea, elkarbizitza eta balore aurrerakoi zein demokratikoak defendatzea baitezpadakoa da.

Zentzu horretan, heldu diren hilabeteetan, eskuin muturrak Frantzia zein Espainiako Estatuetako hauteskundeetan irabazteko arriskuaz ohartarazi nahi dugu. Arrisku hori gauzatu ez dadin eta gure lurraldea babes dezagun, herri gisako mobilizazio zabal, herrikoi eta demokratiko bat eraikitzea ezinbestekoa da. EHBairentzat lehentasunetako bat izanen da.

Erran bezala, 2027ko udaberrian iraganen diren Frantziako presidentetzarako eta legebiltzarrerako bozek ondorio garrantzitsuak izanen dituzte gure lurraldean. Eskuin muturrari ateak hesteko erantzukizunez jokatu eta alderdi interesak alde batera utzi behar direla uste dugu. Bereziki indar ezkertiar eta aurrerakoei dei egiten diegu elkarlanaren alde egin dezaten. Baina gainerateko indarrei ere, dagokien arduraz joka dezaten galdegiten diegu. EHBaik bere esku dagoena eginen du Ipar Euskal Herrian eskuin muturra eta bere ideiak ez daitezen nagusitu eta hedatu.

EHBairen II. Kongresua: gero eta gehiago, indarrak bildu eta antolatu

Testuinguru nahasi horretan kokatzen da EHBairen II. Kongresua. Heldu den ofentsiba berriari eta faxismoari aurre egiteko eta Euskal Herria defendatzeko, ezkerreko proiektu abertzalea are gehiago indartu behar dugu. Horregatik, Kongresua balore abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologistekin bat egiten duten herritarrak biltzeko eta antolatzeko momentu kolektibo bat da.

  • Prozesua heldu den larunbatean, irailaren 19an, hasiko da Hazparnen, barne mailan antolatzen ditugun Eskolekin.
  • Urriaren 5etik azaroaren 15era Ipar Euskal Herri osoan biltzar irekiak antolatuko dira, Zuzendaritzak lau urtetarako proposatuko duen ponentzia eztabaidatzeko.
  • Azaroan eta abenduan emazteei eta gazteei zuzenduriko topaketak izanen dira.
  • Urtarrilean zehar, EHBairen Zuzendaritza eta instantziak hautatzeko momentua izanen da.
  • Urtarrilaren 30ean, larunbatarekin, Kongresuaren ekitaldi nagusia izanen da Baionako Elkarteen Etxean, prozesuari bukaera emanez.

Uztailean azpimarratu genuen bezala, Kongresu prozesua irekia da eta EHBaiko kideez gain, gure balore eta ideiekin bat egiten duten herritarrek parte hartzen ahal dute eztabaidan. Bozkatzeko EHBaiko kide izan behar da eta horretarako, Kongresu prozesurako kidetza proposatzen dugu. Horregatik, jende guzia animatu nahi dugu eztabaidetan parte hartzera eta gure mugimenduan antolatzera.

Kongresua, testuinguru politikoa aztertzeko eta ezkerreko abertzaletasunak zein bere ideiek azken urteetan izan duten aitzinamenduarekin jarraitzeko gogoeta prozesu bat izanen da. Burujabetza prozesua azkartzeko helburuz, besteak beste, honako gaiak landuko dira:

  • Ipar Euskal Herriko lurralde proiektuaren egituratzeko aitzinamenduak.
  • Estatus politiko berri baterako urratsak.
  • Herri agenda partekatu baten eraikuntza.
  • Nazio eraikuntza eta zazpi lurraldeen arteko artikulazioa.
  • EHBairen proposamen politikoaren garapena.
  • Ildo mobilizatzailea eta lan instituzionala.
  • Eskuin muturraren aitzineko frontea.
  • Hauteskunde ziklo berria.
  • EHBairen garapena eta antolakuntza.

Aldaketa politiko, sozial eta kultural sakoneko garai hauetan, ezkerreko abertzale guziei antolatzeko, indarrak biltzeko eta Kongresuan parte hartzeko deia egiten diegu.

Gero eta gehiago, construisons demain!

Baionako Bestak: bestaren eta aldarrien lekua

Ipar Euskal Herriko herri gehienetan bestak ospatzen ari diren honetan, ezin dugu bizi dugun testuingurua alde batera utzi. Eskuin muturraren eta ideia erreakzionarioen gorakada betean, horien aldeko espresioek espazio publikoan eta herrietako bestetan ere ez dutela lekurik azpimarratu nahi dugu. Halere, izan diren eraso onartezinen gainetik, hainbat eragilek aurtengo edizioa giro lasaiagoan iragan dela nabarmendu dute eta hori beti da pozteko arrazoi bat. Ildo horretan, EHBaik aurtengo Baionako Besten balorazioa egiteko asmoa du.

Baionako Bestak: testuingurua ezin da alde batera utzi

Testuinguru horretan iragan dira Baionako Bestak, uztailaren 15etik 19ra. Euskal Herriko besta jendetsuenetakoak izanik, bertan gertatzen denak egiazko gogoeta eskatzen du.

Lehenik eta behin, Baionako Besten egungo eredua bera zalantzan jarri behar dela uste dugu. Segurtasunaren izenean ezartzen diren neurriek ez diete egiazko arazoei behar den bezala erantzuten. Aurten ere emazteen kontrako eraso sexistak izan dira, eta baita hainbat eraso arrazista eta homofobo ere. EHBaik erasogileek duten inpunitateaz kezka adierazi nahi du eta bere elkartasuna helarazi nahi die gisa horretako jazarpenak pairatu dituzten pertsona eta elkarteei. Horrek erakusten du prebentzioan, hezkuntzan eta erantzukizun kolektiboan sakontzeko dagoen beharra, kontrol neurriak areagotzetik harago.

Horren aitzinean, gogoeta kolektiboa sakontzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Azken urteotan 2032 kolektiboak eta hainbat elkartek egindako proposamenen bidetik hainbat urrats egin dira, baina ez da aski. Besta ereduaz gogoeta kolektiboa sustatu behar da, kulturan oinarrituriko besta herrikoiak eta lasaiak zein errespetuan oinarrituak izan daitezen, lehentasunez baionarrei eta euskal herritarrei zuzenduak. Herritarren bizi-kalitatea, parte hartzea eta behar sozialak lehenetsi behar dira, interes ekonomiko edo turistikoen gainetik.

Era berean, onartezina iruditu zaigu Baionako Herriko Etxeak izan duen jarrera. Izan ere Euskal Herriaren baloreen aldeko aldarrikapenak zituzten hainbat banderola kendu zituzten adierazpen askatasuna urratuz. Gainera, zenbait eragile Baionako Bestak ez politizatzearen alde mintzatu dira. Oroitarazi nahi dugu Euskal Herrian gaudela, ukaturiko herri batean, eta bestak ere Euskal Herriaren nortasuna, kultura, hizkuntza edota bestelako aldarrikapenak adierazteko momentu garrantzitsuak direla.

Besta bai, borroka ere bai!

Justuki, azpimarratu nahi dugu Euskal Herriaren aldeko aldarrikapenek zein oinarrizko elkartasun-keinuek aurten ere izan duten oihartzuna, Palestinarekiko elkartasuna horren lekuko. Idekitze egunean, Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako ekimenek, eta baita besta garaian izan diren espazio eta eskaintzek ere, erakutsi dute herri honek herri ekimenari esker bere izaera bizirik atxikitzeko duen determinazioa. Baionako Bestak Euskal Herriko bestak dira, eta kultura herrikoiak ardatz nagusietakoa izan behar du.

Bestak herriak eta gure nortasuna, hizkuntza, kultura eta baloreak biziarazteko une pribilegiatua dira. Eta bestak, neholako erasorik gabeko leku seguruak izan behar dira. Horregatik, dei bat luzatzen dugu Euskal Herriko herri guzietako bestetan eraso sexistak, arrazistak eta homofoboak saihesteko beharrezko prebentzio neurriak har daitezen eragile guzien aldetik. Eta baita ere ideia zein jarrera erreakzionarioek gure herrietan lekurik ez dezaten izan.

Azkenik, EHBaik dei egiten du udan zehar eta besta guzietan, Euskal Herria eta euskal kultura aldarrikatzera, euskaraz bizitzera eta ospatzera. 

Uztailak 14: Burujabetza Euskal Herriarentzat, aitortza ofiziala euskararentzat!

Uztailaren 14 honetan, Frantziako Iraultza eta Errepublikaren sorrera ohoratzen da Frantziako Estatuan. Euskal Herriarentzat, euskararentzat eta menpeko diren gainerateko herri, kultura zein hizkuntzentzat ondorio sakonak eta kaltegarriak izan zituen gertakaria da.

Nazioak eta hizkuntzak desagerrarazteko Estatua

Historiaren bidegurutze hartan, nazio zein hizkuntza aniztasuna kontuan hartuko lukeen edo uniformizazioa xede lukeen Estatu eredua hautatu behar zen. Bide posible ezberdinak mahai gaineratu ziren. Alta, batasunaren eta berdintasunaren izenean, ezberdintasunak desagerraraztea xede zuen ikuspegia nagusitu zen.

Gure herriak burujabetza maila galera handia izan zuen egun batetik bestera, Euskal Herrian iraun zuten herri instituzioak, tokiko arauak edota zergak indargabetu baitzituzten. Euskal Herria eta Biarnoren arteko departamendua sortu zuten.

Ez da ahantzi behar Frantzian berean gutxiengoa zirela frantsesa menperatzen zuten herritarrak. Euskal Herrian euskara zen eguneroko hizkuntza. Haatik, frantsesa lehenestea erabaki zuten berdintasunaren izenean, hizkuntzari lurraldea homogeneizatzeko eta frantziar naziotasuna eraikitzeko ezinbesteko funtzioa emanez. Geroztik, gainerateko hizkuntzekin batera, euskara heriotza geldora kondenatua izan da.

Frantziako Iraultzatik honat, erabili estrategia eta tresna bortitzen bidez, Euskal Herriak eta euskarak izan duten gibelapenean Estatuak ardura historikoa duela berresten du EHBaik.

Nazio aniztasuna aitortu

Bilakaera mingarri honen gainetik, Euskal Herriak eta euskarak bizirik segitzen dute. Garaiak eta jendartea aldatu egin dira, ez haatik, gure identitatea atxikitzeko eta burujabe izateko borondatea.

Frantziako Estatuak pairatzen duen krisi politiko, instituzional eta sozialaren testuinguruan, momentu garrantzitsu batean aurkitzen gara. Estaturik gabeko nazioen eta aitortu gabeko hizkuntzen estatusak aktualitateko eztabaida izaten segitzen du eta aukera berriak idekitzen ari dira. Ondorioz, uztailaren 14 honetan, EHBaik etorkizunari begira jarri eta honakoa adierazten du:

  • Frantziako Estatuan paradigma aldaketa bat ezinbestekoa da. Frantziako Estatuak zaharkiturik den ikuspegi jakobinoa alboratu behar du eta nazio eta hizkuntza aniztasuna aitortuko dituen antolaketa berria bultzatu, menpekotasun harremana bazterrean utziz.
  • Ipar Euskal Herriak burujabetza maila handiagoa behar du, Autonomia estatus bat, gaurkotasun osoa duena Europan. Korsikan bezala, estatus politikoaren aldaketa prozesu baten bidez idekitzea beharrezkoa da, zeina euskal herritarren erabakitzeko eskubidean oinarritu behar den.
  • Estatus berri honek botere gehiago ukaitea permitituko du, herritarren behar sozialetara egokituak diren zerbitzu publikoak plantan ezartzeko; aldaketa klimatikoari baliabide propioekin erantzuteko; eredu sozial eta ekonomiko berria eraikitzeko, etxebizitzaren arazoari lurraldetik aterabideak emateko, hizkuntza politika propioa garatzeko…
  • Euskararentzat aitortza ofiziala aldarrikatzen dugu. Frantziako Estatuak euskararen gibelapenean eta geroan duen arduratik, euskarari estatus ofiziala aitortu behar dio eta Frantziako konstituzioaren 2. artikulua aldatu.
  • EHBaik Frantziako Estatuari eta alderdi politikoei dei bat luzatzen die zentralismoarekin bukatu eta Euskal Herria eta gainerateko nazio zein hizkuntzak aitortuko dituen Estatu eredu baten alde egin dezaten.

Euskal Herriaren aldeko ekimena azkartu

Horregatik, uztailaren 14 honetan, EHBaik “Euskal Herria · País Basco · Pays Basque” bide seinale bat ezarri du Landak eta Euskal Herriaren arteko bidean. Justuki, Euskal Herria eta bere lurraldetasuna aldarrikatu nahi izan ditugu eta baita, euskararen ofizialtasuna eta okzitanieraren aitortza ere.

Aldarrikapen horiek gero eta sustengu zabalagoa jasotzen dute euskal herritarren aldetik eta erakundeei dei egiten diegu, Euskal Herria izendatzen duten bide seinale berriak ezar ditzaten Euskal Herriaren sartze guzietan. Gisa berean, EHBaik euskal herritarrei dei egiten die Euskal Herriaren aldeko engaiamendua ekintza konkretuen bidez azkartzera.

2027ko Urtarrilaren 30a: EHBairen II. Kongresua

 

Gero eta gehiago – Construisons demain

Prentsaurreko honen bidez, EHBaik bere II. Kongresua aurkezten du gaur jendaurrera. Eztabaida prozesua 2026ko urrian hasiko da eta 2027ko urtarrilaren 30ean bururatuko da Baionako Elkarteen Etxean. 

2022an lehen Kongresua egin zenetik hona, panorama politikoak bilakaera garrantzitsua ezagutu du. Mundu mailako egoeran ezegonkortasuna nabarmen handitu da, bereziki Ameriketako Estatu Batuen gainbehera eta potentzia handien arteko lehian gaudelako. Inperialismoa, gerlak, genozidioak eta eskuin muturraren emendatze egoeran, agenda erreakzionarioa inposatu eta nazioarteko zuzenbidea bera hankaz gora ezarri dute.

Zerbitzu publikoen eta ongizate sistemen deuseztapena, prezioen eta prekarietatearen emendatzea eta giza eskubideak zein demokrazia bera auzitan ezarriak dira. Baliabideen arpilatze eta kontsumoak krisi klimatikoa larriagotzen dute. Haatik, trantsizio ekologikoaren aldeko agenda ahultzeko edo baztertzeko joera indartzen ari da.

Frantziako Estatuak krisi politiko, sozial eta instituzional sakona bizi du: V. Errepublikaren eredu zentralistaren agorpena gero eta ageriagoa da eta azken asteetan Korsikaren autonomiaren eztabaidarekin ikusi dugunez, deszentralizazioaren eta herrien autonomia handiagoaren aldeko eztabaidak indartzen ari dira. Aldiz, politika neoliberalek eta autoritarismoaren gorakadak herritarren bizi baldintzak okertu eta ezinegon soziala handitu dute, instituzioekiko mesfidantza eta eskuin muturraren indartzea elikatuz.

Euskal Herriak ere tendentzia globalen eragina jasaten duen arren, mobilizatzeko eta erronkei erantzun kolektiboak emateko gaitasuna erakusten jarraitzen du. Ezkerreko abertzaleen lau urteko aitzinamenduek eta estatus politikoaren inguruko eztabaidaren zabaltzeak dinamika berri bat sortu dute. Ipar Euskal Herrian, instituzionalizazio prozesua aitzinatzen ari da baina garaiko erronkei aurre egiteko botere gehiago behar da eta estatus politikoaren inguruko eztabaidaren berpizteak aukera berriak ireki behar ditu.

Indar harreman aldaketa bat gertatzen ari da gure lurraldean, non ezkerreko abertzaleen eragina eta ideien hedapena azkartu den. Honek, Estatuko zenbait egituren Euskal Herriarekiko oldarkortasuna eta abertzaletasunaren kontrako jarrera agerrarazi du azken denboran.

Gero eta gehiago, lurralde proiektuaren alde mobilizatu

Ondorioz, ondoko urteetan testuinguru global, sozial eta politiko konplexu baten aitzinean izanen garela aurreikusten dugu. Are gehiago, bai Frantziako Estatuan bai Espainiakoan, heldu den urtetik goiti eskuin muturra boterera iristeko arriskua oso presente izan behar dugu.

Oldarraldi eta oztopo guzien gainetik, gero eta gehiago, Euskal Herriaren izaera eta ahots propioa indartuz, herri proiektu demokratiko baten alde ahalik eta indar gehien metatu eta mobilizatzeko deia luzatzen dugu.

Perspektiba horrekin heldu da EHBairen II. Kongresua. Azken lau urteetan, ezkertiar eta abertzaleen aitzinamendua biziki garrantzitsua izan da. Ibilbide honetan, bi mugarri azpimarratu nahi ditugu: 2024ko frantses hauteskunde legegileen ondotik, Peio Dufaurekin lehen aldiz EHBaiko diputatu abertzale bat dugu Parisen; bestetik, 2026ko herriko bozetan abertzaleek sustatu eta parte hartzen duten zerrenden emaitzen segidan, Alain Iriart EHBaiko kidea hautatua izan zen Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari gisa.

Bi urrats historiko hauek ezkerreko mugimendu abertzaleak eta herri sektore ezberdinek egindako lanaren emaitza dira. Finean, gure lurraldearentzat eta herritarrentzat hurbileko proiektu baten eskaintza dago arrakasta elektoral hauen gibelean. Eta baita, herritarrekin eta jendarteko eragile ezberdinekin batera egindako lan partekatua ere.

Horrek izaten segituko du EHBairen iparrorratzak: herriko ahalik eta sektore gehienekin, herria eraiki, mobilizatzea eta proposamenak egitea Ipar Euskal Herriak burujabetza gehiago ukan dezan eta justizia sozialean oinarritzen den jendarte baterantz gehiago aitzinatu gaitezen.

II. Kongresua: komunitatea zabaldu eta arraberritu

Hori dela eta hautatu dugu II. Kongresu honen lema: “Gero eta gehiago, construisons demain”.

Lema honek ideia nagusi bat biltzen du: garai hauetako erronkei gaurdanik erantzun egokiak emanez eraikiko da etorkizuna. Horretarako, lurralde honentzat proiektu sendo bat behar da. Proiektu hori Ipar Euskal Herriko jendartean sustraitua den gaitasun ikaragarriari esker eraikiko den heinean, gero eta gehiago izan behar gara bide horretara antolatuko garen herritarrak.

Bere ibilbidean egin duen bezalaxe, mugimendu abertzalea berritze iraunkor batean da eta EHBairen Kongresua aukera paregabea izanen da komunitate aberats hori aktibatzeko, zabaltzeko eta proiektua arraberritzeko. Hala, EHBairen ateak irekiak dira ezkerreko proiektu abertzale, ekologista eta feministarekin identifikatzen eta interesatzen diren herritar guzientzat.

Ondorioz, Kongresu prozesua EHBaiko kideei ez ezik, egun kide ez diren herritarrei eta jendarteko sektoreei irekia izanen da. Eztabaidetan parte hartzeko, udazkenean tokian tokiko biltzar irekiak antolatuko dira eskualde guzietan eta Kongresuan kidetzeko aukera izanen da 2027ko urtarrilaren 30ean Baionan izan nahi dutenentzat.

Kongresu honetan emazteen eta gazteen parte hartzeari eta ekarpenari garrantzia berezia eskainiko diogu. Bi topaketa eginen ditugu urte bukaeran, bata, gure plan feministaren baitan, bizi sozial zein politikoan emazteen parte hartzea emendatzeko; eta bestea, gazteriari EHBairen baitan eta mugimendu abertzalean parte hartzeko espazio propio bat eskaintzeko.

Politika egiteko molde zaharren garaiak bukatu dira. Politikaz eta gure herriaren etorkizunaz komunitatean eztabaidatzeko, erabakitzeko eta antolatzeko momentua da. Horretarako plaza izanen da EHBairen II. Kongresua.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.