Euskal herritar guzientzat bizi duina

EHBaik Emmanuel Macronen gobernuak Elisabeth Borne lehen ministroaren eskutik iragarri duen erretreten erreformarako lege proiektua fermuki salatzen du.

Erreforma hau sistema kapitalistak egungo krisi sozial, ekonomiko eta politikoan berkokatzeko beharrezko duen neurria da. Ildo horretan, Frantses Gobernuaren proposamena, azken hamarkada luzean gobernu ezberdinek (Sarkozy, Hollande edota Macron) plantan ezarri politika neoliberalen eta murrizketa sozialen ildo berean kokatzen da.

Finean, herritarren eskubideak, ondasunen banaketa eta ongizatea ez dira Pariseko agintarien helburuak, kapitalaren mesede eta interesetara egokitzea baizik. Langileen bizi baldintzen okertzearen kontura, ekoizpenaren eta irabazi gehiago metatzearen alde egiten du erretreten erreformaren lege proiektu honek.

Hala, onartuko balitz, langile klasearen eta oro har herritarren eskubideen urraketa areagotuko du erreformak. Erretreta adina 64 urteetara gibelatzeak, herritarren lanaldi bizia luzatuko du, bereziki lanbide prekarioak eta akigarriak dituzten langileek pairatuko dituztelarik ondorioak. Gisa berean, pentsio osoa errezibitzeko kotizazio denbora 43 urtera emendatuz, lan ibilbide osagabea duten pertsonen eta oso bereziki egoera horretan diren emazteen baldintzak okertuko ditu. Baina oro har, edozein herritarrentzat, zailagoa izanen da erretreta oso baterako baldintzak betetzea, duintasunez bizitzea zailagoa bilakatuko den hein berean.

Frantses Gobernuak erreforma hau erretreta sistemaren finantzaketa «salbatzeko» perspektibatik justifikatu nahi du, baina egun ez dago sistema horren finantzaketa zalantzan jartzen duen elementurik. Finean, enpresari handiei eta botere ekonomiko handia duten sektoreei egiten die mesede. Guti batzuen irabazien alde eta gehiengoaren interesen kontra ari da beste behin Frantses Gobernua. Sistemaren finantzaketa zalantzan izan balitz, aski luke nagusiei edota aberatsenei zergak emendatzea.

Lege proiektu honen izaera antidemokratikoa ageria eman nahi du EHBaik, erran bezala, jendartearen gehiengoaren bizi baldintzen kontra egiten duelako. Baina baita Gobernuak eraman nahi duen presazko prozeduragatik ere. Les Republicains alderdiaren jarrera ere salagarria da, emandako sustenguarekin, eztabaida politikoa saihesteari bide emanen diolako. Jendeen bizia hainbeste baldintzatuko duen lege bat molde horretan indarrean jarri nahi izatea inposizioaren sinonimo da.

 

Euskal herritarren interesen kontra
Justizia sozialaren eta elkartasunaren alde, EHBaik erretreta 60 urtetan eta 37,5 urteko kotizazio denbora plantan ezartzeko aldarrikapena berretsi nahi du. Gisa berean, gutxieneko soldataren igoera baitezpadakotzat jotzen du, SMICa 1.500 eurotara emendatuz. Finean, ondasunen banaketaren aldeko erabakiak hartzea premiazkoa da, egungo ezberdintasun sozialak eta emendatzen ari den prekarietatea gelditzeko.

EHBairentzat euskal herritarren eskubideak eta ongizatea bermatzea funtsezkoa da eta horregatik, salagarriak dira Euskal Herritik urrun elite ekonomiko eta politiko batzuek hartzen dituzten erabakiak. Beste hainbatetan bezala, euskal herritarren interesen kontra egiten duen Estatu baten parean gira.

Egun, Ipar Euskal Herriak dituen eskumen urriekin, pentsio sistema propio bat plantan ezartzea ezinezkoa bada ere, EHBaik, bilakaera instituzionalaren ikuspegian, gure lurraldeak behar dituen egitura sozial eta ekonomikoei buruzko gogoeta baten beharra plazaratzen du publikoki. Bertako negoziazio eremuak sortuz eta erabakiak hartuz, tokiko jendeen bizi duina eta eskubideen bermea egingarria da Euskal Herriaren eskalan. Burujabetza gehiago ukaiteak bertako herritarren errealitatera egokituriko politikak eramatea permitituko du.

Azkenik, Frantses Gobernuak inposatu nahi duen erretreten erreformaren kontra sindikatuek deituriko mobilizazioetan aktiboki parte hartzera deitzen du EHBaik. Ildo horretan, bere militantzia eta oinarri sozial osoa karrikara ateratzera animatzen du, Euskal Herriak erreforma honi ezezkoa emateko eta alternatiba sozial propio baten aldarrikatzeko.

0 Comments