Peio Dufau: lege proposamen bat laborantza lurrak desagertzeari aurre egiteko

Zergatik da urgentea lege bat?

Lurren artifizializazioaren presioa, hirien hedapena, lurren kontzentrazioa eta landetxeetako merkatuaren emendatzearen ondorioz, laborantzarako lurren inguruko tentsioa gero eta handiagoa da. Erabileraren konkurrentziak laborantza sektorearen atsekabea eta haserrea elikatzen ditu.

Laborantza sektoreko zailtasunak apaldu nahi zituen laborantzarako orientazio legeak, hala ere, lur arazoa erabat alde batera utzi du. Beraz, laborantza aktibitaterako espazioak zaintzea eta babestea ezinbestekoa da, are gehiago lurraren presioa handiagoa den lurraldeetan, hautetsia naizen Euskal Herrian bezala.

2021ean, soilik mobilizazioak saihestu zuen Arbonako etxalde baten salmenta espekulatiboa. Bizilekua zen etxea, 15 hektareako lurrez inguratua egon arren, funtzioz aldatu zen Tokiko Hirigintza Planean, laborantzarako bere bokazioa galduz eta SAFERari esku hartzeko bere ahalmena kenduz. Vincent Bru (MODEM) nire aitzineko diputatuak, lege proposamen bat aurkeztu zuen laborantza lurrak babestuak izateko, baina hala ere, ez da sekula gai ordenean sartua izan.

SAFERen esku-hartze eremua berraztertzeko beharra inoiz baino gehiago sentitzen da. Izan ere, antzeko kasuetan, SAFER babesgabe gelditzen ari da, bereziki tentsio handiko eta kostaldeko eremuetan. Beharrezkoa eta urgentziazkoa da ahalegin legegilearekin jarraitzea laborantza lurrak babesten dituzten egungo tresnen eraginkortasuna hobetzeko.

Lur Zuzenbidearen erreforma sakonagoa beharrezkoa den honetan, lege-proposamen honek laborantza lurren hemorragia saihestea permititzen du, 4 artikulutan honakoa aurreikusiz:

  • SAFERaren lehentasunez partzialki erosteko eskubidea sendotzea, gure elikadura burujabetzarako funtsekoak diren laborantza lurrak babesteko xedearekin.
  • Presio handiko espazioetan SAFERaren ekintza gaitasuna azkartzea.
  • Lehentasunez erosteko eskubidea gauzatu aitzin, ondasunak bisitatzea permititzea, SAFERaren jakitatea azkartuz.

Euskal Herriko eta frantses Estatu mailako laborantza sindikatuekin izandako eztabaidak, eta baita tokiko SAFERekin eta FNSAFEReko lehendakariarekin izandakoak ere arrunt positiboak izan dira eta proposaturiko aterabideei begirako interesa baieztatzen dute.

 

Lege proposamena irakurri

Legearen xehetasunak

Lehen artikulua: lehentasunez partzialki erosteko eskubidea sendotzea, etxebizitza laborantza lurretatik bereizteko aukerarekin, SAFERaren jakinarazpenaren ondotik

Egungo legediak dioena:
Salmentak SAFERi jakinarazten zaizkio saltzaileak erosleari saltzen dion guztia barne hartuz, baita lursaila sakabanatuta badago ere, edo salmentan, hiri-inguruneko eraikinak baleude. SAFERak beraz, ez du saldutako osotasun horren gainean lehentasunez partzialki erosteko eskubiderik, eta saltzaileak finkaturiko prezioan erostera behartua da edo bestela, salmentari uko egitera. Ondorioz, lehentasunez partzialki erosteko eskubidea ahula eta ez-eraginkorra da.

Proposamenak onartu ondotik:
Bere eskariz, SAFERak etxebizitza baten eta aisialdirako baratzearen jakinarazpen bereizia izaten ahalko du, eraikin horien azalera garatua baino bost aldiz handiagoko mugarekin. Lehentasunez erosteko duen eskubidearen epea suspenditua izanen da.

2.artikulua: SAFERen arautzaile rola egokitzea erabiltzaileen arteko konkurrentzia handiko eremuetan

Egungo legediak dioena:
“Laborantza bokazioa” deituriko eremuetan (Tokiko Hirigintza Planaren A edo N, herri maparen NC edo ez urbanizatua frantses Estatuko Hirigintza Arautegian), eraikinak SAFERen lehentasunez erosteko eskubidearen mende dira, baldin eta laborantzarako erabilerarako baliatuak izan diren azken 5 urteetan. Herria kostaldekoa bada, azken hogei urteetan laborantza jarduera hartu duten eraikinetara zabaltzen da lehentasunez erosteko aukera.

Proposamenak onartu ondotik:
SAFERek baimena ukanen du azken hogei urteetan laborantzarako erabilpen bat izan duten eraikinak lehentasunez erosteko, kostaldeko herrien mugakide diren herrietan eta tentsiopeko eremuetako herrietan, gaur egun lur presio handia jasaten dutenak. Interesatuak diren herrien zerrenda zabaltzeko aukera Prefeturei irekia izanen zaie.

3. artikulua: ondasunen azterketa eta bere arautzaile rolari buruz SAFERaren jakitatea indartu

Egungo legediak dioena:
Egungo legediak ez dio permititzen SAFERari lehentasunez erosteko duen eskubidea baino lehen ondasuna bisitatu ahal izatea. Jakinarazpenak usutan arinegiak dira ondasunaren balioa baliozkotu ahal izateko.

Proposamenak onartu ondotik:
SAFERari ondasuna ebaluatzeko bere gaitasuna indartuko zaio. Lehentasunez erosteko eskubidea egikaturitu aitzin, bisitarako baimena izanen du. Bisitarako eskubide honek SAFERari merkatuan direnak baino ebaluazio justuagoa egiteko baliabideak emanen dizkio. Gisa berean, bere jakitatea eta prezioak erregulatzeko gaitasuna indartuko ditu.

Lurraren higadura zenbaki gutitan (frantses Estatua):

  • Aldaketa klimatikoak laborantza-lurren %10 laborantzarako lantzea ezinezko bihur lezake.
  • 2023an, 13.000 laborantza hektarea espazio galdu ziren hiri-hedapen atzeraezinaren mesedetan, hots, Pariseko hiriaren azalera baino gehiago.
  • 2023an, 15.000 eta 20.000 hektarea artean desbideratu ziren beren laborantza bokaziotik.
  • Laborarien laurdenak 60 urte baino gehiago ditu eta 2030erako laborantzako lurren 5 milioi hektarea baino gehiago eskuz aldatuko dira.
  • 2018an, SAFERek lehentasunez partzialki erosketak egin dituzte balioan zegozkien osotasunetik %10etan eta %6an inguru egintza kopuruan.

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.