Sistema irauli: Erretreta sistema honi ez!

Atzo, Frantses estatuko lehen ministroa den Elisabeth Bornek erretreta erreformen lege proiektua aurkeztu zuen prentsa aitzinean.

Erreforma honen ardatz nagusia, erretreta adina 64 urteetara gibelatzea da. Baina ez dira atzo lege proiektu horren mamian azaltzen diren elementu bakarrak. Izan ere erretreta finantzaketa, kotizazio urteak, araudiak, pentsio osoa errezibitzeko 43 urtez lan egin behar izana… ere izan dira aipagai.

Atzo iragarritako lege proiektua, pertsonen eskubideen eta bizi baldintzen urraketa katean aurkitzen dugun beste etapa bat da. Ekoizpenea eta irabazi gehiago sortzean oinarritua den sistema neoliberalaren logikan kokatua den proposamena da eta ez, ondasunen banaketan eta jendartearen ongizatearen hobetzearen logikan.

 

Proiektu honen ondorio zuzenak betikoek pairatuko dituzte, klase ertain eta apalekoek, baina batez ere lanbide prekarioak eta akigarriak dituztenek: kamioi gidariak, gabitzaileak… 2 urte gehiago lan egin beharko baitute. Halaber, lan-ibilide osagabea (haien arteko gehiengoa, emazteak) dutenen baldintzak ere okertuko dira, baita luzatuko ere batzuen azken enpleguaren eta erretretaren arteko langabezia aldia. Langileei kalte handia egingo dien erreforma da atzo aurkeztutakoa.

Nolaz ulertu daiteke, erretreta sistemaren finantzaketa arazorik ez dagoenean, horrelako erreforma hain gogorra aurreikustea?

Erreforma honek, Macronek bere aitzineko agintaldian zein agintaldi berri honen hasieran hartutako bidearekin segituko duela erratera eramaten gaitu. MEDEF-a eta indar ekonomiko handia dutenen alde egin, jendartea eta zailtasunetan direnei oztopoak jarriz. Argi da, heldu diren urteerako iragarritako enpresen gaineko zergen murrizketarekin lotura zuzena duela erreforma honek.

EHBai, egoeraren larritasunaz jabeturik, datozen egun eta asteetan izanen diren mobilizazioetan aktiboki parte hartzera deitzen du.

0 Comments