Badira kantuak gure baitan halako ximikoak pizten dituztenak. Horietako bat da Xabier Leteren Izarren hautsa, gure existentziaren zentzua eta mundu honetan dugun lekua aztertzen dituen obra indartsua.
Aurten, musikaz helarazi nahi dizkizuet nire desiroak, kantu eder honek inspiratuta. Gogorarazten digu, garai zailenetan ere, pausoz pauso aintzina eginez gauza handiak lor daitezkeela.
2025ean elkarrekin egindako bideari begira, dinamika kolektibo honetan segitzea opa digut, energia, elkartasun eta engaiamendu berarekin. ✨
Joan den abenduaren 11n iragan den Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusiaren ondotik, EHBaik bere irakurketa politikoaren berri eman nahi du. Biltzar Nagusi horren emaitzak gauza anitz agerian eman ditu.
Hasteko eta behin, finantzamenduan erabakia izan den diru zama ez da inondik inora euskararen biziberritze prozesuak behar duena. Oroitarazi nahi dugu, 2023an EEP berak azterketa bat egin zuela hizkuntza politikan zeuden beharrak ikusteko. Egungoa baino 2,6 milioi euro gehiagoren beharra ondorioztatu zen, hots EEPko partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago ematea. Ondorioz, biltzar nagusi horretan erabaki den emendatzearekin (400.000 euro, Elkargoak emanen dituen 200.000 euro gehigarriekin) argi gelditu da euskarak behar dituen baliabideetatik oso azpitik garela eta honek, gure hizkuntzaren egoera larriagotu baizik ez duela egiten ahal.
EHBaik Frantziako Estatuaren eta bere ordezkari den Pirinio Atlantikoetako prefetaren erantzukizuna lehen lerroan ezarri nahi du bereziki, paper oztopatzaile nagusia jokatu baitu porrot gisa kontsideratzen dugun prozesu honetan. Are gehiago, prefetak euskararen kontrako jarrera erasokorra erakutsi du eta baita lurralde honetan euskara biziberritzeko dagoen borondatearekiko mespretxua ere. Bere posizio hertsia atxikiz, EEP bera hiltzeko arriskua mahai gainean izan da.
Egun, euskararentzat politika publikoak plantan ezartzeko Ipar Euskal Herri mailako egitura bakarra izanik, Euskal Hirigune Elkargoak arduraz jokatu duela kontsideratzen dugu. Oroitu behar da, bi urteko prozesu honetan, hizkuntza politikak behar dituen baliabideen emendatzearen alde hastapenetik agertu den kolektibitate bakarra izan dela. Oztopoz beteriko bide honetan, prefetaren helburua Elkargoa bakartzea izan da. Zentzu horretan, gainerako partaideen engaiamendu eza ere deitoratzen dugu.
Frantziako Estatuaren ardura euskararen larrialdi egoeran
Behin baino gehiagotan argitara atera den gisan, euskararen biziraupena Ipar Euskal Herrian arriskuan dela ondorioztatua du UNESCOk berak, euskal hiztunen %30 oso azpitik garelako (%20).
Frantziako Estatuak Euskal Herrian izan den hizkuntza ordezkapen prozesuan eta egungo egoeran ardura historikoa du. Euskarak izan duen atzerakada ez baita prozesu natural bat izan. Frantziar instituzioek plantan ezarritako politika publiko metodikoen ondorioz bizi du euskarak egungo larrialdia. Ez da guk errana: eskolan erabilera debekatzea, umiliazioak, zigorrak, administrazioan sartzeko oztopoak, transmisio espazioen suntsiketa, mespretxu instituzionalak… sobera dokumentatuak dira adituen lan anitzetan.
Egun, Frantziako Estatua da bere konstituzioaren arabera ko-ofizialtasun oro debekatzen duen Europar mendebaldeko estatu bakarra. Frantziako instituzioek hizkuntzaren auzia hierarkia hertsi batean oinarritzen dute beti, zeinaren arabera frantsesak ekintza publikoaren legezko hizkuntza bakarra izaten segitzen duen.
Anartean, euskal herritarren %72 euskararen ko-ofizialtasunaren alde agertzen da. Beraz, ukazioa bikoitza da: euskarak behar duen ezagupen ofizial eta juridikoaren ukazioa eta euskal herritarren gehiengoaren nahiari mespretxuz erantzuteari loturikoa.
Frantziako Estatuak hizkuntza ordezkapen prozesuan eta euskararen atzerakadan izan duen ardura historikoa aitortu beharko luke eta abiapuntu horretatik, egungo egoera errotik aldatuko lukeen erreparazio politika plantan ezarri.
Hizkuntza politika eta bilakaera instituzionala
2050ean euskal hiztunen %30era iristeko helburua finkatu du EEPk eta bere horretan begi onez ikusten dugu, baina denen bistakoa da helburuak eta indarrean den hizkuntza politika ez datozela bat inondik inora. Ondoko 25 urteetan, besteak beste 40.000 hiztun berri gehiago behar badira, anbiziozko hizkuntza politika ausarta ezinbestekoa da.
Ildo horretan, euskararen biziberritzea aurrekontu hutsera mugatu nahi izateak, helburu horretatik urruntzen gaitu. Auzia egiturazkoa da, politikoa zein juridikoa, eta hizkuntza politika eraginkorra izan dadin neurri azkarrak behar dira, horien artean:
Euskararen ezagupen ofiziala eta babes juridikoa.
Euskararen ezagutzarako transmisio estrategia sendo bat, non, murgiltze ereduaren orokortzea eta helduen euskalduntzerako egiazko jauzia ardatz izanen diren.
Irakaskuntzan, administrazioan eta espazio publikoan euskararen presentzia eta erabilera normalizaturanzko urratsak.
Honek guziak, luzerako hizkuntza plangintza eta finantzamendua segurtatzea galdegiten du.
EHBairen iritziz, EEPren eskema agortua da. Izan ere, tresna hori Frantziako Estatuaren interes eta neurrira eraikia izanik, hizkuntza politikaren azken hitza eta erabakia bere esku da beti. Azken bi urteetan eta abenduaren 11ko biltzar nagusian ikusi ahal izan duguna ezin argiagoa da. Ipar Euskal Herriko jendarteak eta instituzioek euskararen aldeko jauzi bat egiteko nahia dute baina Estatua da nahi hori blokeatzen ari dena.
Hori dela eta, hizkuntza politikaren konpetentzia eta antolaketa berria Ipar Euskal Herriaren esku izatea aldarrikatzen dugu. Logikoa da gure hizkuntzaren etorkizunaz lurraldean erabakitzea. Horregatik, euskararen biziberritze prozesuan aitzinatu nahi badugu, Ipar Euskal Herriak botere gehiago behar du ezinbestean. Bilakaera instituzionalaren prozesu hori ezin da luzatu eta hizkuntza politikaren antolaketa berriari buruzko eztabaida gaurdanik abiatzeko premia mahai gaineratzen dugu, ahalik eta manera zabalenean eta adostuenean egin ahal izateko.
Euskarak behar dituen aldaketak bultzatzeko, EHBaik Ipar Euskal Herriko eragileen, hautetsien eta herritarren mobilizazioaren garrantzia azpimarratzen du. Eta bide horretan, ondoko martxoaren 15 eta 22an iraganen diren herriko bozei eta Euskal Hirigune Elkargoaren mandatu berriari begira, euskararen eta hizkuntza politikaren gaia erdigunean kokatzea baitezpadakoa dela adierazten dugu.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an Bilbao Arenan eginen duen “Euskaraz bizitzeko pizkundea” ekitaldian parte hartzera deitzen ditugu herritarrak. Euskararen biziberritze prozesuak behar duen jauzia Euskal Herri osoan gauzatu behar dugulako.
Ezjakintasunak markatzen du sartze politikoa. Lehenik Michel Barnier eta gero François Bayrou Matignonen izendatu ondoren, Emmanuel Macronek 2024ko uztaileko hauteskunde legegileen hirugarren itzulia berriz jokatuko du, Bayrouren gobernua irailaren 8an erortzen bada. Gehiegi irauten ari den blokeo eta krisi politiko zein demokratiko egoera honen aurrean, EHBaik eragile politiko guztien ardura eskatzen du, behingoz aterabide bideragarri bat aurkitu dadin.
Astelehenean, irailaren 8an, Frantziako Asanblea Nazionalaren konfiantzazko bozkari aurre eginen dio François Bayrouk. EHBaiko Peio Dufau diputatuak lehen ministroak eskatutako konfiantzaren aurka bozkatuko du, kontzientzia osoz. Izan ere, François Bayrou izendatu zutenetik, EHBaik gogor salatu du bere austeritate politika, klase herrikoi eta ertainak eta kolektibitateak kolpatzen dituena. Onartezina da aberats eta enpresa handiei ekarpena eskatzeari uko egiten segitzea. Anartean, babes sozialean eta zerbitzu publikoetan sekulako murrizketak iragartzen diren bitartean, onartezina egiten zaigu gerletarako eta armatzerako Gobernua emendatzen ari den diru zama izugarria. Honek erakusten du dirua badela, baina afera da diru hori zertan ari den erabiltzen.
Gobernua proposatzen ari den neurriak berriz ere herritarrak kaltetuko ditu. Ipar Euskal Herriari dagokionez, gainera, murrizketa hauek eragin zuzena izanen dute tokiko kolektibitateen bizian, euskararen arloan edota euskal kulturan. Hori Ipar Euskal Herriko biztanleen borondatearen kontra doa: R&PSentzat IFOPek egindako “Radioscopie du régionalisme en 2025” inkestaren arabera, biztanleen %82 euskararen koofizialtasunaren alde daude, eta %62 Ipar Euskal Herriaren estatus bereziko kolektibitate bat sortzearen alde.
Herritarren ahotsa mespretxatzeak ondorioak ditu. “Dena blokeatu dezagun” mugimendua eta datorren irailaren 10 eta 18rako deituak diren mobilizazioak horren adierazle dira. Hauteskundeetara deitzeak eta gero haien emaitzak ukatzeak, edota sindikatu eta manifestazio jendetsuak kontutan ez hartzeak, benetan zilegia den haserrea eragiten du: herritar eta lurraldeen interesak dira aurrekontuaren lanketa gidatu behar dutenak, denen ongizatea bermatzeko eta tokiko kolektibitateei botere eta baliabide ekonomiko gehiago emateko.
Peio Dufau eta bere taldeak zentzu horretan lan eginen du Finantza Lege Proiektuaren sekuentzia osoan, besteak beste, osasuna, euskara eta zerbitzu publikoak lehenetsiz, oso egoera kritikoan daudenak gaur egun Ipar Euskal Herrian. Gisa berean, EHBaik irailaren 10ean eta 18an deituak diren mobilizazioak sostengatzen ditu, eta Euskal Herrian antolatzen segitzeko deia egiten du, haserrea azkenean entzuna izan dadin eta aitzinatzeko aukera eman dezan, adimen onez, interes orokorraren alde.
Urtebete iragan da jadanik, kolorez, alaitasunez eta esperantzaz betetako kanpainaren ondotik.
Zalantza politiko, tentsio sozial, instituzional eta erronka ekologikoak markatutako, gehiengo argirik gabeko testuinguru batean, gure lurraldeaarduraz eta engainamenduz ordezkatzeari ekin diot. Fite ikasi behar izan dut, erabakiak zentzuz hartzeko, baita agintaldiaren konplexutasunari neurria hatzeko ere. Kargu dorpea eta zenbaitetan akigarria izanik ere, argi dut beharrezkoa dela.
Lantaldearen laguntzaz, hautetsi, elkarte eta tokiko eragileekin elkarlanean, karraskan ari gira. Abertzaletasunaren ildotik, nortasunari eutsi eta modu kolektiboan jokatzen dugu.
Kanpainako dinamikaren bidetik, frogatzen dugu, bai permanentzia ibiltari, bai tokiko eragileekin antolatu trukaketei esker, indarrak batuz gero, ezer ez dela ezinezkoa. Laborantza, garraioa, etxebizitza, osasuna edo euskara xede dituzten ekintzek gauzatzen dute lurraldeari errotzen zaion mandatuak egoera iraul dezakeela.
Euskal Herritarren boza Parisera eramaten dugu – zenbaitetan euskaraz- baita beste lurraldeetako arazoei oihartzuna egiten ere, horietako batzuk, guk bezala, botere zentralizatuaren tratu txarrak sufritzen baitituzte. Elkartruke eta aliantza horietatik sortu bide dira zinezko alternatibak; elkartasun horiek dira mundu zaharkituaren kontrako tresna baliagarrienak.
Urte baten buruan, bide beretik segitzen dugu lanean: Etorkizuna sortuko duen Euskal Herri bizi eta solidarioaren alde.
Seaskak euskararen aldeko hizkuntza politikan oinarrizkoa den partaideak, 2025eko sartzerako goitatutako ikasle kopuruei erantzuteko, beharrezkoak dituen postuak ez ditu lortu.
Erantzun hori, joan den apirilean EEPk eta parlamentarioek, Hezkuntza Nazionaleko Ministroaren kabinetearekin izan zituen solasaldiekin kontraesanean jartzen da.
Horretarako, Pirinio Atlantikoetako 6 parlamentarioak, mobilizatzen ari dira gobernuari, postu berrien sorrera galdetzeko eta postu dotazioaren berrikusteko, orain postura boluntarista bat eskatuz.
Gu, diputatu eta senatariok, Grand Projet Sud Ouest (GPSO) proiektua salatzeko batu gara, ekonomia, gizarte eta ingurumen ikuspuntutik guztiz alferrikakoa eta suntsitzailea iruditzen zaigulako. Sinbolikoki Euskal Herritik mintzo gara, GPSO-arekiko oposizio adierazi duen lurraldetik, eta gainera diputatuok unanimoki proiektuaren aurka azaldu gara.
Proiektuaren aurkako koalizio parlamentarioa handitzen doa egunez egun : eta ez dugu amore emango !
Baliabide gutxiko testuinguru ekonomiko honetan, Abiadurako Handiko Trena-ren (AHT) proiektuan 14,4 bilioi euro inbertitzea, ulergaitza eta arduragabekeria iruditzen zaigu kontutan izanda lehendik dauden bideak egokitzen badira antzeko emaitzak lortzen direla eta 8 bilioi aurreztu daitezkela.
Ingurumenari dagokionez, AHT-ren bide berria eraikitzeko, ia 5000 hektarea ingurumen suntsituko dira, bestelak beste, 2.000 hektarea baso eta 30 milioi tona CO2 emisio isuriko dira.
Proiektu hau gizarte-zentzugabekeri hutsa da, AHT-ren zerga berriak biztanleei finantza-karga bat gehiago imposatuko die eta zuzeneko onurak ekarri beharrean, tokiko etxebizitzen arazoa areagotu du. Gauzak horrela, biztanleek zigor bikoitza jasango dute: baliagarria ez zaien proiektu bat finantzatuko dute eta prezioen igoera bati aurre egin beharko diete.
Errealite honek oposizio handia sortzen du herritarrengan, ingurumenaren aldeko elkarteek eta tokiko hautetsiek, GPSO proiektua injustutzat jotzen dute eta, eskaintza eta kalitatea hobetzeko behar nabarmena erakusten dute.
Gure mezua garbia da: Premiazkoa da bertan behera uztea beharrezkoa ez den proiektua hau.
Lurraldeko biztanleen mugikortasun egoera hobetzeko beste aterabide batzuk existitzen dira: Lehenik, existitzen den azpiegitura gaurkotu behar da, trenbideetako abiadura handitu ahal izateko. Zirkulazioa arindu eta trenbidearen ahalmena optimizatuko duten irtenbide teknikoak lortu behar dira. Biztanleentzat lehentasuna izaten segitzen duten eguneroko mugikortasun moduetan inbertitu behar da. Gaueko trenen eskaintza hedatu behar da. Gaur egun existitzen ez diren mugaz gaindiko konexioak erraztu behar dira.
Transpartidista moduan ari gara lanean garraiobideen proiektu berriak sortzen, erronkei aurre egiten, eta jende gehiago elkartzen!
Colette Capdevielle, Pirinio Atlantikoetako diputatua (Socialistes et apparentés) Lionel Causse, Landetako diputatua (Ensemble pour la République) Mireille Conte-Jaubert, Girondako senataria (Rassemblement démocratique et social européen) Monique de Marco, Girondako senataria (Les écologistes) Peio Dufau, Pirinio Atlantikoetako diputatua (EH Bai, Socialistes et apparentés taldeko kidea) Iñaki Echaniz, Pirinio Atlantikoetako diputatua (Socialistes et apparentés) Frédérique Espagnac, Pirinio Atlantikoetako senataria (Socialiste, Écologiste et Républicain) Mathilde Feld, Girondako diputatua (LFI) Hervé Gillé, Girondako senataria (Socialiste, Écologiste et Républicain) Laurence Harribey, Girondako senataria (Socialiste, Écologiste et Républicain) Florence Lassarade, Girondako senataria (Les Républicains) Sophie Mette, Girondako diputatua (Les Démocrates) Loïc Prud’homme, Girondako diputatua (LFI) Nicolas Thierry, Girondako diputatua (Écologiste et social)
Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à
nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.
EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.