Herriko bozak: lurralde proiektua ere jokatzen den hitzordua

 

Herriko bozak ate joka ditugu, eta erronka handia dugu lurralde gisa. Izan ere, hauteskunde hauetan herri eta hirietan bozkatuko dugu eta emaitzek Ipar Euskal Herriko mapa munizipal berri bat erakutsiko digute. Mapa horrek bere isla zuzena izanen du Euskal Hirigune Elkargoaren konposizioan. Horregatik, garrantzia eman nahi diogu martxoaren 15 eta 22an bozkatuko dugunak gure herrietako eta lurralde osoko politika publikoetan izanen duen eraginari.

Euskal Hirigune Elkargoaren baitan 2026-2032 arteko mandatua garrantzitsua izanen da Ipar Euskal Herriko lurralde proiektua egonkortu eta indartzeko. Egungo krisi, ez egonkortasun eta agenda erreakzionarioaren aitzinean, gure lurraldeak, anbizioz jokatu eta urrats kualitatiboak egin behar ditu bere garapena segurtatua izatea nahi badugu.

Oroitu nahi dugu Ipar Euskal Herrian gehiengo batek Estatus bereziko Lurralde Kolektibitatearen alde egin zuela 2010eko hamarkadan eta Frantziako Estatuak ez zuela eskaera onartu. Halere, Ipar Euskal Herria subjektu gisa onartuko zuen prozesuan aitzina egiteko deliberoa hartu zen.

2017az geroztik, Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin, lurraldea egituratzen eta instituzionalki antolatzen ari da. Lurraldeak zegozkion konpetentziak bere egin ditu eta hiru lurraldeetako herritarrentzat politika publikoak plantan ezartzen hasi da. Egungo koadro instituzionalak dituen ageriko muga eta hutsuneekin, Ipar Euskal Herriak erakutsi du badakiela bere burua gobernatzen eta kontsentsuz lan egiten.

Bilakaera instituzionalaren beharra

Horregatik, uste dugu urrats bat aitzina egin behar dugula, gure errealitateari eta anbizioei loturiko tresna berriekin. 2026-2032 mandatua biziki garrantzitsua izanen da Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalean eta gure ustez, Euskal Hirigune Elkargoak rol garrantzitsua bete behar du indar harreman berriaren eraikuntzan, jendarte zibilarekin batera, hautetsien arteko eztabaida eta adostasunak sustatuz.

Egin dugun bidea egonkortu eta garatzea beharrezkoa da, baina lurraldeak botere eta konpetentzia gehiago behar ditu eta baita herritarrek lurralde mailako beren ordezkariak sufragio unibertsalaren bidez hautatzeko aukera izatea ere. EHBaik lurralde ikuspegia eta proiektua azkartzea proposatzen du, eraiki dugun horretatik abiatzea bilakaera instituzionaleranzko bidean elkarrekin egiteko. 

Jendarte zibilak eta herritarrek bezala, martxoaren 15 eta 22an hautatuak izanen diren lurraldeko kontseilariek rol biziki garrantzitsua betetzen dute debate honetan eta zentzu horretan, Batera plataformak abiatu duen gogoetan parte hartzeko dei egiten dugu, aniztasunetik eta kontsentsutik. EHBaik eztabaida eraikitzailearen aldeko deia egiten du eta azpimarratzen du gure lurraldearen etorkizuna hemen eraiki, adostu eta erabakiko dela. 

Gai estrategikoetan aitzinatu

Euskal Hirigune Elkargoak egun dituen konpetentziak egonkortu eta sendotzeko baliatu behar du mandatu berria, baita gai horietan pauso bat aitzina egiteko ere. Egungo testuinguruan elkar lotzen diren krisi ezberdinak kontuan hartzen baditugu, ahalik eta urrats sendoenak egin behar dira politika publikoetan eta konpetentzia guzien garapenean. 

EHBairentzat gai guziak dira garrantzitsuak eta horregatik, azpimarra jarri nahi dugu euskara, kultura, trantsizio ekologikoa, etxebizitza, lurra eta lurraldearen antolaketa, laborantza eta elikadura, mugikortasuna, uraren kudeaketa, ekonomia, mugaz gaindiko ildoa, goi mailako hezkuntza edota hondarkinen politiketan urrunago joateko beharrarekin, proiektu berriak plantan ezartzeraino.

Halaber, gure ustez Euskal Hirigune Elkargoak ezinbesteko funtzioa betetzen du gai ezberdinetan aitzina egiteko edota eragiteko, besteak beste: euskararen ezagupen ofizialaren demandari loturik; Abiadura Handiko Trenaren aurkako jarreran; etxebizitza arloko eskumenak lortzeko; Elikadura eta Laborantza Bulego Publikoa sortzeko edota emazteen eskubideen aldeko politika publiko bat abiatzeko.

Mandatu honetan, Ipar Euskal Herria ezagutzen ari den hazkunde demografikoari lurralde gisa erantzun egokiak ematea erronka garrantzitsuetako bat izanen da ere.

Gobernantza hobetu

Azken hilabeteetan, Euskal Hirigune Elkargoak sustaturik, Gobernantza Itun berriaren proiektua eraikitzeko eztabaidak izan dira hautetsien artean. Ezkerreko hautetsi abertzaleek aktiboki parte hartu dute proiektuan, zeina larunbat honetan bozkatua izanen den Ipar Euskal Herriko erakundean, mandatu berriaren hastapenean erabakia izanen delarik.

Izan ere, zer egin nahi dugun bezain garrantzitsua da nola egin nahi den ongi definitzea. Atal honetan ere, bilakaera instituzionalak garrantzia handia hartzen du, abiapuntuan, herritarren bozka zuzenez ordezkariak ezin hautatzeak hutsune nabarmena erakusten duelako. Edonola ere, ondoko sei urteetan gobernantza hobetzea eta ahalik eta demokratikoena bilakatzea erronka bat izan behar da. 

EHBairentzat lurralde proiektu baten inguruan komunitate bat osatzeko batasuna, kohesioa, elkartasuna eta ekitatea bermatzea garrantzitsua da. Horrek erran nahi du hautetsien arteko eztabaidak garrantzitsuak direla erabakiak hartu aitzin eta herritarren parte hartzea ainitzez gehiago hobetu behar dela.

Lurralde proiektua, haatik, tokiko eskala indartuz ere eraikitzen da, betiere lurralde mailako orientazioekin bateragarritasuna segurtatuz. Horregatik, lurralde poloen eta tokiko hautetsien erantzukizuna sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigu politika publikoak tokiko errealitateari egokitzeko eta zinezko protagonismoa izan dezaten.

Bestalde, ahal den instantzia guzietan lurraldetako ordezkaritza izatea defendatzen dugu eta ordezkarien hautapenak ahalik eta kontsultazio handienarekin egitea. Gisa berean, herritarren eta jendarte zibilaren parte hartze aktiboa indartzearen beharra azpimarratzen dugu, jendartearen eta botere publikoen arteko sinergia elikatzeko.

Elkargoan ezkerreko abertzaleen ordezkaritza eta eragina handitzea lehentasun bat da EHBairentzat. Iragan den mandatuan abertzaleon ekarpena funtsezkoa izan da lurralde mailako proiektuan aitzinatzeko. Horregatik, martxoaren 15 eta 22ko herriko bozetan ezkerreko hautagaitza abertzaleen alde bozkatzeak lurraldearentzat duen garrantzia berretsi nahi dugu!

Barnekaldeko Topaketa Munizipalistak: EHBairen bultzada berria 2026ko herri hauteskundeei begira!

2026ko urtarrilaren 10ean, larunbatarekin, EHBaik barnekaldeari berezitua izan den Topaketa Munizipalistak burutu ditu, 2026ko martxoko herri hauteskundeetan aurkeztuko diren zerrenden prestaketa eta indartzeko asmoz. EHBairen helburua argia da: gure proiektu politikoarekiko herritarren babesa emendatzea eta ezkerreko abertzaleen presentzia azkartzea Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeetan zein Euskal Hirigune Elkargoan.

2026ko herri hauteskundeak, funtsezko erronka

Krisi estruktural anizkoitza bizi dugun honetan – soziala, ekologikoa, kulturala, politikoa edota demokratikoa -, 2026ko herri zein Elkargoko bozek funtsezko zeregina izanen dute horiei emango diegun erantzunean. EHBairentzat, hauteskunde hauek lehentasunezko hitzordua dira. Izan ere, Herriko Etxea herritarrengandik hurbilen den botere gune estrategikoa da; besteak beste, lurralde antolaketa, etxebizitzan, ingurumenaren babesean, hizkuntza politikan edota hirigintzan jarduteko eskumenak dituelako. Beraz, tokiko erakundeek parada ematen dute herrien eta lurraldearen eguneroko bizia egituratzen duten erabaki zehatzetan parte hartzeko eta biztanleen bizi baldintzak hobetzeko.

Frantziar Estatuak eramaten dituen politikak gure lurraldeko errealitate eta beharrekin deskonektatuak diren testuinguru honetan, euskara, zerbitzu publikoak eta ingurumena dira gure bizitzetatik urrun dauden erabakien kalteak pairatzen dituztenak. Erronka horien aitzinean, kolektiboki aritzea ez da aukera bat, behar bat baizik. Eta Herriko Etxeak eraldaketa sozial eta politikorako tresna garrantzitsuak direnez, gobernatzeko eta politika egiteko beste manera bat defendatzen dugu: eragile ekonomikoekin, jendarte zibilaren ordezkariekin eta, azken finean, herritarrekin batera lan egiteko borondate osoa berresten dugu.

Lurralde mailan ere, erronka sekulakoa da. Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, hainbat politika publiko garatu dira, eta dinamika hori, oro har, positibotzat jotzen dugu. Hala ere, Ipar Euskal Herriak bilakaera instituzionala behar du, burujabetza handiagoa lortzeko eta lurraldeko erronkei manera eraginkorrean erantzuteko, kanpotik harturiko erabakien menpe izan gabe.

Horregatik, uste dugu 2026-2032 mandatuko erronka nagusietako bat eztabaida hori abiatu eta adostasun zabal batera arribatzea izanen dela, koadro instituzional berri baten aldeko gehiengoa osatzeko eta lurralde proiektu sendo bat eraikitzeko. Izan ere, baitezpadakoa da Ipar Euskal Herrian politika publiko aurrerakoiak indartzea. Eraldaketa ikuspegi horretan, Euskal Hirigune Elkargoaren gobernantza hobetzeko engaiamendua ere hartzen dugu, eta herriko bozen emaitzen arabera, ardura handiagoak hartzeko prest gara.

EHBaik Alderdi Sozialistari dei egiten dio Baionan ezkerreko batasunaren aldeko zerrenda sustengatzeko

EHBaik Ipar Euskal Herri osoan aitzinamendu berriak lortzea du xede. Hitzordu elektoral hau prestatzen ari gara azken hauteskundeetan egindako aitzinamenduak sendotzeko asmoz, eta gisa berean, Herriko Etxe berriak irabazteko helburuarekin. Herri ainitzetan adostasunak eraikitzen eta aliantzak lantzen ari gara gehiengo berriak osatzeko. 2020an baino zerrenda gehiago sustengatuko ditugula aurreikusiz, irekidura ezinbestekoa dela uste dugu ezkerreko proiektu abertzale, feminista, ekologista eta euskaltzale bat gauzatzeko.

Alta, Baionako egoerak kezka sortzen digu. Alderdi Sozialistako sektore jakobinoek abertzaleekin edozein lankidetza baztertzea erabaki dute, gisa horretan ezkerreko batasunari bizkar emanez. 2024ko hauteskunde legegileek, haatik, argiki erakutsi dute guztiz egingarria dela ezkerreko abertzaleekin bateragarriak diren hautagaiak eta programak osatzea, eta bide horrek garaipenera eramaten duela. Horregatik, Henri Etchetok batasun dinamikarekin bat egiteko egin zaizkion proposamenei erantzun ez eta bigarren zerrenda bat presentatzeko hartu duen erabakia arduragabekeria dela uste dugu. Erabaki hori deitoratzen dugu eta egoera argitzeko bidean, EHBaik dei egiten dio Alderdi Sozialistari ahalik eta lasterren publikoki sustenga dezan Baionan ezkerreko indarren batasunaren aldeko zerrenda.

Azken urteetako bilakaera kontuan harturik, ezkerreko abertzaleen aitzinamendu politiko-elektoralaren aitzinean hainbat sektoreren kezka agerikoa da. Hala, hauteskunde hauetan, dinamika baikor hori geldiarazteko asmo nabarmena antzematen dugu. Horregatik, abertzale guziak eta gure proiektuarekin bat egiten duten herritar guziak kanpainan mobilizatzera deitzen ditugu, eta baita 2026ko martxoaren 15ean eta 22an ere, hautetsontzietan manera zabal eta erabakigarrian parte har dezaten. Euskal Herrian posible da!

Inperialismoaren aitzinean, Venezuelarekiko elkartasuna!

EHBaik Donald Trumpek gidaturik Ameriketako Estatu Batuek Venezuelako herriaren kontra egindako eraso inperialista eta Nicolas Maduro presidentea zein Cilia Flores, bere emaztearen bahiketa gaitzesten ditu. Venezuelan gertatzen ari dena oso kezkagarria eta larria da, batez ere nazioarte mailan faxismoa eta autoritarismoa indartzen ari diren une honetan. Eraso honekin Estatu Batuek Venezuelako subiranotasuna ez ezik, Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazio Batuen Gutuna ere urratu dituzte.

Trump eta oro har, eskuin muturra, araurik gabeko mundu bat indartu nahian ari dira, non boteretsuek, milioidunek eta inperialistek soilik irabaziko duten. Azken helburua ez da bakea, ez demokrazia, ezta herrien askatasuna ere. Beren egiazko helburua munduaren kontrola lortzea da eta jadaneko beste herrialde batzuk mehatxatu ditu, tartean Kolonbia, Kuba edota Gronelandia.

Petrolio interesek gidaturiko eraso inperialista

Ofentsiba honek Venezuelako eta eskualdeko aberastasun naturalen gaineko sarbidea eta kontrol zorrotza lortzeko helburua du, eta baita Latinoamerikako eta Karibeko gobernuak beldurtzea eta azpiratzea ere. Venezuelako petrolio-erreserbak munduko handienak izanki, Trumpen ofentsiba multinazionalean interesak bermatzeko eta kontrola lortzeko izan da.

Gertakari onartezin hau azken hilabeteetan Ameriketako Estatu Batuek, eta bere presidentea Donald Trumpek, azkartzen ari diren ofentsiba inperialistaren kapitulu berri bat da. Hego Ameriketako historiako garai ilunetan bezala, AEB-ek kontinente osoko erregimen politikoak bere kontrolpean nahi dituzte, horretarako mota guzietako eraso eta presioak eginez. Venezuelaren kontrako interbentzio militar honekin injerentzia estrategian hozka bat gora egiten da.

Nazioarteko komunitateak aho batez salatu behar luke gertakari onartezin hau

EHBaik herri guzien burujabetza defendatzen du eta azpimarratzen du Venezuelako herriari soilik dagokiola bere etorkizunaz erabakitzea. Eraso militarraren etetea, bahituriko pertsonen askatzea, tartean Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores bere emaztea, eta Nazioarteko Zuzenbidearen errespetatzea galdegiten ditugu. Nazioarteko komunitate osoak ildo horretatik erreakzionatu beharko lukeela deritzogu.

Alta, Emmanuel Macron frantziar presidentearen jarrera kontrako bidetik joan da. Nazioarteko Zuzenbidea defendatu beharrean eraso militarra babestu eta zuritu baitu, berriz ere Ameriketako Estatu Batuekiko menpekotasuna agerian utziz.

Mobilizazioak Ziburun eta Baionan

Egoera larri honen aitzinean, EHBaik mobilizaziorako deia egiten du, urtarrilaren 6an, asteartearekin. Ziburun mobilizazioa eginen dugu arratsaldeko 19:00etan, biribilgunean; eta Baionan hainbat alderdi eta mugimenduk Suprefeturaren aitzinean deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu. Uste dugu erantzun zabala ematea beharrezkoa dela.

Venezuelako herriarekiko gure elkartasun osoa adierazten dugu. Inperialismoaren eta kanpoko esku hartzearen kontra, herrien burujabetza, autodeterminazioa eta bakearen alde!

✨ Urte berri on eta 2026rako mila zorion!

Badira kantuak gure baitan halako ximikoak pizten dituztenak. Horietako bat da Xabier Leteren Izarren hautsa, gure existentziaren zentzua eta mundu honetan dugun lekua aztertzen dituen obra indartsua.

Aurten, musikaz helarazi nahi dizkizuet nire desiroak, kantu eder honek inspiratuta. Gogorarazten digu, garai zailenetan ere, pausoz pauso aintzina eginez gauza handiak lor daitezkeela.

2025ean elkarrekin egindako bideari begira, dinamika kolektibo honetan segitzea opa digut, energia, elkartasun eta engaiamendu berarekin. ✨

Euskarak hizkuntza politika berria behar du

 

Joan den abenduaren 11n iragan den Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusiaren ondotik, EHBaik bere irakurketa politikoaren berri eman nahi du. Biltzar Nagusi horren emaitzak gauza anitz agerian eman ditu.

Hasteko eta behin, finantzamenduan erabakia izan den diru zama ez da inondik inora euskararen biziberritze prozesuak behar duena. Oroitarazi nahi dugu, 2023an EEP berak azterketa bat egin zuela hizkuntza politikan zeuden beharrak ikusteko. Egungoa baino 2,6 milioi euro gehiagoren beharra ondorioztatu zen, hots EEPko partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago ematea. Ondorioz, biltzar nagusi horretan erabaki den emendatzearekin (400.000 euro, Elkargoak emanen dituen 200.000 euro gehigarriekin) argi gelditu da euskarak behar dituen baliabideetatik oso azpitik garela eta honek, gure hizkuntzaren egoera larriagotu baizik ez duela egiten ahal.

EHBaik Frantziako Estatuaren eta bere ordezkari den Pirinio Atlantikoetako prefetaren erantzukizuna lehen lerroan ezarri nahi du bereziki, paper oztopatzaile nagusia jokatu baitu porrot gisa kontsideratzen dugun prozesu honetan. Are gehiago, prefetak euskararen kontrako jarrera erasokorra erakutsi du eta baita lurralde honetan euskara biziberritzeko dagoen borondatearekiko mespretxua ere. Bere posizio hertsia atxikiz, EEP bera hiltzeko arriskua mahai gainean izan da.

Egun, euskararentzat politika publikoak plantan ezartzeko Ipar Euskal Herri mailako egitura bakarra izanik, Euskal Hirigune Elkargoak arduraz jokatu duela kontsideratzen dugu. Oroitu behar da, bi urteko prozesu honetan, hizkuntza politikak behar dituen baliabideen emendatzearen alde hastapenetik agertu den kolektibitate bakarra izan dela. Oztopoz beteriko bide honetan, prefetaren helburua Elkargoa bakartzea izan da. Zentzu horretan, gainerako partaideen engaiamendu eza ere deitoratzen dugu.

Frantziako Estatuaren ardura euskararen larrialdi egoeran

Behin baino gehiagotan argitara atera den gisan, euskararen biziraupena Ipar Euskal Herrian arriskuan dela ondorioztatua du UNESCOk berak, euskal hiztunen %30 oso azpitik garelako (%20). 

Frantziako Estatuak Euskal Herrian izan den hizkuntza ordezkapen prozesuan eta egungo egoeran ardura historikoa du. Euskarak izan duen atzerakada ez baita prozesu natural bat izan. Frantziar instituzioek plantan ezarritako politika publiko metodikoen ondorioz bizi du euskarak egungo larrialdia. Ez da guk errana: eskolan erabilera debekatzea, umiliazioak, zigorrak, administrazioan sartzeko oztopoak, transmisio espazioen suntsiketa, mespretxu instituzionalak… sobera dokumentatuak dira adituen lan anitzetan.

Egun, Frantziako Estatua da bere konstituzioaren arabera ko-ofizialtasun oro debekatzen duen Europar mendebaldeko estatu bakarra. Frantziako instituzioek hizkuntzaren auzia hierarkia hertsi batean oinarritzen dute beti, zeinaren arabera frantsesak ekintza publikoaren legezko hizkuntza bakarra izaten segitzen duen.

Anartean, euskal herritarren %72 euskararen ko-ofizialtasunaren alde agertzen da. Beraz, ukazioa bikoitza da: euskarak behar duen ezagupen ofizial eta juridikoaren ukazioa eta euskal herritarren gehiengoaren nahiari mespretxuz erantzuteari loturikoa.

Frantziako Estatuak hizkuntza ordezkapen prozesuan eta euskararen atzerakadan izan duen ardura historikoa aitortu beharko luke eta abiapuntu horretatik, egungo egoera errotik aldatuko lukeen erreparazio politika plantan ezarri.

Hizkuntza politika eta bilakaera instituzionala

2050ean euskal hiztunen %30era iristeko helburua finkatu du EEPk eta bere horretan begi onez ikusten dugu, baina denen bistakoa da helburuak eta indarrean den hizkuntza politika ez datozela bat inondik inora. Ondoko 25 urteetan, besteak beste 40.000 hiztun berri gehiago behar badira, anbiziozko hizkuntza politika ausarta ezinbestekoa da.

Ildo horretan, euskararen biziberritzea aurrekontu hutsera mugatu nahi izateak, helburu horretatik urruntzen gaitu. Auzia egiturazkoa da, politikoa zein juridikoa, eta hizkuntza politika eraginkorra izan dadin neurri azkarrak behar dira, horien artean:

  • Euskararen ezagupen ofiziala eta babes juridikoa.
  • Euskararen ezagutzarako transmisio estrategia sendo bat, non, murgiltze ereduaren orokortzea eta helduen euskalduntzerako egiazko jauzia ardatz izanen diren.
  • Irakaskuntzan, administrazioan eta espazio publikoan euskararen presentzia eta erabilera normalizaturanzko urratsak.
  • Honek guziak, luzerako hizkuntza plangintza eta finantzamendua segurtatzea galdegiten du.

EHBairen iritziz, EEPren eskema agortua da. Izan ere, tresna hori Frantziako Estatuaren interes eta neurrira eraikia izanik, hizkuntza politikaren azken hitza eta erabakia bere esku da beti. Azken bi urteetan eta abenduaren 11ko biltzar nagusian ikusi ahal izan duguna ezin argiagoa da. Ipar Euskal Herriko jendarteak eta instituzioek euskararen aldeko jauzi bat egiteko nahia dute baina Estatua da nahi hori blokeatzen ari dena.

Hori dela eta, hizkuntza politikaren konpetentzia eta antolaketa berria Ipar Euskal Herriaren esku izatea aldarrikatzen dugu. Logikoa da gure hizkuntzaren etorkizunaz lurraldean erabakitzea. Horregatik, euskararen biziberritze prozesuan aitzinatu nahi badugu, Ipar Euskal Herriak botere gehiago behar du ezinbestean. Bilakaera instituzionalaren prozesu hori ezin da luzatu eta hizkuntza politikaren antolaketa berriari buruzko eztabaida gaurdanik abiatzeko premia mahai gaineratzen dugu, ahalik eta manera zabalenean eta adostuenean egin ahal izateko.

Euskarak behar dituen aldaketak bultzatzeko, EHBaik Ipar Euskal Herriko eragileen, hautetsien eta herritarren mobilizazioaren garrantzia azpimarratzen du. Eta bide horretan, ondoko martxoaren 15 eta 22an iraganen diren herriko bozei eta Euskal Hirigune Elkargoaren mandatu berriari begira, euskararen eta hizkuntza politikaren gaia erdigunean kokatzea baitezpadakoa dela adierazten dugu.

Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an Bilbao Arenan eginen duen “Euskaraz bizitzeko pizkundea” ekitaldian parte hartzera deitzen ditugu herritarrak. Euskararen biziberritze prozesuak behar duen jauzia Euskal Herri osoan gauzatu behar dugulako.

Behako bat abenduaren 6ko Elkargoko Kontseiluari

Elkargoko hautetsiek 2025 urteko azken osoko bilkuran bildu ziren abenduaren 6an. Urteko azken bilkura honetan gai nagusia Laborantza eta Elikadura Kontseilua sortzea zen, onartua izan zena. Gai horiek zein EHBaiko kide diren hautetsiek eramandako gaiak aipatzen diren momentuak partekatzen ditugu hemen.

Création du Conseil de l’Agriculture et de l’Alimentation

Prefetaren eta kontrakoen presiopean

Euskal Hirigune Elkargoko abenduaren 6ko Kontseiluak Ipar Euskal Herrirako Laborantza eta Elikadura Kontseilu baten sortzea bozkatu zuen gehiengoz. Eztabaida eta erabaki hori lurraldeko laborariek bizi duten egoera kezkagarriari erantzutera heldu da.

Jean-Louis Prebende Gabadiko auzapezak ohartarazi zuenez, “etxaldeen desagerpena errealitate kezkagarria da, proiekzioak ez dira batere onak. Erritmo honetan 100 etxalde baino gehiago desagertuko dira 2050ean, eta egiaren azpitik ere bagabiltzala uste dut. Segida faltak, zailtasun ekonomikoek, klima aldaketak, osasun arazoek tendentzia hau azkartuko den beldurra eragiten didate”.

Hautetsi abertzaleek Pirinio Atlantikoetako departamenduko Laborantza Ganbarak auzapez guziei igorri gutuna eta prefetak ildo beretik atxikirikoa deitoratu zituzten. Peio Quihillalt Ligi- Athereiko auzapezak erran zuenez, gutun hori hautetsiek bozkatu aitzin igorri izanak harridura sortu zuen. “Ganbararen testuaren edukia zuzendu nahi dugu: Alain Rousset Eskualdeko Lehendakaria ez da sekula idatziz posizionatu, edo bestela erranik, Kontseilu horren sortzearen kontra ez da mintzatu”.

Laborantza eta Elikadura Bulego Publikoaren xedea

“Neurria har dezagun: egun, laborantza munduak ez du deus gehiago goitatzen. Euskal Herriak bere laborantzaz bereziki arduratzea merezi du. Ulertzen dugu delibero horren bozkatzeak Elkargoari ahalbidetuko diola eragile guziak biltzea, bihartik goiti, tresna horren eraikitzeko mahaiaren inguruan, Ipar Euskal Herri mailako Laborantza eta Elikadura Bulego Publiko baten sortzea helburutzat atxikiz, bereziki mila-orri administratibo murriztuz eta erabakiak berriz birtokiratuz”.

“Ezin dugu beste 8 urtez goitatu” berretsi zuen auzapez xiberotarrak, oroitaraziz, 2018an jada Laborantza eta Elikadura Bulego Publikoa galdegina izan zela eta geroztik zortzi urte iragan direla. “Deliberazio hau bozka dezagun Euskal Herria eta bere laborarien alde elkarrekin lan egiten hasteko” gaineratu zuen Jean-Louis Prebendek.

Dei horri baikorki erantzun zion hautetsien gehiengoak, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetaren eta Laborantza Ganbararen presioak baldintzaturik egin zen bozketan.

Igandetako pausen indargabetzea

Urtero bezala Isturitzeko hautetsi den Gilles Harenek hitza hartu du igandetan ireki nahi duten establezimenduei emandako indargabetzeei buruzko erabakiez hitz egiteko. Irekidura horiek langileak prekarizatzen dituzten hipermerkatu eta enpresa handiei egiten diete mesede.

EHBairen iritziz, Euskal Hirigune Elkargoak bultzatu beharko lukeen ereduaren kontrakoa da hau. Urtez urte, indargabetzeen salbuespena arau bilakatzen da, langileen lorpen sozialak ahulduz.

Gilles Haranek azaldu duen bezala, igandeko pausa eguna defendatzea garrantzitsua da: “Pausatzeko denbora hau funtsezkoa da. Gure ehun sozial eta ekonomikorako aukera bat da, egituratzea eta jendarteratzea ahalbidetzen duena.»

EHBaiko hautetsi eta Bil Gaiten taldeko kideek neurri honen kontra bozkatu dute, Elkargoko hautetsien %34k bezalaxe, iaztik beheranzko joera duen emaitza. Aitzinetik aipaturiko arrazoiengatik eta jendarteak erdietsitako lorpenak ez galtzeko, igandetako pausa egunak defenditzen jarraitu behar dugu!

Kanboko Tokiko Hirigintza Plana

Azkenik, Amendüze-Unasoko hautetsi, EHBaiko kide eta Bil Gaiten taldeko partaide den Jean-Claude Malhairinek Kanboko Tokiko Hirigintza Planaren bozketan hitza hartu zuen.

Marieniako proiektua barnebiltzen duen Tokiko Hirigintza Plan horri loturiko deliberazioari buruz – hautetsiek baztertua izan zedin espero zutena -, Bil Gaiten taldea abstenitu egin da, nahiz eta “aitzineko proiektuarekin konparaturik hainbat hobekuntza izan”.

Marienia ez hunki!

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.