Vivre et se loger au Pays, espekulaziorik ez !

Heldu den azaroaren 20ean, Ipar Euskal Herriko elkarte, mugimendu, sindikatu erakunde desberdinek deiturik, etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio jendetsu bat antolatuko da Baionako karriketan zehar arratsaldeko 15.00etan.
Etxebizitzaren problematika EHBaik eta orohar mugimendu abertzaleak aspalditik lantzen duen gaia da. Hori dela eta, gu ere manifestazio horren bultzatzaile eta antolatzaile gira.

Azken hamarkadetan, etxebizitzaren problematika azkarki gogortu da eta horrek ondorio zuzenak ditu ipar Euskal Herriko jendartearengan. Gure iduriko, problematika horiei aurre egiteko aterabideak existitzen dira eta kolektiboki gogoetatu behar dugu horretan, karrikan eta instituzioetan.

Bakoitzak, bere esparru edo sektoretik lanean segitzea beharrezkoa da baina mobilizazio kolektiboek ere badute garrantzia handia. Etxebizitza problematika, ez da gutxi batzuen arazoa, jendarte oso baten arazoa da eta hamaika arrazoi ditugu aterabideak lehen bai lehen atzemateko.

Azaroaren 20ean, data esanguratsu bat bilakatu behar da eta horretarako, ezinbestekoa da ahalik eta jende gehien batu gaitezen. Zuk, haiek, zuek, gu denak, etxebizitza duin bat lortzeko aldarriaren hurrengo hitzordua dugu hemendik bi hilabetetara.

Informazio gehiagorentzat, segi itzazue manifestazio honen karietara sortu diren facebook, twitter eta instagram loturak.

Hemen klik eginez, manifestazioaren deialdia zein lehen 100 deitzaileen zerrenda atzemanen duzue.

EHBaik, 48 hautagai aurkezten ditu hauteskunde departamentaletako

EHBai, ipar Euskal Herriko 12 kantonamenduetan aurkeztuko da heldu den ekainaren 20 eta 27an iraganen diren hauteskunde departamentaletan

 

Hauteskunde departamentalak, martxoan iragaitekoak ziren baina ekainera gibelatuak izan dira. Hauteskunde hauek, jada urte bat irauten duen krisi sanitarioaren erdian iraganen dira.

Osasun krisi honetatik ahalik eta fiteen aterako garela espero dugun bitartean, gogorki aurre egin behar diogu larrialdi sozial, klimatiko eta ekologikoari.

Mundu osoan zehar pairatzen ari garen krisi honek, inegalitateak areagotzen ditu. Transizio ekologikoaren beharra bigarren plano batean utzi du, bizi normal batera itzultzeko beharra urrun utziz. Borroka politiko garrantzitsuak ditugu gure aitzinean. Borroka horiek herri mobilizazio zein instituzio mailan eraman beharko ditugu.

Krisia kudeatzeko eta ekonomia sustatzeko erabilitako miliarrak, austeritate politiken areagotzea bultzatuko dute gobernuaren partetik. Sozialki ahulenak direnak izanen dira politika horien ondorioak pairatuko dituzten lehenak. Alta, Departamenduaren eskumen garrantzitsuenetarikoak dira politika soziala eta elkartasuna. Hori dela eta, behar gehien duten pertsonak laguntzeko ardura handia izanen da. Era berean, trantsizio ekologikorako herritarren konbentzioaren proposamenei dagokienez Estatuak duen hoztasuna ikusita, lurralde-kolektibitateak, Departamentua bezala, azkarrak eta ausartak izan beharko dute. Erronkak horiek izanen direla jabeturik aurkezten gira hauteskunde horietara.

Bestalde, Abertzale gisa, ipar Euskal Herri mailako ezagupen instituzional baten alde borrokatu gira luzaz. Euskal Elkargoa, 2017az geroztik existitzen bada ere, estatus bereziko lurralde kolektibitatearen aldarria berresten dugu.

 

Departamenduaren geroak ez digu kezkatzen baina bai departamendu mailako zerbitzu publikoak
Gure irudiko, Departamendua epe luzera desagertu beharko da, biharko estatu bereziko Lurralde Kolektibitate baterako mesederako. Baina bitartean, Departamendu mailan kokatzen diren politika sozialen segimendua egitea ezinbestekoa zaigu, gure egunerokotasuna baldintzatzen dutelako. Ipar Euskal Herri mailako instituzioak ezagutza maila bat eskeintzeaz gain, erabakiak tokian bertan eta bertakoen errealitatearen araberako hartzera ahalbidetzen du, batez ere, zerbitzu publikoei dagokionez.

Horrek gaitu, besteak beste, bultzatzen hauteskunde horietan parte hartzera. Departamenduaren geroak kezkatzen ez bagaitu ere, bertatik bultzatzen diren zerbitzu publikoak bai. Badugu zer esan eta zer egin, egun Departamenduak bultzatzen dituen politika desberdinen inguruan. Behar handienetan diren pertsonak laguntzea, trantsizio ekologikoa kontuan hartzea, euskararen geroa, adinekoak laguntzeko zerbitzuak, bide-azpiegituren segurtasuna, kolegiko ikasleen bizi-baldintzak eta abar… dira besteak beste, Departamenduak, biztanlegoaren zerbitzura garatu behar dituen arloak.

 

Politika egiteko beste era bat
Jendarteak arlo publikoarekiko duen mespretsua areagotzen doa hauteskunde batetik bestera. EHBaien aburuz, hautetsiek, beren esku diren dosierrak gardentasun osoz tratatu behar lituzke eta jendartea kontutan hartu. Hori da guk defenditzen duguna.

Beren lana serioski eginen dituzten hautetsiak behar dira Departamenduan eta ez ardura gosez diren departamentariak. Kargu metaketak demokrazia ahultzeaz gain, teknokrazia areagotzen du. Alain Iriart-ek, 2017an, Departamenduan zuen kargua utzi zuen Euskal Elkargoko lehendakari ordea izendatua izan baitzen. Ildo horretik, egun aurkezten giren 48 hautagaiak, ez dugu kargurik Euskal Elkargoaren exekutiboan eta ez gira 5000 biztanletik gorako herrietako auzapezak.

Gure militante esperientziak frogatu digu edozein aldaketa politiko edo soziala, jendarte mobilizazioari eta engaiamenduari esker etorri direla eta ez soilik « gainetik ». Hauteskunde horietan aurkezteaz gain, alternatiba desberdinetan dugun engaiamedua berresten dugu.

12 kantoietan EHBai hautagaitzak aurkeztuz, gure proiektu politikoa defendatuko dugu. Alternatiba ezkertiar, abertzale, ekologista eta feminista defenditzera goaz ipar Euskal Herri osoan.

Ekainaren 20 eta 27an, EHBairen bozka papera hautatuz gero, ipar Euskal Herriko jendartearen ahotsa entzuna izateko aukeraren alde bozkatzea izanen da. Justizia sozialaren aldeko mobilizazioen bozeramaile izanen gira. Jendarte justuago eta parte hartzeaileago bat eraikitzen lagunduko duen alternatiba bat defendituko dugu.