Mikel Irastorzaren auzia Parisen

Ostegun honetan, 2023ko urtarrilaren 5ean, Mikel Irastorza Pariseko Auzitegi Korrekzionalera deitua da, 2016an atxilotu baitzuten.

Hasteko, EHBaik bere sostengu osoa helarazi nahi die Mikel Irastorzari eta bere senideei.

Gure ustez, auzi horiek erabat anakronikoak dira gaur egungo egoeran, 11 urte baino gehiago igaro baitira Aieteko Nazioarteko Konferentziatik. Horrez gain, geroztik burutu diren ETA erakundearen armagabetzeak eta auto desegiteak sortu dute panorama politiko berri bat, erantzuten duena Euskal Herrian gehiengo zabal batek eskatzen duen gatazka horren konponbide politikoaren nahikeriari.

Ostegun gauean, 19:00etako antolatua den elkarretaratzera hurbiltzera deitzen du EHBaik.

Larunbat honetan Bilbon dozenaka mila pertsona espero diren bitartean, euskal preso eta iheslari politikoen itzulera aldarrikatzeko, Parisek segitzen du tematurik gatazka horren ukazioan eta, beraz, elkarrizketaren bidetik konpontzearen ukazioan ere bai.

EHBaik, noski, Bilbon iraganen den manifestazioan parte hartuko du larunbat honetan, eta herritar guziei dei egiten die bake prozesuaren aldeko mobilizazio horrekin bat egin dezaten.

Urte hasiera agiantzen formulatzeko garaia baita, EHBairen borondatea da 2023 urte hau euskal gatazkaren konpontze prozesuan aitzinamendu berri esanguratsuena izatea. Herritarren mobilizazioari esker, azken hilabeteotan blokeo batzuk gainditu dira, baina bada garaia Parisek eta Madrilek bake justu eta iraunkorra lortu nahi duen Euskal Herriko jendartearen borondatea errespeta dezaten. Eta bi estatuek elkarrizketari ekin diezaioten, preso eta erbesteratuak diren militanteen itzulera bermatzeko, auzi anakroniko hauei bukaera emateko, oraindik indarrean dauden neurri errepresiboak bertan behera uzteko eta gatazkaren ondorio guztiak konpontzeko.

Larunbatean denok Bilbora, «Etxera bidea gertu» manifestazioaren kari !

Bannerra

0 Comments