2026ko herri hauteskundeak: Ipar Euskal Herriak ezkerreko abertzaleen hazkundea berretsi du

 

 

 

Martxoaren 22an, igandearekin, herri hauteskundeen bigarren itzulia iragan da Ipar Euskal Herriko 11 herritan. Ezkerreko abertzaleek gidaturiko edo ezkerreko abertzaleak barne zituzten dinamikak guziak bigarren itzulirako sailkatuak ziren. EHBaik, arduran edo oposizioan izan, talde munizipal berri guziak zoriondu nahi ditu, baita bere militantzia osoa ere, egindako lan handiagatik.

Martxoaren 15eko eta 22ko herriko bozen ondotik, ondorio argi bat ateratzen dugu: aldaketa sozial eta demografikoaren testuinguruan, ezkerreko abertzaletasunaren proiektuak, ideiek eta bere aldeko sustengu zabalak aitzinamendu nabarmena ezagutu dute Ipar Euskal Herrian.

Errotze iraunkorra lurraldean

Gaurko honetan, Baionan asko zen jokoan. Maleruski, Lapurdiko hiriburua ez du ezkerreko auzapez abertzale batek gidatuko. Halere, urrats handia egin da: lehen itzulian, ezkerreko abertzale batek gidaturiko ezker batasuneko zerrenda bigarren lekuan gelditu zen eta hori historikoa da. Igande honetan, bigarren itzulian posible izan da irabaztea eta horrek, lurraldean egindako aitzinamendua irudikatzen du.

Joan den igandean azpimarratu genuen bezala, ezkerreko abertzaleek parte hartzen duten dinamikak BAB hirigunean errotzen ari dira. Ezkerreko eskaintzak Bokalen irabazi izana sekulako urratsa izan da. EHBaik azpimarratu nahi du Bokalen egindako kanpaina iraunkorrak permititu duela Vivons Boucau lehen indar bilakatzea. Biarritzen berriz, Biarritz Berrik emaitza biziki onak lortu ditu eta bere eragina handitzen du. Oro har, Angelu eta Baiona gehituz, hautetsi ezkertiar eta abertzaleak izanen dira lau hiri horietan. Zalantzarik gabe, aitzinamendu garrantzitsua.

Halaber, EHBaik goresmenak helarazi nahi dizkie Aitzina Maule, Baiona Mugimenduan · Elkarrekin Baionarentzat, Biarritz Berri, Biharko Arbona, Donibanen Bizi, Elgarrekin (Beskoitze), Azkaine Bai, Elgarrekin Urruña, Nahi Dugun Herria (Kanbo) eta Hendaia Biltzen zerrendei, kanpaina oso ederrak egin baitituzte, nahiz eta gaur, maleruski, garaipena lortu ez duten. Ezkerreko abertzaleek Urruñako herriko etxea galdu dute, non Filipe Aramendik eta bere taldeak lan biziki ona egin duten azken sei urteetan. Halere, Urruñan eta herri horietako gehienetan, herritarren eskutik jasotako boz kopurua nabarmen emendatu da 2020ko hauteskundeei konparatuz. Ondoko urteei begira, herrietan dinamika zabalak eraikitzen segitzeko eta herriko etxeetan eragiteko baldintzak ainitzez hobetu dira.

EHBaik, haatik, bere kezka adierazi nahi du eskuin muturrak Baionan atera dituen emaitzak direla eta: egiazki lorpen bat bada Ipar Euskal Herri osoan zerrenda bakarra izatea, Pascal Lesellierren zerrendak Baionan hautetsi bat eta Elkargoan beste bat atera izana biziki kezkagarria da. Inoiz baino gehiago, eskuin muturraren aitzinean, Euskal Herriak harresi izaten segitu behar du eta EHBaik abian duen kanpaina atxikiko du bai karrikan bai instituzioetan.

Ipar Euskal Herriko mapa politiko berria marraztua da

Arrats huntatik goiti, Ipar Euskal Herriko herri guziek badakite zein gehiengok gidatuko duen haien herriko etxea. 2020an, 15 auzapez abertzale ezkertiar ziren. Aurten, 2026an, 6 herriko etxe gehiago dira, guztira 21. Eta abertzaleek hainbat herritan gehiengoetan parte hartuko dute.

2020az geroztik, ezkerreko proiektu abertzale, feminista eta ekologistak gero eta sustengu eta konfiantza handiagoa jasotzen du herritarren aldetik. 2020an irabazitako herri gehienak atxiki eta lehen aldiz EHBaiko kide diren ezkerreko auzapez abertzaleak izanen baitira Senperen (Euskal Hirigune Elkargoko 7. herria), Donapaleun (Baxenafarroako herririk populatuena) eta Lekuinen (urte luzez eskuinak gobernatua).

2026ko herri hauteskundeen ondotik, ezkerreko abertzaletasunak hautetsi gehiago izanen ditu herrietan, baita Euskal Hirigune Elkargoan ere. Justuki, ondoko asteetako erronka nagusia Elkargoaren osaketa izanen da. Abertzaleontzat helburua izanen da ondoko mandatuan Ipar Euskal Herrian estatus politikoaren aldaketan urratsak egitea eta lurralde proiektua sendotzea.

Euskal Herriaren eraldaketa sozial eta burujabetzarako proiektua instituzioetan ez ezik, jendartean eraikitzen da. Horregatik, inoiz baino gehiago, proiektu horrekin bat egiten duten herritar guziei dei egiten diegu apirilaren 5ean, igandearekin, Baionan 2026ko Aberri Eguna ospatzera hurbil daitezen, Euskal Herriaren aldeko proiektua elkarrekin biziarazteko!

Hemen bai, Euskal Herrian posible da!

2026ko herriko bozen lehen itzulia: ezkerreko abertzaletasunaren proiektuak Ipar Euskal Herrian aitzinatzen segitzen du

Gaur iragan da 2026ko herriko bozen lehen itzulia. Ipar Euskal Herri osoan, hautesleak bozkalekuetara joan dira gure lurraldearentzat erabakigarria den hitzordu honetan beren ahotsa entzunarazteko. Lehen itzuli honek azken urteetan ezkerreko abertzaleek egindako aitzinamenduak berresten ditu. EHBaik deia egiten du bigarren itzulia izanen den herrietan masiboki mobilizatzeko.

Ezkerreko abertzaleen aitzinamenduak segitzen du

Gaur gauean, Ipar Euskal Herriko 146 herrik badakite jada zein izanen den herria gidatuko duen gehiengoa. Ezkerreko kide abertzaleak dituzten edo haiek gidaturiko zerrendek Uztaritze, Ziburu, Hiriburu, Itsasu, Donapaleu, Baigorri, Aiherra, Bidarrai, Biriatu, Lekuine, Izura, Lexantzü, Ligi, Gabadi, Gamarte, Getaria, Mendibe, Ortzaize, Suhuskune eta Urepeleko herriko etxeak atxiki dituzte; eta lehen aldiz Senperen garaipena lortu dute lehen itzulian. 2020an, ezkerreko abertzaleek 15 herriko etxe eskuratu zituzten. 2026an, berriz, lehen itzulitik bertatik 21 herriko etxe kontatzen ahal ditugu.

EHBaik azpimarratu nahi du Donapaleun eta Senperen lehen aldiz ezkerreko auzapez abertzale bat izatea aitzinamendu garrantzitsua dela. Azpimarratzekoa da ere Hendaia Biltzen zerrendaren emaitza, 2020tik hona 12 puntuz emendatu baita herritarren sustengua eta bigarren itzulian izanen da. Hazparnen ere, Herritarrekin zerrendak %9tik %28ra egin du sei urtean, eta egun herrian 4 hautetsi lortu ditu. Bigarren itzulirako, ezkerreko abertzaleak ongi kokatuak dira Azkaine, Bokale, Urruña eta Arbonan.

Halaber, hauteskunde hauek erakusten dute ezkerreko abertzaleek parte hartzen duten dinamikak BAB hirigunean errotzen ari direla. Bokalen, Vivons Boucau zerrenda lehen postura heldu da eta garaipena lortzeko aukera argia du. Angelun, Hemen Angelu zerrendaren dinamikak bi hautetsi abertzale sartzea ahalbidetu du historian lehen aldiz Ipar Euskal Herriko bigarren hirian. Biarritzen, Biarritz Berri zerrendak emaitza biziki ona lortu du eta erabakigarria izanen da bigarren itzulian. Baionan, bigarren bukatuz, emaitzak erakusten du Euskal Herriaren errealitatea kontuan hartzen duen ezkerraren batasunaren alternatiba irabazle bakarra dela, 2024ko legebiltzarrerako hauteskundeetan gertatu zen bezala. Deitoratzen dugu bide hori trabatua izan dela.

Balore abertzaleen sustraitzea

Aitzinamendu hauekin guziekin, ezkerreko boz abertzalearen indartzeak gure oinarrizko balioen sustraitzea sendotzen du: euskararekiko atxikimendua, feminismoa, ekologia eta gure nazioa biziarazteko borondatea. Euskal Herriaren burujabetza prozesua behetik gora bultzatzeko herriak funtsezkoak dira, eta EHBaik azpimarratu nahi du hauteskunde hauetan proiektu abertzalearen indartzeak Euskal Herriaren nazio eraikuntzarako lanabes berriak eskainiko dituela.

2020tik hona, proiektu abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologistak gero eta herritar gehiagoren sustengua eta konfiantza jasotzen du. Orain arte bezala, ardura handiz jarraituko dugu emandako konfiantzari hutsik ez egiteko lanean.

Azkenik, berriz ere azpimarratzen dugu bigarren itzulia izanen den herri guztietan mobilizatzen segitzeko beharra, proiektu aurrerakoia, abertzale, feminista eta ekologista defendatzeko. Herri batzuetan, bigarren itzulia erabakigarria izanen da. Martxoaren 22an, bozka masiboki!

Herri hauteskundeak: EHBaik Ipar Euskal Herrian bere engaiamendua segitu eta indartzen du

2020ko herriko bozetatik hona, Ipar Euskal Herriko paisaia politikoak aldaketa handiak ezagutu ditu. Herri ainitzetan, ezkerreko abertzaleak barne diren dinamiken eraginez sorturiko taldeek erakutsi dute herriak sinesgarritasunez, hurbiltasunez eta anbizioz kudeatzeko gaitasuna dutela.

Azken urteak ezkerreko abertzaleek lurraldearen eta bere bilakaeraren, etxebizitzaren, trantsizio ekologikoaren eta euskararen biziberritzearen aldeko engaiamendu sendoak markatu ditu. Aitzinamendu horiek guztiek herritarren beharrei erantzuteko tokiko sustraitze sendo baten beharra baieztatu dute.

Indartze bide horretan, herrietan gero eta gehiago dira dinamikan parte hartu eta zerrendetan aurkezten diren EHBaiko eta hurbileko kideak, besteak beste:

– Ahetze: Ahetzen
– Angelu: Hemen Angelu
– Arbona: Hats Berri bat Arbonari
– Azkaine: Azkaine Bai
– Baigorri: Aintzina Baigorri
– Baiona: Baiona Mugimenduan
– Biarritz: Biarritz Berri
– Bokale: Vivons Boucau
– Donapaleu: Aintzina Donapaleu
– Donibane Garazi: Donibane Erne
– Donibane Lohizune: Donibanen Bizi
– Hazparne: Herritarrekin
– Hendaia: Hendaia Biltzen
– Hiriburu: Hiriburu Maita
– Itsasu: Herriari
– Kanbo: Nahi Dugun Herria
– Larresoro: Mintza Larresoro
– Maule: Aitzina Maule
– Urruña: Elgarrekin Urruña
– Uztaritze: Uztaritze Bai
– Sara: Har Hitza
– Senpere: Hats Berri
– Ziburu: Ziburu Bizi

Ipar Euskal Herri osoan, zerreda hauek tokiko demokrazian, justizia sozialean eta gure lurraldearen balore zein identitatearen aldeko ikuspegian oinarritzen dira. 

Halaber, azpimarratu nahi dugu barnekaldeko herri ttipietan auzapez, hautetsi eta hautagai abertzaleek parte hartzen duten zerrenda anitz aurkeztu direla hauteskunde hauetara. Zabalpen hori azken urteetan ezkerreko abertzaleek egin lanaren emaitza da eta garrantzia handia hartuko du Ipar Euskal Herriko mapa munizipalean.

Bukatzeko, martxoaren 15 eta 22an, abertzale oro eta orokorrean gure proiektuarekin bat egiten duen herritar oro hautetsontzietan erabakitasunez mobilizazatzera deitzen dugu. Euskal Herrian posible da!

Barnekaldeko Topaketa Munizipalistak: EHBairen bultzada berria 2026ko herri hauteskundeei begira!

2026ko urtarrilaren 10ean, larunbatarekin, EHBaik barnekaldeari berezitua izan den Topaketa Munizipalistak burutu ditu, 2026ko martxoko herri hauteskundeetan aurkeztuko diren zerrenden prestaketa eta indartzeko asmoz. EHBairen helburua argia da: gure proiektu politikoarekiko herritarren babesa emendatzea eta ezkerreko abertzaleen presentzia azkartzea Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeetan zein Euskal Hirigune Elkargoan.

2026ko herri hauteskundeak, funtsezko erronka

Krisi estruktural anizkoitza bizi dugun honetan – soziala, ekologikoa, kulturala, politikoa edota demokratikoa -, 2026ko herri zein Elkargoko bozek funtsezko zeregina izanen dute horiei emango diegun erantzunean. EHBairentzat, hauteskunde hauek lehentasunezko hitzordua dira. Izan ere, Herriko Etxea herritarrengandik hurbilen den botere gune estrategikoa da; besteak beste, lurralde antolaketa, etxebizitzan, ingurumenaren babesean, hizkuntza politikan edota hirigintzan jarduteko eskumenak dituelako. Beraz, tokiko erakundeek parada ematen dute herrien eta lurraldearen eguneroko bizia egituratzen duten erabaki zehatzetan parte hartzeko eta biztanleen bizi baldintzak hobetzeko.

Frantziar Estatuak eramaten dituen politikak gure lurraldeko errealitate eta beharrekin deskonektatuak diren testuinguru honetan, euskara, zerbitzu publikoak eta ingurumena dira gure bizitzetatik urrun dauden erabakien kalteak pairatzen dituztenak. Erronka horien aitzinean, kolektiboki aritzea ez da aukera bat, behar bat baizik. Eta Herriko Etxeak eraldaketa sozial eta politikorako tresna garrantzitsuak direnez, gobernatzeko eta politika egiteko beste manera bat defendatzen dugu: eragile ekonomikoekin, jendarte zibilaren ordezkariekin eta, azken finean, herritarrekin batera lan egiteko borondate osoa berresten dugu.

Lurralde mailan ere, erronka sekulakoa da. Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, hainbat politika publiko garatu dira, eta dinamika hori, oro har, positibotzat jotzen dugu. Hala ere, Ipar Euskal Herriak bilakaera instituzionala behar du, burujabetza handiagoa lortzeko eta lurraldeko erronkei manera eraginkorrean erantzuteko, kanpotik harturiko erabakien menpe izan gabe.

Horregatik, uste dugu 2026-2032 mandatuko erronka nagusietako bat eztabaida hori abiatu eta adostasun zabal batera arribatzea izanen dela, koadro instituzional berri baten aldeko gehiengoa osatzeko eta lurralde proiektu sendo bat eraikitzeko. Izan ere, baitezpadakoa da Ipar Euskal Herrian politika publiko aurrerakoiak indartzea. Eraldaketa ikuspegi horretan, Euskal Hirigune Elkargoaren gobernantza hobetzeko engaiamendua ere hartzen dugu, eta herriko bozen emaitzen arabera, ardura handiagoak hartzeko prest gara.

EHBaik Alderdi Sozialistari dei egiten dio Baionan ezkerreko batasunaren aldeko zerrenda sustengatzeko

EHBaik Ipar Euskal Herri osoan aitzinamendu berriak lortzea du xede. Hitzordu elektoral hau prestatzen ari gara azken hauteskundeetan egindako aitzinamenduak sendotzeko asmoz, eta gisa berean, Herriko Etxe berriak irabazteko helburuarekin. Herri ainitzetan adostasunak eraikitzen eta aliantzak lantzen ari gara gehiengo berriak osatzeko. 2020an baino zerrenda gehiago sustengatuko ditugula aurreikusiz, irekidura ezinbestekoa dela uste dugu ezkerreko proiektu abertzale, feminista, ekologista eta euskaltzale bat gauzatzeko.

Alta, Baionako egoerak kezka sortzen digu. Alderdi Sozialistako sektore jakobinoek abertzaleekin edozein lankidetza baztertzea erabaki dute, gisa horretan ezkerreko batasunari bizkar emanez. 2024ko hauteskunde legegileek, haatik, argiki erakutsi dute guztiz egingarria dela ezkerreko abertzaleekin bateragarriak diren hautagaiak eta programak osatzea, eta bide horrek garaipenera eramaten duela. Horregatik, Henri Etchetok batasun dinamikarekin bat egiteko egin zaizkion proposamenei erantzun ez eta bigarren zerrenda bat presentatzeko hartu duen erabakia arduragabekeria dela uste dugu. Erabaki hori deitoratzen dugu eta egoera argitzeko bidean, EHBaik dei egiten dio Alderdi Sozialistari ahalik eta lasterren publikoki sustenga dezan Baionan ezkerreko indarren batasunaren aldeko zerrenda.

Azken urteetako bilakaera kontuan harturik, ezkerreko abertzaleen aitzinamendu politiko-elektoralaren aitzinean hainbat sektoreren kezka agerikoa da. Hala, hauteskunde hauetan, dinamika baikor hori geldiarazteko asmo nabarmena antzematen dugu. Horregatik, abertzale guziak eta gure proiektuarekin bat egiten duten herritar guziak kanpainan mobilizatzera deitzen ditugu, eta baita 2026ko martxoaren 15ean eta 22an ere, hautetsontzietan manera zabal eta erabakigarrian parte har dezaten. Euskal Herrian posible da!

Behako bat Irailaren 27ko Elkargoko Kontseilura

Sartzeko Elkargoko Kontseilua Euskararen Erakunde Publikoari (EKE) buruzko eztabaida kezkagarri batekin hasi da, eta orokorrago euskarari buruzko eztabaidarekin.

Frantziako Estatuak euskara ahultzen du

Bil Gaiten taldeko lehendakarikide den Nicole Etchamenyk plazaratu du gaia auditoriumean. Itsasuko hautetsiari EKEko buxetak kezkak sortzen dizkio: buxeta izoztua da eta ez dirudi elkargoetatik bilakaerarik etorriko denik urte hondarrean bere hitzarmena berriz bideratzeari buruz. Euskal Elkargoak izan ezik, ez Frantziako Estatuak, ez Eskualdeak, ez Departamenduak ez dute ahalegin ekonomikorik eginen. Ildo beretik, Frantziako Estatuak Euskararen Erakunde Publikoari emandako dirulaguntza 30 000 euroz ttipitu da. Estatuaren borondate politikoa zalantzan jarri eta benetako ahultasunaren seinale dira buxetari lotutako hautu horiek. Frantziako Estatuak bere gain hartu beharko luke azken hamarkadetan Ipar Euskal Herriak jasan duen kalte linguistikoa konpontzea, ordea, egoera okertu egiten du soilik.

Departamenduko lehen lehendakariorde den Claude Olive eta Eskualdeko finantzen lehendakariorde den Sandrine Derville angeluarren hitzartzeek ez dute egoera baretu. Guztiz kontrakoa: nork bere elkargoan EKEren buxetari dirua emateko zailtasunak justifikatu dituzte, Estatuaren desengaiamenduari lotutako trabak, beste batzuen artean.

Antton Curutcharryk, hizkuntza eta kultura politiken lehendakariordeak, Euskal Elkargoak diru sarrera gehiago atxiki zituela oroitarazten du. Lau aldeko hitzarmen baten markoan EKEren buxeta areagotzeko helburuarekin egin zen atxikipen hori, baita erakundearen behar zehatzetara erantzuteko ekarpen gehigarria ematea ere.

Euskal hautetsi eta parlamentarien ordezkaritza bat Parisera joan da Elisabeth Bornekin biltzera, baina dimisionatu duen Hezkuntzako ministroak ezin izan du engaiamendurik hartu. Hortaz, momentukoz blokeo egoeraren aurrean gaude.

Laborantza eta elikadurarako bide-orria

Laborantza munduko eragile ezberdinekin eta biharko Laborantza eta elikaduraren batzordeko hautetsiekin egindako adoste lan luzearen ostean, Euskal Elkargoko Laborantza eta elikadura plana aho batez onartua izan da. Hurrengo hamarkadetan euskal laborantza modeloa babesten duen aurreikuspen ikuspegia dauka plan honek. Euskal Mendi politika eta Klima Airea Energia planarekin batera antolatzen dena.

Maite Echeverriak babesa adierazi dio planari, dituen erronka garrantzitsuei dagokionez. Haatik, aginteari buruzko politikak ebaluatzeko metodorik ezarri ez dela adierazi du.

Gainera, Ozaze-Züharako auzapezak lehendakariordeari laborantzarako erakunde publikoaren sorrerari buruz galdegin dio. Euskal Elkargoko lehendakariak 2024ko Lurramako irekitze ekitaldian jakinarazi zuen azken honen sorrera.

Maite Echeverriak erabaki hori aprobetxatu du higiezin baten sorrera zalantzan jartzeko, jakinez lurraldeko beste egitura batzuek zerbitzu hori eskaintzen dutela. Bere gainbalio errealak baino, ekintzarako gaitasunak eta eskainitako buxetak dira zalantzak pausatzen dituztenak. Xiberotar hautetsiaren arabera, Euskal Elkargoak arazoa konpon zezakeen Lurzaindiara joz.

Ipar Euskal Herrian, artifizializazioa Frantziako Estatuko beste eremuetan baina %40 altuago den eremuan, 1500 laborantza ustiapen desagertuko dira 2050ean.

Jarrera oneko eztabaidaren ondotik, plana aho batez onartua izan da. Laborantzako Erakunde Publikoa 2025eko abenduko Elkargoko Kontseiluan gorpuztu beharko liteke.

Burujabetza ekonomikoa eta mugaz gaindiko lankidetza

Alain Iriartek Euskal Autonimia Erkidegoaren (EAE) eta Euskal Elkargoaren arteko lankidetza memorandumari sostengua erakutsi dio. Lankidetza hurrengo bost urteetarako hitzartua da.

Bi erakunde hauen artean egin behar den lana irudikatzeko Hiriburuko auzapezak Lauaken txostena eredutzat hartu du.

Iazko uda hasieran konglomeratu indiar batek Lauaken gidaritza hartu zuen. Frantziako industria eta energia ministroa kezkatuta ageri zen, Frantziako Estatuko burujabetzaren galera atzerritarren interesen esku gelditzen baitzen. Alain Iriartek hemen, Euskal Herrian, ekoitzitakoaren balore erantsia beste leku batzuetara eramatearen arriskuen aurrean ikusle soilak ez izateko deia egiten du. Halaber, ez dugu ikerketa, garapena zein erabakitze zentroak lurraldean geratuko diren segurtasunik.

Euskal Elkargoak bere bertako eragile ekonomikoen jabekuntza izateko, Hego Euskal Herriak daukan jarduera industrial dinamikoa izateko, Euskal Herria barnebiltzen duten 3 erakunde administratiboen artean lankidetza ekonomikoak sustatu behar dira. Alain Iriarten ustez, ardatz federatzaile horrek lantegi euskaldunak hobeto lagunduko lituzke, ekosistema sozio-ekonomiko erresilienteagoa sortuz.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.