Historikoa: Alain Iriart, Euskal Hirigune Elkargoaren lehen lehendakari ezkertiar eta abertzalea

 

Lehenik eta behin, EHBaik goresmenak helarazi nahi dizkio Alain Iriarti, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berriari. Gertakari historikoa da, lehen aldiz, ezkerreko abertzale bat Ipar Euskal Herri mailako instituzio nagusiaren buru baita. Urrats honek ezkerreko abertzaletasunaren sendotzea eta mugimendu abertzaleak urteetan zehar arlo ezberdinetan egindako lan sakona baieztatzen ditu.

Apirilaren 11ko emaitzak aldaketaren beharra erakutsi du. Herriko bozen ondotik sortu indar harremanak garrantzia izan du, besteak beste, hautetsi abertzale gehiago daudelako Euskal Hirigune Elkargoan. Hala ere, beste aldagai batzuk erabakigarriak izan dira. Besteak beste, azken urteetan lurraldean oreka handiagoaren beharra nabarmendu izan da eta horren alde obratzeko beharra agerian gelditu da bozketan.

Ezkerreko lehendakari abertzale bat izendatzeak fase berri bat irudikatzen duela uste du EHBaik. Normaltasun hori azken urteetan izan diren aldaketen seinalea da. Edonola ere, urrats hori egin duten hautetsien idekidura azpimarratu nahi genuke.

Azken egunetan sortu eztabaiden harira, EHBaik argitu nahi du EAJ-PNB alderdiarekin ez duela akordiorik. Alta, Euskal Herriko eragile politiko garrantzitsua den heinean, bi aldeen arteko harremanak normalizatzearen beharra adierazi nahi dugu.

Bestetik, Jean-René Etchegaray-rekin urte hauetan izandako elkarlana – bereziki Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazio prozesuan, bake prozesuan eta laborantza herrikoiaren alde – azpimarratu nahi dugu. Garrantzitsua iduritzen zaigu ikuspegi horrekin jarraitzea.

Halaber, pozgarria izan da lehen itzulian aurkeztu den eskuin muturreko hautagaiak boz bakarra baizik ez lortu izana. Emaitza horrek balio politiko handia du eta mezu argi bat igortzen dio eskuin muturrari.

Ipar Euskal Herria aitzinarazteko beharra

Mandatu berria abiatzen ari den honetan, anbizioz eta arduraz jokatzearen beharra azpimarratu nahi genuke. Mundu mailako testuingurua konplexua da eta Frantziako Estatua krisi politiko, sozial eta instituzional sakon batean murgildua da. Honek guziak ondorioak izanen ditu Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoa edota hazkunde demografikoa ere desafio handien artean kokatzen dira. EHBaik arriskuak aukera bilakatu behar direla azpimarratu nahi du.

Azken urteetan, Ipar Euskal Herriak anbizioa eta bere burua gobernatzeko gaitasuna erakutsi ditu. Bide hori adostasunean eraiki da, instituzioen eta jendarte zibilaren arteko sinergiei esker. Gure ustez, elkarlana eta adostasunak eraikitzen jarraitzea ezinbestekoa izanen da erronka berriei aurre egiteko. Bide hori izan da azken urteetan aitzinarazi gaituena eta mandatu honetan ere, garrantzitsua izanen da sentsibilitate ezberdinen artean lurraldearentzat estrategikoak diren gaietan aitzinatzea.

EHBairentzat, lehentasunezkoa da instituzionalizazio prozesuan urrats berri bat egitea eta politika publiko ausartak garatzea. Zentzu horretan, ezkerreko hautetsi abertzaleek mandatu osoan zehar lurraldearen alde obratuko dute. EHBaik berresten du Ipar Euskal Herrian lurralde proiektu sendo bat aitzinarazteko arduraz eta jarrera eraikitzailearekin arituko dela.

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.