Martxoaren 8ko Emazteen eskubideen nazioarteko eguna kari, asko izan ginen jendarte justu, berdinzale eta feminista eraikitzeko sistema errotik aldatzeko beharra aldarrikatu genuenak. Martxoan zehar, EHBaik, potreta desberdinen bidez, Euskal Herria justu, ekologista eta feminista baten alde egunero lan egiten duten ezkerreko emazte hautetsi abertzaleei hitza eman nahi izan die.
Gaurkoan, Kanboko ezkerreko eta abertzaleen zerrendaburu den Argitxu Hiriart Urrutyren potreta aurkeztuko dizuegu.
“Nahi Dugun Herria”ren zerrendaburua izan zira 2024 eta 2020ean. Egun, kanboko zerrenda abertzaleko zerrendaburua zira. Zein izan da zure ibilbidea hautetsi izan aitzin?
Militantea naiz 15 urte ditudanetik. Nire gurasoek, aitatxi-amatxiek eta oro har euskaldunek jasan zituzten segregazio eta humiliazio desberdinek gure nortasuna zein den irakastera eraman ninduten. Armendaritzeko besta komitean sartu nintzen. Orduko lehendakariaren ardura uztea egon zen, Ikastolak Trinketea erabiltzea ukatu zuelako. Gertakari hori eta urte batera, Itoiz eta Akelarre ekarrarazi genituen eta lehen aldikotz komitearen ostatua atxiki genuen. Asko markatu nauten oroitzapenak atxikitzen ditut. Komiteko zein herriko gazteek izendatzen gintuzten “enbata zikin” horien kontra joan ginen. 6 seme-alabarekin alarguna zen nire amaren sustengua ere izan genuen zeinek berak ere begirada jasan behar izan zituen herrian.
Ondotik, “Herri Talde”-an parte hartu nuen zein presoen eta Seaskaren aldeko manifestazioetan ere.
Kanboko Ikastolako guraso izan nintzen ere eta diruzain ardura hartu nuen, Egoitzako kide nintzen ere… Lorentxa eta Xanen sustengu komitean ere inplikatu nintzen.
2014ko herriko bozetan, ‘Nahi Dugun Herria’ izeneko zerrenda osatu genuen eta 2020ean zerrenda horren baitan aurkezten naiz berriz.
Zerk eraman zaitu herri mailan politikan inplikatzera?
Gauza anitzek eramaten naute ardura hori hartzera. Izan ere, euskara, soziala, ingurugiroa… konduan hartzen ez zituen eta ez dituen herri txiki batean bizi gira.
Zure ustez, nola iritsi zara leku bat hartzen Kanboko herrian?
Luzaz oposizioan bakarrak izanik, kontseiluetan hitz egiten genuen bakarrak gira. Oso fite identifikatak izan gira herrian zein kontseiluan.
Hasi berria nintzenez, pentsatzen nuen besteak baino gutxiago nintzela. Baina ez nuen horrela pentsatu behar. Haietako askok, urte asko zeramaten kontseiluan eta jakitunak zirela uste nuen. Hala ere, segituan ohartu nintzen auzapezak soilik menperatzen zituela gaiak.
Errobiko poloan edota herriko etxean egiten nituen galderak, gehiengoak zirenek ere partekatzen zituzten baina azken horiek, ez ziren ausartzen galdera horiek pausatzera edota isilik egoteko mandatua zuten.
Mandatu hasieran, gehiengoko kideak isilik egotea harritzen ninduen. Izan ere, Ikastolan, denek hitza hartzen genuen eta niretzat herriko kontseiluan pentsaezina zen eztabaidarik ez egotea. Are gehiago, niretzat eztabaida gune bat izan behar zuen.
Zein dira agintaldi honetako ekintza nagusiak, bereziki harro sentiarazten zaituztenak
Herriko mutualaren dispositiboa ezartzea. Lehen agintaldian ukatua izan bazen ere, hurrengoan onartua izatea lortu genuen.
Gure kontseilaria den Lilian Hirigoyenek bultzatutako emazte eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko itunaren izenpetzea.
Eskaeraren araberako garraioa eskaintzaren gauzapena. Lehen agintaldian, PMRarentzat aurreikusia zen proiektua defenditu eta eraman dut Errobiko herri elkargoan. Orain dela 7 urte plantan ezarri behar zen. Zoritxarrez, Poloko 11 auzapezen borondate politiko eza dela eta, bertan behera gelditu zen. Bukaeran, garraio sindikatuak bultzatuta, 2025eko urtarrilaren 6az geroztik Elkargo guzian hedatu da.
Orain dela 11 urte defenditzen ari garen Marienia proiektua. Denbora asko hartzen digun dosier bat da eta espero dugu irabaztea.
Herriko etxean egoteak, herrian diren proiektuen berri izatea eramaten gaitu ondorioz, gehiengoak kasu egin behar du prozedura eta proiektueekin. Etengabe zaintzen ditugu.
Esperientzia honek ze eragin du zure bizi pertsonal eta egunerokotasunean?
Herriko bizitzari, politikari oro har, hirigintzari, instantzia ezberdinen eskumenei buruz gauza asko ikasteko aukera eman dit. Galderak egiteko beldurra gainditzera erakutsi dit. Ulertzen ez nuen bakarra nintzela uste nuen, baina ez da betere horrela!
Ohartu naiz hobe nuela galderak pausatu, nahiz eta gaizki formulatuak egon, ez egin izanaz damutzea baino. Jende aitzinean hitz egiteko adorea hartzen erakutsi dit, nahiz eta badakidan ez naizela inondik ere perfektua.
Eta, batez ere, atez atekoak erakutsi dit bertakoak ezagutzera joaten, haiek entzuten eta haien kezkak entzuten.
Zein da emazte hautetsi gisa duzun sentipena ?
Inoiz ez naiz damutu konpromisoaz, esperientzia oso aberasgarriak bizi izan baititut, eta horietan asko ikasi dut.
Hala ere, ez dut ahanzten nire aurkari paperean gogortu egin behar izan naizela, eta gehiengoko kide batzuen jomuga izan naizela. Batzuetan pentsatzen dut gizona izan banintz jokabideak ezberdinak izango zirela. Baina azpimarratu nahi dut inoiz ez naizela irainen jomuga izan.
Ba al dago gurekin partekatu nahi duzun esperientzia bat?
Garaian gertatutako zerbait da. Orduan irriarazi niduena eta egun ere.
Behin, Kanboko PLUa eztabaidatzen ari ginela, gehiengoko hautetsi batek “dena dakien anderea” gisa izendatu zidan. Sekula ez diot inori entzun eztabaida batean gizon bati horrelakorik erraten.
Eta handik urte batzuetara Errobi poloan, garraio sindikatuaren hautuak azaltzen ari nintzela, autoaren defendatzaile amorratu batek “espezialista andrea” deitu ninduen eta pentsatu nuen mailaz igo nintzela baina baita ere hausnarketa oso sexista zela.
Zer esango zenioke, herriko bozen esperientziara animatu nahi duen emazte ezkertiar eta abertzale bati?
Beti izan naiz aktibista, eta konpromiso hori nire bizitza markatu zuten aurrekoen jarraipena zen, baina nire lehentasuna beti izango da nire familia. Etxean nire senarraren sustengu osoa izan dut eta lagungarria izan da eta nire seme-alabak, nahiko handiak ziren 2014an aurkeztu nintzen lehen aldian. (18, 15 eta 9 urte). Haurrak txikiagoak direnean zailago dela pentsatzen dut.
Zerrendaburua izanik, herriko etxean ez ezik, Errobi poloan eta garraio sindikatuan ere hautatua izan naiz. Halaber, Euskal Elkargoko 2 batzordetako eta herriko etxeko beste 4 batzordetako kidea naiz. Horrek bilkura asko egiten ditu. Konpromisoa hartu nahiko lukeen emakume (edo gizon) batentzat eta lehen esperientzia baterako hobe litzateke funtzio gehiegi ez metatzea.
Azkenik, berriro diot: izugarri aberasgarria da, eta asko ikasi dut, eta ikusi dut beste leku batzuetan zer egiten den herriko etxe abertzale bat dagoenean. Egia da gehiengo batean izanik, erreskiago martxan jar ditzakezula interes kolektiborako gaiak (etxebizitza, kultura, mugikortasuna, gazteria…) baina baita euskararen garapena, ingurugiroaren babesa, laborantza lurren babesa, emazte eta gizonen arteko berdintasuna… Horretarako ez da zalantzarik izan behar konpromisoa hartzeko, talde baten baitan lan egiteko.
Legegileen emaitzei erreparatzen diedanean, Peio Dufauren emaitzak oso onak izan dira, baina baita RNrena ere. Beraz: konpromisoa hartzeko zalantzarik ez izan: zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazagoa izango da.