Laborantza politika berri baten alde

Pentsa daiteke Laborantxa Politika Bateratua (LPB-PAC) laborarien afera beizik ez dela. Alta ondorio zuzen ainitz baditu egunero gure plateretan atxemaiten dugunarekin.

Azken hamarkadetan, laborantxak kanbiamen frango ezagutu ditu, batzuk onerako eta beste batzuk txarrerako. Laborariak produktibismoan sartzera pusatu ditu LPBak, etxaldeak gero eta haundiagoak izanez, gero eta laborari gutiagorekin eta ekoizpenak kopuru haundian ateraz prezioa egin ahala apal izaiteko. Modelo hau bere mugetara heldua da, errepikatzen ari diren krisi sanitarioak lekuko, laborarien bizi eta lan baldintzak hobetuz abian ez diren bitartean. Memento honetan eztabaidatzen ari diren, eta ondoko urteendako ondorioak ukanen dituen, Laborantxa Politika Bateratuak hainbat erronkeri buru egin beharko die, izan sozialak, ekonomikoak edo ingurumenari lotuak. Frantziako laborantxa ministroaren lehen adierazpenek ez dituzte erronka horiek batere kondutan hartzen, ministroa den egoerarekin konformatzen balitz bezala.

EHBai gisa, gure aldetik ere laborantxa politika berritu bat aldarrikatu nahi dugu, laborarier bizi duin bat segurtatzen duena, oroer kalitatezko elikadura bermatzen duena, baliabide naturalak babestuz eta ingurumena zainduz. Euskal Herrian, Iparraldean, ezagutzen ditugun eta hain famatuak diren bazter, paisai eta kalitatezko mozkinak etxalde ttipi eta laborari ainitzer esker ditugu.

EHBaik bihar goizean, goizeko 10ak30tan ELB sindikatak eta BLE elkarteak Baionako suprefetura aintzinean antolatzen duten elgarretaratzera deitzen du tokiko eta kalitatezko elikaduraren alde, herriak bizirik atxikitzearen alde eta lurraldeko zutabe ekonomiko garrantzitsu bat xutik mantentzearen alde.

Eraso gehiagorik ez!

Joan den ostiralean, Baionan, gizon batek fisikoki erasotu du bere bikote kide ohia.

Nahiz eta bananduak izan, gizona bere bikotea izandakoaren etxera joan zen. Eztabaida fite eraso bilakatu zen.

Emaztearen auzokoek izandako jarrera txalotzen dugu. Izan ere, biziki fite erreakzionatu dute eta emaztea artatu ahal izan dute. Horri esker eta jasan behar izan duen ebakuntza ongi pasa delako, emaztea lanjeraz kanpo dago.

Gaurkoan, eta maleruski beste behin ere, gizonaren eginkizunak salatzen ditugu. Gaur pasako da epailearen aitzinetik eta espero dugu, emazteak pausatutako salaketaren poderioz, gogorki zigortua izanen dela.

Frantziar estatu mailan, urtero 100 emazte baino gehiago hiltzen dira beren bikote kide edo bikote kide ohiaren eskutik. Urtean 250000 emaztek, gisa desberdinetako erasoak pairatzen dituzte. Xifre beldurgarriak. Bada garaia zinezko neurriak hartzeko.

 

Bukatzeko, gure babesa eta sustengua adierazi nahi dizkiogu erasoa pairatu duen emazteari.

 

 

Bidasoa ibaian gertatu diren bi heriotzak eta migrazio politikak salatzeko bihar egingo den manifestazioan parte hartuko dute EH Bilduk eta EH Baik

Azken asteetan Bidasoa ibaian hil diren bi gazteren heriotzak eta indarrean dagoen migrazio politika inhumanoak salatzeko manifestazioa egingo da bihar Irunen eta Hendaian. Egingo diren bi zutabeetan izango dira EH Bilduko eta EH Baiko ordezkariak.

Eredu kapitalistaren logikak eragindako pobreziak eta haren ondorioz ematen ari den larrialdi klimatikoak eraginda, mugimendu migratorioak areagotu egingo direla uste dute EH Bilduk eta EH Baik. Ustiatzen ari garen herrialdeetatik jendea ateratzea bultzatzen ari gara, bizitza hobeen bila Gurera etortzen ari diren pertsona horiek guztiak beraien bizi baldintzak hobetzera datoz, gutako edozeinek nahiko lukeen bezala.

Oinarrizko giza eskubideak eskatzen dituzte guztientzat EH Bilduk eta EH Baik, eta hori hasten da eskubideak urratzen dituzten atzerritartasun legeak bertan behera uztearekin edota Europako migrazio politika inhumanoa bertan behera uzten. Ez da posible gure lurraldean, Euskal Herrian, banatzen gaituen muga batean, nazioarteko legedia gaindituz itzulera beroak gertatzea.

Horrenbestez, EH Bilduk eta EH Baik eskatzen dute eskubideak urratzen dituzten atzerritartasun legeak bertan behera uztea, Espainiako zein Frantziako poliziei eskatzen die itzulera beroak bertan behera uztea eta muga desmilitarizatzea. Amaitzeko, EH Bilduk eta EH Baik administrazioei eskatzen diegu Euskal Herria harrera herri bihurtzeko urratsak ematea. Halaber, administrazioen jarrera salatu dute, jendarte zibilak egin behar duelako haiek egin beharko luketena, alegia, gure artera heltzen diren guztiei artapena eta babesa eskaintzea.

Euskarak murgiltzea behar du !

Joan den apirilaren 8an bozkatutako Paul Molac legeak, esperantza sortu zuen herrialde anitzetan. Bozka horren ostean, La République en Marche alderdiko parlementariek, Kontseilu Konstituzionala interpelatu zuen eta azken honek bere erabakiaren berri eman zuen joan den ostiralean.

Erran gabe doa, Kontseilu Konstituzionalak hartutako erabaki berriak, haserre handia eragin duela Euskal Herrian zein erabaki honen ondorioak pairatu beharko dituzten beste herrialdeetan ere. Azpimarratu behar da, bozka honen ondorioz, saila pribatu eta publikoan diren murgiltze sistemak gogorki kolpatuak izanen direla.

Frantziar estatuak mezu argi bat helarazi digu : Konstituzio honekin eta batez ere 2. artikuluarekin, hizkuntza gutxituek ez dutela inongo garapenik izanen. Murgiltze sistema lanjera bat ote da frantsesarentzat ? Frantsesak beldur ote dio hizki diakritikoei ? Nola ulertu behar dugu erabaki hori ?

Euskarak, estatu juridiko berezi bat behar du bizirauteko. Euskarak bezala, hizkuntza gutxituak kontsideratuak diren beste hizkuntzek ere estatutu hori behar dute.

EHBai eta EHBilduk gure babes osoa adierazi nahi diegu, egunerokotasunean euskararen alde ari diren guziei : euskaldunak, elkarteak, erakasleak… Euskararen kontrako erasoa, euskaldunen kontrako erasoa da. Gure hizkuntzari dugun atxikimendua erakutsi behar dugu eta erasoari kolektiboki erantzun, mobilizazioen bitartez.

Gure hurrengo hitzordua, heldu den larunbatean izanen da, Baionako Lauga aretoan arratsaldeko 16:00etan. EHBai eta EHBildu bertan izanen gira eta Euskal Herriko jendarte osoari zuzentzen gira gurekin batera parte har dezaten.

LogementPaysBasque.com webgune berria sarean da!

 

EHBaiek sortu du web plataforma berri bat www.LogementPaysBasque.com Ipar Euskal Herriko biztanleek informazio guziak biltzeko etxebizitzaren arazoari begira bainan ere lekukotasuna eta ekarpenak biltzeko.

 

Joan den apirilaren 10ean, publiko egin genuelarik “Etxebizitza Eskubidea” kanpaina, azpimarratu ginuen testu ofizialen inguruan egin behar zen pedagogia lana. Besteaz beste Tokiko Etxebizitza Programa jendarteratzeko beharra. Horregatik, kontsulta zabal baten bidez, hitza eman nahi diegu herritarrei.
Etxebizitzari buruzko Herri Kontsultak informazioak instituzioetatik ateratzea du xede eta ulermenerako giltzak emaitea populazioari.

Informazio lanarekin batean, nahi dugu erakusterat eman hemengo biztanleek bizitzen duten arazoa egunez egun. Etxebizitzaren tematikak hunkitzen gaitu goiz ala berant. Denei hitza emanez, nahi dugu ikuspegi zabal eta osoa eman. Web plataforma hau nahi dugu bilaka dadin tresna bat hitza hartzeko eta lekukotasunak partekatzeko.

 

 

 

Heldu den sartzean, bildutako ekarpenekin nahi dugu formulatu iritzi bat Euskal Elkargoari pasaraziko dioguna.
Konbentzituak gaude aterabideak kolektiboki atxemanen ditugula. Zentzu hortan, plataforma hau elkarte eta eragile desberdinen esku uzten dugun tresna bat da.

54152 etxe hutsak dira Iparraldean

Goiz huntan, EHBAIen “Lurra eta Etxebizitza” lantaldeak ekimen bat antolatu zuen etxe hutsen eta bigarren etxebizitzen inguruan.

Badu orain zenbait hilabete etxebizitzaren tematika berriro ere lehen lerroan dugula.

Etxe eraikitzeak biderkatzen direlarik, laborantza eta naturalak diren lur eremuak janez, batzuek bigarren etxebizitza bat erosten dute Iparraldea,, hutsik egoiten dena 9 edo 10 hilabetez urtean eta ber mementoan hemengo gazteek eta herritarrek etxebizitza duin baten eskuratzeko ezintasunean dira.

Tokiko Etxebizitza Planak emandako kopuruen arabera, gaur egun Ipar Euskal Herrian 54152 etxe hutsak dira (11904 hutsak eta 42235 bigarren egoitzak).

Kopuru horiekin bada kezkatzekoa, arazo nagusi bat da gure herriarentzat.

Errealitate hau jakinarazteko, goizean, hamarnaka lagun mobilizatu dira Iparraldeko herrien sartzeetan panelak pausatuz.

Ekimen hau “Etxebizitza eskumena” kanpainaren baitan kokatzen da. Joan den apirilaren 10ean, Euskal Elkargoaren aitzinean aurkeztu ginuen. Azaroan iragan behar den manifestazio masibo bati buruz lan eginez, anartean sentsibilizazio lanetan segituko dugu herritarrei baita hautetsiei begira. Astelehenean irekiko dugu webgune berezi bat pedagogia lana eremaiteko eta lekukotasunak biltzeko.

Mobilizazio berriak antolatuak dira ondoko asteentzat, ez duda gurekin harremanetan sartzea : etxebizitza@ehbai.eus