Antiinperialismotik, herrien burujabetza eta euskal nazioaren eraikuntza

 

Aberri Eguna 2026: EHBai eta EH Bilduren adierazpen bateratua

Munduak bizi duen testuingurua gero eta konplexuagoa eta arriskutsuagoa da. Botere handiek gerra, presioa eta baliabideen kontrola erabiltzen dituzte beren nagusitasuna bermatzeko, eta horrek herrien zein pertsonen askatasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen ditu.

Autoritarismoa ez da urruneko mehatxu bat: gure inguruan hazten ari den errealitatea da. Eta ondorio gisa militarizazioa dakar. Baina argi esan nahi dugu: militarizazioak ez du bidezko konponbiderik erdietsiko. Gerrak ez du irtenbiderik; sufrimendua baino ez du sortzen. Oraingoan ere, Ekialde Hurbila sutan jarri dute, eskalada arduragabe batek hondamendia zabaltzen duen bitartean.

Horregatik, gure mezua argia eta irmoa da: gerrarik ez.

Gure ikuspegia antiinperialismotik eta herrien eskubideen defentsatik abiatzen da. Nazioen burujabetzari bai erraten diogu. Herrien autodeterminazioari bai erraten diogu. Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa dira gatazkak konpontzeko bideak.

Bitartean, krisi hauek ondorio larriak dakartzate: kalte ekologikoak handiak izango dira, eta ondorio ekonomikoak jadanik ari gara pairatzen. Prezioek gora egiten dute, bizi-kostua handitzen da, eta berriro ere langileen eta herri sektoreen bizkar gainera dator zama. Hori ezin dugu onartu. Pertsonen ongizatea lehenetsi behar da. Herritarrak babestu behar dira, merkatuen interesen eta espekulatzaileen gainetik.

Horrela ulertzen dugu guk Euskal Herriaren eraikuntza. Euskal nazioa langileentzat eta herri sektoreentzat aterpe demokratiko gisa garatu nahi dugu: euskal nortasunaren bizileku, eskubide ororen babesleku eta herritarren beharrizanen asebide. Hori da gure aberria.

Euskaraz biziko den Euskal Herria eraiki nahi dugu. Egunotan berriro sentitu dugu gure hizkuntzaren aldeko herri taupada sendoa, baina, aldi berean, euskara mehatxupean dagoela dakusagu egunero. Larrialdi linguistikotik indarraldira igaro behar dugu.

Mundutik datozkigun eta bertan sortzen zaizkigun erronkei erantzun beharrean gaude, eta horretarako lanabes eta baliabide politikoak behar ditugu. Euskal Herriaren oraina eta geroa erabakitzeko gaitasuna eta gure herriaren hitza errespetarazteko bermeak behar ditugu. Horregatik, beste jauzi bat egin behar dugu burujabetzaren bidean.

Frantziako zein Espainiako estatuetan lurralde ereduaren eztabaida zabalik dago, eta Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herria) estatus politikoak berritzeko beharra gero eta agerikoagoa da. Egitura politiko-instituzionala berrosatzeko ariketa egitea lehentasun bat da, lehenik eta behin bertako eragile eta indarren artean akordio sendoak eginez.

Hori da Aberri Egun honetan zabaldu nahi dugun mezuetako bat: herri gisa jokatu eta adostasun zabalak eta gehiengo politiko eta sozialak osatu behar ditugu, bai aurrean ditugun arriskuei –eskuin muturreko oldarraldiari, besteak beste– erantzuteko, bai urteotan egindako herri lanaren uzta jasotzeko.

Ezkerreko abertzale, subiranista eta independentistok eskuak zabalik ditugu elkarrekin etorkizuna irabazteko. Zentzu horretan, aipamen bat egin nahi diegu Ipar Euskal Herrian iragan berri diren herri hauteskundeei. Izan ere, etapa berri bat irekiko da orain, bai herrietan bai Euskal Hirigune Elkargoan. Ezkerreko abertzaletasunak jaso duen sustengua eta egindako aitzinamendua oso garrantzitsua izan da eta, hain zuzen, indar berritu hori Euskal Herriak dituen erronken alde jartzeko lanabes izanen da.

Bada, beraz, arrazoirik euskaldunon aberriaren alde egiteko, eta horregatik dei egiten diegu euskal herritarrei Aberri Egun honetako ekitaldietan parte hartzera. Euskal Herria Baterak joan den larunbatean Lizarran antolatutako ekitaldi bateratua izan da lehen hitzordua. Eta apirilaren 5ean, Aberri Egunean bertan, Baionan eta Iruñean elkartuko gara, nazio bat garela eta gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi dugula aldarrikatzeko.

2026ko herri hauteskundeak: Ipar Euskal Herriak ezkerreko abertzaleen hazkundea berretsi du

 

 

 

Martxoaren 22an, igandearekin, herri hauteskundeen bigarren itzulia iragan da Ipar Euskal Herriko 11 herritan. Ezkerreko abertzaleek gidaturiko edo ezkerreko abertzaleak barne zituzten dinamikak guziak bigarren itzulirako sailkatuak ziren. EHBaik, arduran edo oposizioan izan, talde munizipal berri guziak zoriondu nahi ditu, baita bere militantzia osoa ere, egindako lan handiagatik.

Martxoaren 15eko eta 22ko herriko bozen ondotik, ondorio argi bat ateratzen dugu: aldaketa sozial eta demografikoaren testuinguruan, ezkerreko abertzaletasunaren proiektuak, ideiek eta bere aldeko sustengu zabalak aitzinamendu nabarmena ezagutu dute Ipar Euskal Herrian.

Errotze iraunkorra lurraldean

Gaurko honetan, Baionan asko zen jokoan. Maleruski, Lapurdiko hiriburua ez du ezkerreko auzapez abertzale batek gidatuko. Halere, urrats handia egin da: lehen itzulian, ezkerreko abertzale batek gidaturiko ezker batasuneko zerrenda bigarren lekuan gelditu zen eta hori historikoa da. Igande honetan, bigarren itzulian posible izan da irabaztea eta horrek, lurraldean egindako aitzinamendua irudikatzen du.

Joan den igandean azpimarratu genuen bezala, ezkerreko abertzaleek parte hartzen duten dinamikak BAB hirigunean errotzen ari dira. Ezkerreko eskaintzak Bokalen irabazi izana sekulako urratsa izan da. EHBaik azpimarratu nahi du Bokalen egindako kanpaina iraunkorrak permititu duela Vivons Boucau lehen indar bilakatzea. Biarritzen berriz, Biarritz Berrik emaitza biziki onak lortu ditu eta bere eragina handitzen du. Oro har, Angelu eta Baiona gehituz, hautetsi ezkertiar eta abertzaleak izanen dira lau hiri horietan. Zalantzarik gabe, aitzinamendu garrantzitsua.

Halaber, EHBaik goresmenak helarazi nahi dizkie Aitzina Maule, Baiona Mugimenduan · Elkarrekin Baionarentzat, Biarritz Berri, Biharko Arbona, Donibanen Bizi, Elgarrekin (Beskoitze), Azkaine Bai, Elgarrekin Urruña, Nahi Dugun Herria (Kanbo) eta Hendaia Biltzen zerrendei, kanpaina oso ederrak egin baitituzte, nahiz eta gaur, maleruski, garaipena lortu ez duten. Ezkerreko abertzaleek Urruñako herriko etxea galdu dute, non Filipe Aramendik eta bere taldeak lan biziki ona egin duten azken sei urteetan. Halere, Urruñan eta herri horietako gehienetan, herritarren eskutik jasotako boz kopurua nabarmen emendatu da 2020ko hauteskundeei konparatuz. Ondoko urteei begira, herrietan dinamika zabalak eraikitzen segitzeko eta herriko etxeetan eragiteko baldintzak ainitzez hobetu dira.

EHBaik, haatik, bere kezka adierazi nahi du eskuin muturrak Baionan atera dituen emaitzak direla eta: egiazki lorpen bat bada Ipar Euskal Herri osoan zerrenda bakarra izatea, Pascal Lesellierren zerrendak Baionan hautetsi bat eta Elkargoan beste bat atera izana biziki kezkagarria da. Inoiz baino gehiago, eskuin muturraren aitzinean, Euskal Herriak harresi izaten segitu behar du eta EHBaik abian duen kanpaina atxikiko du bai karrikan bai instituzioetan.

Ipar Euskal Herriko mapa politiko berria marraztua da

Arrats huntatik goiti, Ipar Euskal Herriko herri guziek badakite zein gehiengok gidatuko duen haien herriko etxea. 2020an, 15 auzapez abertzale ezkertiar ziren. Aurten, 2026an, 6 herriko etxe gehiago dira, guztira 21. Eta abertzaleek hainbat herritan gehiengoetan parte hartuko dute.

2020az geroztik, ezkerreko proiektu abertzale, feminista eta ekologistak gero eta sustengu eta konfiantza handiagoa jasotzen du herritarren aldetik. 2020an irabazitako herri gehienak atxiki eta lehen aldiz EHBaiko kide diren ezkerreko auzapez abertzaleak izanen baitira Senperen (Euskal Hirigune Elkargoko 7. herria), Donapaleun (Baxenafarroako herririk populatuena) eta Lekuinen (urte luzez eskuinak gobernatua).

2026ko herri hauteskundeen ondotik, ezkerreko abertzaletasunak hautetsi gehiago izanen ditu herrietan, baita Euskal Hirigune Elkargoan ere. Justuki, ondoko asteetako erronka nagusia Elkargoaren osaketa izanen da. Abertzaleontzat helburua izanen da ondoko mandatuan Ipar Euskal Herrian estatus politikoaren aldaketan urratsak egitea eta lurralde proiektua sendotzea.

Euskal Herriaren eraldaketa sozial eta burujabetzarako proiektua instituzioetan ez ezik, jendartean eraikitzen da. Horregatik, inoiz baino gehiago, proiektu horrekin bat egiten duten herritar guziei dei egiten diegu apirilaren 5ean, igandearekin, Baionan 2026ko Aberri Eguna ospatzera hurbil daitezen, Euskal Herriaren aldeko proiektua elkarrekin biziarazteko!

Hemen bai, Euskal Herrian posible da!

2026ko herriko bozen lehen itzulia: ezkerreko abertzaletasunaren proiektuak Ipar Euskal Herrian aitzinatzen segitzen du

Gaur iragan da 2026ko herriko bozen lehen itzulia. Ipar Euskal Herri osoan, hautesleak bozkalekuetara joan dira gure lurraldearentzat erabakigarria den hitzordu honetan beren ahotsa entzunarazteko. Lehen itzuli honek azken urteetan ezkerreko abertzaleek egindako aitzinamenduak berresten ditu. EHBaik deia egiten du bigarren itzulia izanen den herrietan masiboki mobilizatzeko.

Ezkerreko abertzaleen aitzinamenduak segitzen du

Gaur gauean, Ipar Euskal Herriko 146 herrik badakite jada zein izanen den herria gidatuko duen gehiengoa. Ezkerreko kide abertzaleak dituzten edo haiek gidaturiko zerrendek Uztaritze, Ziburu, Hiriburu, Itsasu, Donapaleu, Baigorri, Aiherra, Bidarrai, Biriatu, Lekuine, Izura, Lexantzü, Ligi, Gabadi, Gamarte, Getaria, Mendibe, Ortzaize, Suhuskune eta Urepeleko herriko etxeak atxiki dituzte; eta lehen aldiz Senperen garaipena lortu dute lehen itzulian. 2020an, ezkerreko abertzaleek 15 herriko etxe eskuratu zituzten. 2026an, berriz, lehen itzulitik bertatik 21 herriko etxe kontatzen ahal ditugu.

EHBaik azpimarratu nahi du Donapaleun eta Senperen lehen aldiz ezkerreko auzapez abertzale bat izatea aitzinamendu garrantzitsua dela. Azpimarratzekoa da ere Hendaia Biltzen zerrendaren emaitza, 2020tik hona 12 puntuz emendatu baita herritarren sustengua eta bigarren itzulian izanen da. Hazparnen ere, Herritarrekin zerrendak %9tik %28ra egin du sei urtean, eta egun herrian 4 hautetsi lortu ditu. Bigarren itzulirako, ezkerreko abertzaleak ongi kokatuak dira Azkaine, Bokale, Urruña eta Arbonan.

Halaber, hauteskunde hauek erakusten dute ezkerreko abertzaleek parte hartzen duten dinamikak BAB hirigunean errotzen ari direla. Bokalen, Vivons Boucau zerrenda lehen postura heldu da eta garaipena lortzeko aukera argia du. Angelun, Hemen Angelu zerrendaren dinamikak bi hautetsi abertzale sartzea ahalbidetu du historian lehen aldiz Ipar Euskal Herriko bigarren hirian. Biarritzen, Biarritz Berri zerrendak emaitza biziki ona lortu du eta erabakigarria izanen da bigarren itzulian. Baionan, bigarren bukatuz, emaitzak erakusten du Euskal Herriaren errealitatea kontuan hartzen duen ezkerraren batasunaren alternatiba irabazle bakarra dela, 2024ko legebiltzarrerako hauteskundeetan gertatu zen bezala. Deitoratzen dugu bide hori trabatua izan dela.

Balore abertzaleen sustraitzea

Aitzinamendu hauekin guziekin, ezkerreko boz abertzalearen indartzeak gure oinarrizko balioen sustraitzea sendotzen du: euskararekiko atxikimendua, feminismoa, ekologia eta gure nazioa biziarazteko borondatea. Euskal Herriaren burujabetza prozesua behetik gora bultzatzeko herriak funtsezkoak dira, eta EHBaik azpimarratu nahi du hauteskunde hauetan proiektu abertzalearen indartzeak Euskal Herriaren nazio eraikuntzarako lanabes berriak eskainiko dituela.

2020tik hona, proiektu abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologistak gero eta herritar gehiagoren sustengua eta konfiantza jasotzen du. Orain arte bezala, ardura handiz jarraituko dugu emandako konfiantzari hutsik ez egiteko lanean.

Azkenik, berriz ere azpimarratzen dugu bigarren itzulia izanen den herri guztietan mobilizatzen segitzeko beharra, proiektu aurrerakoia, abertzale, feminista eta ekologista defendatzeko. Herri batzuetan, bigarren itzulia erabakigarria izanen da. Martxoaren 22an, bozka masiboki!

Iran: EHBaik erasoak gelditzeko eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko deia egiten du

 

EHBaik irmoki gaitzesten ditu otsailaren 28an Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka egindako eraso eta bonbardaketak, baita ondotik etorri den eskalada militarra ere.

Duela hilabete batzuk Ameriketako Estatu Batuek Venezuelaren aurka egindako eraso inperialistaren ondotik, eta palestinar herriaren aurkako genozidioak jarraitzen duen honetan, eraso hauek ere nazioarteko zuzenbidea urratzen dute eta nazioarteko testuinguruaren ezegonkortasun sakona agerian uzten dute.

Beste behin, agerikoa da Estatu Batuen eta Israelen xedea ez dela bakea lortzea edo Irango herriaren askatasuna bermatzea, beren interes estrategiko eta geopolitikoak babestea baizik.

EHBaik herri guzien burujabetza defendatzen du eta oroitarazten du Irango herria dela bere etorkizuna erabakitzeko zilegitasuna duen bakarra. Eraso militarrak berehala eteteko, elkarrizketaren bideari ekiteko eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko galdegiten dugu. Nazioarteko komunitate osoak norabide horretan erreakzionatu behar du.

EHBaik bere kezka sakona adierazten du jada gogor kolpatua izan den Irango herriaren egoeraren aitzinean, baita eskualde osoarenean ere, eta bortizkeria zurrunbilo honek kaltetutako herritarrei elkartasuna helarazten die. Berriz ere berresten dugu bakearen aldeko gure engaiamendua, baita herrien autodeterminazio eta burujabetzaren aldekoa ere.

Herri hauteskundeak: EHBaik Ipar Euskal Herrian bere engaiamendua segitu eta indartzen du

2020ko herriko bozetatik hona, Ipar Euskal Herriko paisaia politikoak aldaketa handiak ezagutu ditu. Herri ainitzetan, ezkerreko abertzaleak barne diren dinamiken eraginez sorturiko taldeek erakutsi dute herriak sinesgarritasunez, hurbiltasunez eta anbizioz kudeatzeko gaitasuna dutela.

Azken urteak ezkerreko abertzaleek lurraldearen eta bere bilakaeraren, etxebizitzaren, trantsizio ekologikoaren eta euskararen biziberritzearen aldeko engaiamendu sendoak markatu ditu. Aitzinamendu horiek guztiek herritarren beharrei erantzuteko tokiko sustraitze sendo baten beharra baieztatu dute.

Indartze bide horretan, herrietan gero eta gehiago dira dinamikan parte hartu eta zerrendetan aurkezten diren EHBaiko eta hurbileko kideak, besteak beste:

– Ahetze: Ahetzen
– Angelu: Hemen Angelu
– Arbona: Hats Berri bat Arbonari
– Azkaine: Azkaine Bai
– Baigorri: Aintzina Baigorri
– Baiona: Baiona Mugimenduan
– Biarritz: Biarritz Berri
– Bokale: Vivons Boucau
– Donapaleu: Aintzina Donapaleu
– Donibane Garazi: Donibane Erne
– Donibane Lohizune: Donibanen Bizi
– Hazparne: Herritarrekin
– Hendaia: Hendaia Biltzen
– Hiriburu: Hiriburu Maita
– Itsasu: Herriari
– Kanbo: Nahi Dugun Herria
– Larresoro: Mintza Larresoro
– Maule: Aitzina Maule
– Urruña: Elgarrekin Urruña
– Uztaritze: Uztaritze Bai
– Sara: Har Hitza
– Senpere: Hats Berri
– Ziburu: Ziburu Bizi

Ipar Euskal Herri osoan, zerreda hauek tokiko demokrazian, justizia sozialean eta gure lurraldearen balore zein identitatearen aldeko ikuspegian oinarritzen dira. 

Halaber, azpimarratu nahi dugu barnekaldeko herri ttipietan auzapez, hautetsi eta hautagai abertzaleek parte hartzen duten zerrenda anitz aurkeztu direla hauteskunde hauetara. Zabalpen hori azken urteetan ezkerreko abertzaleek egin lanaren emaitza da eta garrantzia handia hartuko du Ipar Euskal Herriko mapa munizipalean.

Bukatzeko, martxoaren 15 eta 22an, abertzale oro eta orokorrean gure proiektuarekin bat egiten duen herritar oro hautetsontzietan erabakitasunez mobilizazatzera deitzen dugu. Euskal Herrian posible da!

Behako bat urtarrilaren 31ko Elkargoaren kontseiluari

Egungo mandatuaren azken-aurreko Elkargoaren Kontseilua 2026ko urtarrilaren 31n burutu zen. Bilkura trinkoa izan zen, eta neurri handi batean Gobernantza Itunaren proiektu berriaren onarpenari zuzendua. Itun horrek ondoko mandatuan Ipar Euskal Herriko instituzioaren ibilmoldea egituratzeko xedea du.

2025 urte osoan zehar lurraldeko batzordeetan egindako lanaren emaitza den Gobernantza Itun berria, bereziki, lurralde-batzordeen rola azkartzera, herrien zerbitzura den ingeniaritza garatzera, eta lurralde-poloen esparruari eta eginkizunari buruzko gogoeta sakontzera heldu da. Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik egindako hirugarren bertsioa da, eta koadro ebolutibo gisa pentsatua izan da, Elkargoaren erronka berriei erantzuteko.

Ipar Euskal Herri mailako eskalan komunitatea egin

Alain Iriart Hiriburuko auzapezak Euskal Hirigune Elkargoak Gobernantza Itunaren proiektu berri honen inguruan egindako lana txalotu zuen, Kontseilu Exekutiboko kideak eta lurralde-poloak elkarlanean jartzea lortu duelako.

Bozketara aurkeztu zen dokumentuak gogoeta eta ekintza uztartzeko borondate partekatua islatzen du, Euskal Herriaren eskalan komunitatea egiteko xedearekin. Hautetsiak erabakien erdigunean berriz ezartzeko anbizioa azpimarratu zuen, bereziki lurralde-poloei ardura handiagoa emanez eta horri loturiko aurrekontu baten bidez. Gobernantza Itun berri honek hurbiltasuna eta herritarren parte-hartzea indartzeko borondate berritua du, biztanleak politika publikoetan gehiago inplikatuz. Jakina, erronka berriak ere txertatu beharko dira: eskumenen erabilera, poloen perimetroen inguruko eztabaida… betiere metodo parte-hartzaileari atxikiz.

Alain Iriarten ahotik, Bil Gaiten talde osoak Gobernantza Itunaren proiektua salbuespenik gabe bozkatuko zuela jakinarazi zuen, ondoko mandatuan egiazko izaera eman eta biziarazteko asmoz.

Bestalde, beste hautetsien taldeko ordezkariak ez zuen proiektu honen inguruan iritzi bera agertu. Izan ere, Elkargoak lantzen dituen adostasunekin kontraesanean den jarrera politikoan, Peio Etxeleku jeltzaleak gainerateko hautetsiei proiektuaren aurka bozkatzeko deia egin zien. Azkenean, 5 hautetsik baizik ez zuten bozkatu Gobernantza Itunaren aurka, eta proiektua botoen %97rekin onartua izan zen.

Edonola ere, etorkizuneko 232 hautetsiek aukera osoa izanen dute Gobernantza Itun hori berresteko edo berrikusteko, heldu den udaberrian beren karguak hartzen dituztenean.

Bateraren bideari segi

Daniel Olzomendi Izurako auzapezarentzat, bi erronka nagusi dira mahai gainean: batetik, NOTRe legearen bidetik lorturiko estatusarena, eta bestetik, haren perimetroarena. Euskal Hirigune Elkargoa egun Frantziako Estatu osoko elkargo handiena da, eta horrek zenbait zailtasun sor ditzake gure instituzio gazteak agertzen dituen anbizio guziak gauzatzeko unean. Aitzinatzeko tarteak badirela onarturik, Elkargoa sortu aitzin Hazparneko tailerretan nagusitu zen konfiantza eta adostasun giroari leial segitzeko deia egin zuen.

Bere aldetik, Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak eztabaida ikuspegi historiko batean kokatu zuen, Elkargoaren gaztetasuna oroitaraziz, Ipar Euskal Herriarentzat berezko instituzio baten alde Baterak bultzaturiko mobilizazioak oroituz – horiek ekarri baitzuten Elkargoaren sorrera – eta Biltzarraren rola azpimarratuz, bere ustez ikuspegi berean berriz aztertu beharrekoa. Amikuzeren adibidea aipatu zuen, non hastapen batean Elkargoa sortzearen aldeko atxikimendua mugatua izan baitzen (27 herritatik 10 alde), eta lurraldeak instituzioa sortu zenetik izan duen bilakaera positiboa nabarmendu zuen. Egun, nehork ez luke tresna horren egokitasuna zalantzan jarriko. Horregatik, gelan zirenei dei egin zien Bateraren ildotik komunitatea egiteko bide kolektibo horri segida ematera.

Hizkuntza politika, kultura eta aurrekontuetan inbestimenduak

Bilkura, beste gai egituratzaileak ere izan zituen ardatz.

Egoitz Urrutikoetxea Lexantzüko hautetsiak Euskararen Erakunde Publikoaren finantzaketari buruzko negoziazioen porrota aipatu zuen, Elkargoa ez besteko instituzioen borondate politiko eza salatuz. Frantziako Estatuaren borondate faltak, gainera, Prefetak tokiko hautetsien kontra egindako adierazpen onartezinekin batera etorri dira.

Egoitz Urrutikoetxeak norabide aldaketa argia galdegin zuen: Frantziako Estatuak euskara arriskuan ezartzean duen erantzukizunaren aitortza; finantzaketen bermatzea urte anitzeko inbestimendu planen bidez; eta euskararen estatus juridikoaren indartzea, koofizialtasunerako bidea irekiz.

Gisa berean, Antton Curutcharryk, hizkuntza politiken ardura duen lehendakariorde eta Baigorriko auzapezak, euskararen aldeko izaera komunitarioko proiektu kultural bat presentatu zuen onarpena jasotzeko. Uztaritzeko Lota gazteluan euskal kulturaren baliabide zentro bat sortzea da proiektuaren muina. Egitasmo hau jadaneko existitzen den ekosistema batean oinarritzen da (Herri Soinu, Euskal Dantza Institutua, Bertsularien Lagunak, Bilketa…), sinergiak sustatzeko parada emanen duena. EKE (Euskal Kultur Erakundea) bertan instalatzea aurreikusia da 2027ko urtarrilaren 1erako, berritze fase baten ondotik.

Azkenik, Nicole Etxamendi Itsasuko lehen axuantak, 2021etik honako aurrekontu testuinguru hertsia izan zuen hizpide, Frantziako Estatuaren diru-laguntzen beherakadak, inflazio azkarrak eta zorpetzeko gaitasun murritzak markatua izan dena. Ibilmolde gastuak egonkortzea lortu bada ere, inbertsiorako maniobra-marjinak murrizten ari direla deitoratu zuen. Egungo aurreikuspenek Frantziako Estatuaren aldetik etengabeko diru-laguntza apaltzea iragartzen dute. Etxamendik azpimarratu zuen geroari buruz irizpide argietan oinarrituriko arbitraje kolektiboak egin beharko direla, hautetsiei erabaki argiak hartzeko aukera emateko. Ondoko mandatuaren hastapenetik bertatik erronka nagusietako bat izanen da hori.

Genero berdintasunerako, sufragio zuzenaren alde!

Xole Aire Urepeleko auzapezak Elkargoaren balantze kritikoa egin zuen emazteen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko urteko txostenaren harira. Nabarmendu zituen lanpostuen artean oraindik ere dirauten soldata-arrakalak, bai eta hautetsien arduren arteko desorekak ere. Gisa horretan, Elkargoaren exekutiboan parekotasun printzipioak erakusten dituen mugak azpimarratu zituen. Izan ere, Elkargo hautetsiak herrietako zerrendetatik egindako seinalamendu baten ondorio dira, eta exekutiboa lehendakariak izendatzen du mandatuaren hastapenean; ez dago araudi bidezko baldintzarik mandatuen banaketan oreka zuzena bermatzeko. Horregatik, sufragio unibertsal zuzena ezartzearen alde agertu zen Xole Aire, baldintza horrek egiazko parekidetasuna bermatu ahal izanen lukeelako. Beste arrazoi bat, beraz, bilakaera instituzionalaren alde egiteko.

Gaurkotasunari tiraka, Urepeleko auzapezak bere hitz hartzea Xilabaren final historikoa aipatuz bukatu zuen, bost emazteren presentziak nabarmenduz. Beren lekua egiten jakin duten bost emazte; zilegitasun faltaren antsietatea gainditzen jakin duten bost emazte. Elkargoaren etorkizunerako itxaropenez beteriko istorio bat.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.