Maiatzak 1: Justizia sozialaren alde, Euskal Herrian posible da!

 

Maiatzaren 1 honetan, langileen nazioarteko egunean, EHBaik berresten du beharrezkoa dela langileen eskubideak, babes soziala eta zerbitzu publikoak zaindu eta indartzea. Are gehiago, azken hauek gero eta mehatxatuago diren honetan.

Nazioarteko testuingurua elkar elikatu eta larriagotzen diren krisi metaketa batek markatzen du: krisi politiko eta sozial handiak, larrialdi klimatikoa, gerlak, genozidioak, erregimen autoritarioen zein eskuin muturraren emendatzea eta eskubide sozialen aurkako etengabeko erasoak. Nonahi, jendartearen gero eta masa zabalago bat da gutxiengo pribilegiatu baten zerbitzura dauden politikak pairatzen ari dena.

Ipar Euskal Herrian zein beste lekuetan, hautu horiek ondorio larriak izan dituzte jada. Duela zenbait urtetik hona, herritarrak austeritatea, lanaren prekarizazioa, elkartasunen ahultzea eta zerbitzu publikoen desegitea jasan beharrean dira.

Egoera kudeatzeko, botere gehiago Ipar Euskal Herriarentzat

Testuinguru honetan, EHBaik azpimarratzen du beharrezkoa dela tokiko demokrazia indartzea eta Euskal Herrian zinezko eraldaketa soziala abian jartzea, lurralde-proiektu anbiziotsu bat eraikitzeko eta justizia soziala lortzeko.

Alta, egun Ipar Euskal Herriak ez du aski konpetentziarik kalitatezko zerbitzu publikoak zein babes sozialerako politikak plantan ezartzeko edota negoziazio kolektiborako koadro propio bat eraikitzeko. Erabaki nagusiak Ipar Euskal Herritik kanpo hartzen dira, Pauen, Parisen edota Bruselan.

Beraz, arrazoi anitz bada arlo sozial, laboral eta ekonomikoan Ipar Euskal Herriak botere gehiago izateko eta estatus politikoaren aldaketa sustatzeko. Maiatzaren 1 honetan, EHBaik negoziazio kolektiboak lurraldean egin daitezen aldarrikatzen du, langile guzientzat —publikoko zein pribatukoentzat— egiazko aitzinamendu sozial eta demokratikoak izan daitezen. Horregatik, bilakaera instituzionalaren eztabaidan lurraldeko eragile sozial, ekonomiko eta sindikatuen parte hartzea baitezpadakoa da.

Aberastasuna banatu eta zerbitzu publikoak azkartu

Lurraldeak, inposatzen zaizkion austeritate politikak baztertu behar ditu, zerbitzu publikoak desegiten eta lanpostuak suntsitzen dituztelako. Hautu politiko horiek gure lurraldea ahuldu eta desberdintasunak emendatzen dituzte. Guk, aldiz, zerbitzu publiko azkar baten alde egiten dugu, eraldaketa sozial sakon baten zutabea delako, jendarte justuago eta berdinzaleago bat eraikitzeko, eta ekonomia guzion zerbitzura jartzeko.

EHBaik, justizia soziala erabaki politikoen erdigunean jartzeko unea dela adierazten du. Aberastasunaren banaketa birplanteatu behar da, produktibitatearen irabaziek langileei mesede egiteko eta ez gutxiengo batek bereganatzeko: gutxieneko soldata 1.600 euro garbira igotzea; emazteen eta gizonen arteko lan sari berdintasuna bermatzea eta diru-sartzeen arteko aldeak murriztea; lan-denboraren murrizketa: ongizate handiagoa, estres apalagoa, bizi-oreka hobea eta enplegua eta etxeko lanen banaketa bidezkoagoa lortzeko; erretreta-sistema duin bat bermatzea, biztanleriaren zati handi baten bizi-kalitatea baldintzatzen baitu. EHBaik Emmanuel Macronek 2023an indarrez ezarri zuen erreforma horren indargabetzearen alde borrokan jarraituko du, erretreta 60 urtetan ezartzeko.

Bidegurutze historiko batean gaude, non gure hautuak erabakigarriak izanen diren. Aberastasunaren banaketa bidezkoago baten alde borrokatzen ez badugu, pobreziak eta prekaritateak hedatzen jarraituko dute. Ekoizpen eta kontsumo neurrigabean oinarrituriko eredu ekonomiko suntsitzailearekin hausten ez badugu, gure jendartearen hondoratze ekonomiko eta ekologikoa ezagutuko dugu. Demokrazia ahultzen uzten badugu, autoritarismoa nagusituko da.

Arrisku horien aitzinean, ekitea, indarrak biltzea eta mobilizatzea ezinbestekoa da. Gure etorkizuna gure esku hartzeko eta alternatiba zehatzak eraikitzeko ardura kolektiboa dugulako.

Euskal Herrian bai, posible da!

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.