Tokiko Etxebizitza Plana : Biztanleentzat egina !

Astelehen arratsalde huntan, prentsaurreko bat eskaini dugu Baionan Lurra eta etxebizitzaren gaia aipatzeko.

Tokia nahitara hautatu ginuen, Pannecau karrikan, Baiona tipiko auzoan Monbat hotelaren aitzinean. Promotore batek, berrikitan erosi du eraikina eta apartamenduak prezio ero batean proposatzen. Auzo herrikoi huntan ere, merkatu libreak prezioen igoera ikaragarria eragiten du. Horren ondorioz, bertako jendeak ezin du erosi. Aurreikusten diren 10 apartamenduak 220000€ eta 396000€ artean salgai dira. Norentzat eginak dira holako apartamenduak ?

Bainan Monbar hotela, maleruski, aspalditik salatzen dugun egoera baten etsenplu bat baizik ez da.

Lurra eta Etxebizitzaren gaia aktualitatean dugu eta haserrea pizten ari da jendartean. Aktualitatean da ere Iparraldeko hautetsiek, heldu den apirilaren 10ean bozkatu beharko dutelako Tokiko Etxebizitza Plana. Dokumentu horrek finkatzen ditu etxebizitza politikaren norabide estrategikoak heldu diren 6 urteentzat.

Bainan landutako plangintzak aurreikusten ditu oraindik 2600 etxebizitza gehiago urte guziz 2026a arte. Horrek erran nahi du segituko dugula laborantza lurrak eta eremu naturala kontsumitzen. Eta den bezala bozkatzen bada, aurreikusten da bigarren etxebizitzen gorakadarekin segitzea, 51000 izanen dira guttienik 2026an !

Gure ustez etxebizitza duin bat ukaiteko eskubidea denei segurtatu behar da, bakar batzuei bi etxebizitza ukaiteko eskubidea eman baino lehen. TEP dokumentuak printzipio hau kondutan hartu behar du.

Buruan atxiki behar dugu etxebizitzak ekoiztea ez duela derrigorrez erran nahi etxebizitza berriak eraikitzea. Etxebizitzak badira Ipar Euskal Herrian ! Bainan horien artean %21 bigarren etxebizitzak dira eta %7a etxe hutsak…

Merkatu librea eta liberalismoa lehenesten baldin badira egoera oraindik okerrago izanen da. Erabaki politiko ausartak hartu behar dira tendentzia aldatzeko.

Etxebizitza Planak beste ahulezia bat du : instituzioen arteko lana da. Nahiz eta gai biziki teknikoa izan, denbora hartzen delarik pedagogia lana egitea, herritarrak gai dira ulertzeko zer erabakitzen ari den. Mugimendu politiko gisa, gure ahalen arabera, eztabaida publikoa biziarazteko engaiamendua hartzen dugu.

Argi da, gaur egun den bezala, ez dugu ulertzen nola hautetsiek dokumentu honen alde bozkatzen ahalko lukete. Herriko kontseiluetan adierazi diren dudak edo arrangurak hor dira horren frogatzeko ere.

Iparraldeak bide orri ausartago bat behar du, anbizio handikoa eta etxebizitza politikari norabide sozial eta ekologikoa emanen diona !

0 Comments