Menstruazio-prekaritatea: Frantzian hiru emaztetik bat jotzen duen oinarrizko zuzengabekeria.

Emazte batek bere bizi osoan, milaka euro gastatzen ditu edozein motako babes higienikoak erosteko zein hilerokoak sortzen dituen minak kontrolatzeko medikamentuentzat. Emazte eta gizonen arteko berdintasunaz arduratzen den ministerioaren azken txostenak ematen duen kopuru horrek agerian uzten du zein garrantzitsua den sail hortan xahutzen den diru zama kontuan hartzea.

Berdintasunik gabeko alderdi ekonomikoaz haratago eta jakinik Frantzian, emazteak direla gehien prekaritatean bizi (4,9 milioi emazte eta 4,3 milioi gizon), hilerokoaren inguruko tabua da batez ere, arau patriarkalek (sozialak, kulturalak edo erlijiosoak) elikatzen duten genero-desberdintasunaren benetako arragoa, eta horrek indartu egiten du neskek eta emakumeek pairatzen duten gutxiagotasun-sentimendu hori.

Hilabete batzuk dira orain, esperimentazio bat eramaten ari dela departamenduko 6 kolegio desberdinetan, gai honekiko tabuarekin bukatzeko. Eramaten ari den lan pedagoki honi esker, neska eta mutil gazteak informatu eta sentsibilizatu nahi dira.

Hendaiako Irandatz kolegioak eta departamenduko beste 5 ikastetxek, esperimentazioa bideratua dute 2022ko maiatzetik. 2 urtez eta 16.000 euroko aitzinkontuarekin, babes higieniko biologikoak eskaintzen dituen kit bat emanen da eskuragarri neska gazte guzientzat. Honekin batera, segimendua eginen duen erizain bat egonen da ere.

Gure aldarrikapen feminista eta sozialen zentralitatean kokatzen da ere, menstruazio-prekaritatearen kontrako borroka. Annie Poveda, Hendia – Urruña – Biriatu kantonamenduko kontseilari gisa, hezkuntza eta kolegioen lehendakari ordea den Isabelle Lehoren ondoan izan zen, esperimentazio honen berri eman zenean.

Euskal herritar guzientzat bizi duina

EHBaik Emmanuel Macronen gobernuak Elisabeth Borne lehen ministroaren eskutik iragarri duen erretreten erreformarako lege proiektua fermuki salatzen du.

Erreforma hau sistema kapitalistak egungo krisi sozial, ekonomiko eta politikoan berkokatzeko beharrezko duen neurria da. Ildo horretan, Frantses Gobernuaren proposamena, azken hamarkada luzean gobernu ezberdinek (Sarkozy, Hollande edota Macron) plantan ezarri politika neoliberalen eta murrizketa sozialen ildo berean kokatzen da.

Finean, herritarren eskubideak, ondasunen banaketa eta ongizatea ez dira Pariseko agintarien helburuak, kapitalaren mesede eta interesetara egokitzea baizik. Langileen bizi baldintzen okertzearen kontura, ekoizpenaren eta irabazi gehiago metatzearen alde egiten du erretreten erreformaren lege proiektu honek.

Hala, onartuko balitz, langile klasearen eta oro har herritarren eskubideen urraketa areagotuko du erreformak. Erretreta adina 64 urteetara gibelatzeak, herritarren lanaldi bizia luzatuko du, bereziki lanbide prekarioak eta akigarriak dituzten langileek pairatuko dituztelarik ondorioak. Gisa berean, pentsio osoa errezibitzeko kotizazio denbora 43 urtera emendatuz, lan ibilbide osagabea duten pertsonen eta oso bereziki egoera horretan diren emazteen baldintzak okertuko ditu. Baina oro har, edozein herritarrentzat, zailagoa izanen da erretreta oso baterako baldintzak betetzea, duintasunez bizitzea zailagoa bilakatuko den hein berean.

Frantses Gobernuak erreforma hau erretreta sistemaren finantzaketa «salbatzeko» perspektibatik justifikatu nahi du, baina egun ez dago sistema horren finantzaketa zalantzan jartzen duen elementurik. Finean, enpresari handiei eta botere ekonomiko handia duten sektoreei egiten die mesede. Guti batzuen irabazien alde eta gehiengoaren interesen kontra ari da beste behin Frantses Gobernua. Sistemaren finantzaketa zalantzan izan balitz, aski luke nagusiei edota aberatsenei zergak emendatzea.

Lege proiektu honen izaera antidemokratikoa ageria eman nahi du EHBaik, erran bezala, jendartearen gehiengoaren bizi baldintzen kontra egiten duelako. Baina baita Gobernuak eraman nahi duen presazko prozeduragatik ere. Les Republicains alderdiaren jarrera ere salagarria da, emandako sustenguarekin, eztabaida politikoa saihesteari bide emanen diolako. Jendeen bizia hainbeste baldintzatuko duen lege bat molde horretan indarrean jarri nahi izatea inposizioaren sinonimo da.

 

Euskal herritarren interesen kontra
Justizia sozialaren eta elkartasunaren alde, EHBaik erretreta 60 urtetan eta 37,5 urteko kotizazio denbora plantan ezartzeko aldarrikapena berretsi nahi du. Gisa berean, gutxieneko soldataren igoera baitezpadakotzat jotzen du, SMICa 1.500 eurotara emendatuz. Finean, ondasunen banaketaren aldeko erabakiak hartzea premiazkoa da, egungo ezberdintasun sozialak eta emendatzen ari den prekarietatea gelditzeko.

EHBairentzat euskal herritarren eskubideak eta ongizatea bermatzea funtsezkoa da eta horregatik, salagarriak dira Euskal Herritik urrun elite ekonomiko eta politiko batzuek hartzen dituzten erabakiak. Beste hainbatetan bezala, euskal herritarren interesen kontra egiten duen Estatu baten parean gira.

Egun, Ipar Euskal Herriak dituen eskumen urriekin, pentsio sistema propio bat plantan ezartzea ezinezkoa bada ere, EHBaik, bilakaera instituzionalaren ikuspegian, gure lurraldeak behar dituen egitura sozial eta ekonomikoei buruzko gogoeta baten beharra plazaratzen du publikoki. Bertako negoziazio eremuak sortuz eta erabakiak hartuz, tokiko jendeen bizi duina eta eskubideen bermea egingarria da Euskal Herriaren eskalan. Burujabetza gehiago ukaiteak bertako herritarren errealitatera egokituriko politikak eramatea permitituko du.

Azkenik, Frantses Gobernuak inposatu nahi duen erretreten erreformaren kontra sindikatuek deituriko mobilizazioetan aktiboki parte hartzera deitzen du EHBaik. Ildo horretan, bere militantzia eta oinarri sozial osoa karrikara ateratzera animatzen du, Euskal Herriak erreforma honi ezezkoa emateko eta alternatiba sozial propio baten aldarrikatzeko.

Sistema irauli: Erretreta sistema honi ez!

Atzo, Frantses estatuko lehen ministroa den Elisabeth Bornek erretreta erreformen lege proiektua aurkeztu zuen prentsa aitzinean.

Erreforma honen ardatz nagusia, erretreta adina 64 urteetara gibelatzea da. Baina ez dira atzo lege proiektu horren mamian azaltzen diren elementu bakarrak. Izan ere erretreta finantzaketa, kotizazio urteak, araudiak, pentsio osoa errezibitzeko 43 urtez lan egin behar izana… ere izan dira aipagai.

Atzo iragarritako lege proiektua, pertsonen eskubideen eta bizi baldintzen urraketa katean aurkitzen dugun beste etapa bat da. Ekoizpenea eta irabazi gehiago sortzean oinarritua den sistema neoliberalaren logikan kokatua den proposamena da eta ez, ondasunen banaketan eta jendartearen ongizatearen hobetzearen logikan.

 

Proiektu honen ondorio zuzenak betikoek pairatuko dituzte, klase ertain eta apalekoek, baina batez ere lanbide prekarioak eta akigarriak dituztenek: kamioi gidariak, gabitzaileak… 2 urte gehiago lan egin beharko baitute. Halaber, lan-ibilide osagabea (haien arteko gehiengoa, emazteak) dutenen baldintzak ere okertuko dira, baita luzatuko ere batzuen azken enpleguaren eta erretretaren arteko langabezia aldia. Langileei kalte handia egingo dien erreforma da atzo aurkeztutakoa.

Nolaz ulertu daiteke, erretreta sistemaren finantzaketa arazorik ez dagoenean, horrelako erreforma hain gogorra aurreikustea?

Erreforma honek, Macronek bere aitzineko agintaldian zein agintaldi berri honen hasieran hartutako bidearekin segituko duela erratera eramaten gaitu. MEDEF-a eta indar ekonomiko handia dutenen alde egin, jendartea eta zailtasunetan direnei oztopoak jarriz. Argi da, heldu diren urteerako iragarritako enpresen gaineko zergen murrizketarekin lotura zuzena duela erreforma honek.

EHBai, egoeraren larritasunaz jabeturik, datozen egun eta asteetan izanen diren mobilizazioetan aktiboki parte hartzera deitzen du.

Mikel Irastorzaren auzia Parisen

Ostegun honetan, 2023ko urtarrilaren 5ean, Mikel Irastorza Pariseko Auzitegi Korrekzionalera deitua da, 2016an atxilotu baitzuten.

Hasteko, EHBaik bere sostengu osoa helarazi nahi die Mikel Irastorzari eta bere senideei.

Gure ustez, auzi horiek erabat anakronikoak dira gaur egungo egoeran, 11 urte baino gehiago igaro baitira Aieteko Nazioarteko Konferentziatik. Horrez gain, geroztik burutu diren ETA erakundearen armagabetzeak eta auto desegiteak sortu dute panorama politiko berri bat, erantzuten duena Euskal Herrian gehiengo zabal batek eskatzen duen gatazka horren konponbide politikoaren nahikeriari.

Ostegun gauean, 19:00etako antolatua den elkarretaratzera hurbiltzera deitzen du EHBaik.

Larunbat honetan Bilbon dozenaka mila pertsona espero diren bitartean, euskal preso eta iheslari politikoen itzulera aldarrikatzeko, Parisek segitzen du tematurik gatazka horren ukazioan eta, beraz, elkarrizketaren bidetik konpontzearen ukazioan ere bai.

EHBaik, noski, Bilbon iraganen den manifestazioan parte hartuko du larunbat honetan, eta herritar guziei dei egiten die bake prozesuaren aldeko mobilizazio horrekin bat egin dezaten.

Urte hasiera agiantzen formulatzeko garaia baita, EHBairen borondatea da 2023 urte hau euskal gatazkaren konpontze prozesuan aitzinamendu berri esanguratsuena izatea. Herritarren mobilizazioari esker, azken hilabeteotan blokeo batzuk gainditu dira, baina bada garaia Parisek eta Madrilek bake justu eta iraunkorra lortu nahi duen Euskal Herriko jendartearen borondatea errespeta dezaten. Eta bi estatuek elkarrizketari ekin diezaioten, preso eta erbesteratuak diren militanteen itzulera bermatzeko, auzi anakroniko hauei bukaera emateko, oraindik indarrean dauden neurri errepresiboak bertan behera uzteko eta gatazkaren ondorio guztiak konpontzeko.

Larunbatean denok Bilbora, «Etxera bidea gertu» manifestazioaren kari !

Bannerra

EH Bilduk eta EH Baik elkartasuna adierazi nahi diote kurduen komunitateari

2022ko abenduaren 23an, iragan urtean bi homizidio saiakera arrazistagatik atxilotutako gizon batek  hainbat tiro egin ditu Parisko d’Enghien karrikan, 10. barrutian, Ahmet Kaya kurduen kultur gunetik gertu, eta gutxienez hiru hildako eta hiru zauritu eragin ditu.

EH Bilduk eta EH Baik elkartasuna adierazi nahi diete Parisko eta mundu osoko kurduen komunitateari, gure doluminak bidaltzen dizkiegu hildakoen familiei eta gure babesa zaurituei.

Ezin dugu ahaztu eraso arrazista hau Parisen emandako hiru ekintzaile kurduen hilketatik ia 10 urtera gertatu dela (2013-1-9) eta eraso hauek argitzea eta gaur gertatutako gertaerak osorik ikertzea eskatu nahi dugu.

Gaur Parisen gertatutakoak eskuin muturrak dakarren arriskuaz ohartzera eraman behar gaitu kolektiboki.

Beste behin ere EH Bilduk eta EH Baik arrazakeria eta xenofobia salatu eta herri kurduari atxikimendu osoa erakutsi nahi diote.

Bakegileen auzia Akizen

Ostegun honetan, Annabelle, Anita, Alice, Laurent, Panpi, Olivier, Julien, Betti eta Régis, 9 Bakegileak deituak dira Akizeko Auzitegira, joan den uztailaren 23an euskal gatazkaren ondorioak konpontzearen alde antolatu zen desobedientzia zibileko ekintza baten ondorioz.

Izan ere, Frantziako Estatua eta bereziki Terrorismoaren Aurkako Auzitegi Nazionala etengabeko blokatze egoera batean kokaturik, Euskal Herriko jandarteak mobilizazio ziklo bat hasia zuen 2022. urtearen hastapenetik.

Aldarrikapenak Ion Parot eta Jakes Esnalen kasuei buruzkoak ziren bereziki, 32 urte baino gehiago eman baitituzte preso, Frantziako presondegietan, salbuespen prozedura juridikoak aplikaturik. Preso iraute hura, kartzelan hiltzeko kondena bat bezala sentitua zen hemen, bidegabekeria sakon bat bezala bizi zen. Sentsibilizazio eta mobilizazio lanari esker, Frantziako Estatuaren jarrera aldatzea lortu zen eta baldintzapeko askatasuna lortu da Ion eta Jakesentzat.

Estatu frantsesak bere legeak aplikatzen ez dituenean, desobeditzea eskubide bat da. Desobedientzia ekintza horiek, aurpegia agerian egin dira, sistematikoki indarkeriarik gabekoak izan dira eta aldez aurretik iragarriak. Hain zuzen ere, desobedientzia fase hau ireki da, elkarrizketa eskaerak erantzunik gabe geratu direlako Parisetik.

2011z geroztik, Euskal Herriak bakearen hautua egin du, frantses eta espainiar estatuen blokeoak eta probokazioen parean hainbat aldiz berretsi den bakearen aldeko hautua. Herriaren borondatean eraikitako bake iraunkorra eta adosmen zabalean oinarritua. EHBaik gogorarazi nahi du Frantziako Estatuarekin gatazkaren ondorio guztiak konpontzeari buruz beharrezkoa den elkarrizketa-gune baten eskaera gaurkotasun osoa duela.

Ostegun honetan, EHBai, joan den uztailaren 23an, trenbidea okupatu zuten 9 militanteen ondoan izanen da. 9 pertsona horiek ez dute merezi kondenatuak izatea. Horien artean, EHBai kideak badira, Anita Lopepe gure bozeramaile ohia barne. EHBaik bat egiten du hobengabetze eskaerarekin. Ion eta Jakesen egoerari lotutako beharrezkotasun egoeraren aitzinean, legez kanpokoak baina zilegi ziren egitate horiek ez dute zigorrik merezi.