
Ikasturte politiko berri honen hastapenean, Euskal Herriaren egoerari, aitzinean ditugun erronkei eta heldu diren hilabeteetan gureak izanen diren erantzukizunei arreta jarri nahi die EHBaik.
EHBairen iritziz, urte politiko berri honen testuingurua elementu nagusi hauek ezaugarritzen dute:
- Ezkerreko abertzaletasunaren indartzea eta bere rol zentrala bizi sozial, politiko eta instituzionalean.
- Euskal Herriarentzat zutabe diren gaietan aitzinamenduak oztopatzeko Frantziako Estatuaren jarrera.
- Eskuin muturraren, agenda erreakzionarioaren eta ideia atzerakoien emendatzea.
- Panorama politikoa baldintzatuko duten Frantziako presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak.
- Klima-larrialdia, izaten ari den ondorio larriak eta kolektiboki ekiteko beharra.
Azken gai honetatik ekin nahi diogu gaurko prentsaurrekoari. Izan ere, aurtengo uda izan da inoiz planetan erregistratu den beroena. Euskal Herrian ere, muturreko beroaldiak, suteak, ekaitz bortitzak eta idorteak emendatzen ari dira. Egoera arrunt kezkagarria da eta larrialdiaren neurriko erantzunak galdegiten ditu. Beraz, eragile eta instituzio guzien agendan trantsizio ekologikoak lehentasuna hartzea ezinbestekoa dela uste dugu.
Alta, badirudi Frantziako Estatuarentzat eta Pirinio Atlantikoetan bere ordezkari den prefeta berriarentzat halako urgentziarik ez dagoela. Bere kargu hartzea aitzineko prefetaren bide beretik hasi du, hiru mezu zuzenduz lurralde honi: lehena, mugetako kontrolekin eta bizi hobeago baten bila ari diren jendeen kontrako errepresioarekin jarraitzeko jarrera; bigarrena, memoriaren atalean, bake prozesuarekiko jarrera eraikitzailea azaldu beharrean, Itsasuko horma-irudiaren inguruan sortu nahi izan duen polemika; eta azkenik, euskara lurralde honetako hizkuntza gisa ofizialki aitortzen duten herrietako mozioen kontra ekiteko asmoa. Horregatik, EHBaik joan den irailaren 3an gutun bat igorri zion Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetari. Gaur gaurkoz, ez dugu erantzunik jaso.
Aitzineko prefetak, Euskal Herriarekiko eta bertan hartzen diren erabakiekiko jarrera erasokorra erakutsi zuen. Are gehiago, ezkerreko abertzaleekiko kontrakotasuna agerian utzi zuen behin baino gehiagotan, demokratikoki egiten ari garen aitzinamenduak oztopatzeko maniobrak eginez. Prefeta berria ildo erasokor horrekin arituko den ez dakigu, baina bere lehen urratsek hori erakutsi dute. Eta hala izatekotan, Euskal Herriaren eta ezkerreko abertzaletasunaren kontrako ofentsiba berri baten aitzinean izan gaitezkeela ohartarazi nahi dugu.
EHBai ez da gisa honetako probokazioetan eroriko eta azken urteetako ildoarekin segituko du lanean, hots: Ipar Euskal Herriak burujabetza gehiago lortzeko urratsak bultzatzea, lurralde honetako eragileekin zein herritarrekin elkarlanean sakontzea eta ezkerreko proiektu abertzalea indartzen jarraitzea. Alta, Frantziako Estatuaren aldetik ez dugu gibelapenik onartuko.
Justuki, eskuin muturraren eta ideia erreakzionarioen gorakadaren aitzinean garen honetan, inoiz baino gehiago, Euskal Herria, bere identitatea, elkarbizitza eta balore aurrerakoi zein demokratikoak defendatzea baitezpadakoa da.
Zentzu horretan, heldu diren hilabeteetan, eskuin muturrak Frantzia zein Espainiako Estatuetako hauteskundeetan irabazteko arriskuaz ohartarazi nahi dugu. Arrisku hori gauzatu ez dadin eta gure lurraldea babes dezagun, herri gisako mobilizazio zabal, herrikoi eta demokratiko bat eraikitzea ezinbestekoa da. EHBairentzat lehentasunetako bat izanen da.
Erran bezala, 2027ko udaberrian iraganen diren Frantziako presidentetzarako eta legebiltzarrerako bozek ondorio garrantzitsuak izanen dituzte gure lurraldean. Eskuin muturrari ateak hesteko erantzukizunez jokatu eta alderdi interesak alde batera utzi behar direla uste dugu. Bereziki indar ezkertiar eta aurrerakoei dei egiten diegu elkarlanaren alde egin dezaten. Baina gainerateko indarrei ere, dagokien arduraz joka dezaten galdegiten diegu. EHBaik bere esku dagoena eginen du Ipar Euskal Herrian eskuin muturra eta bere ideiak ez daitezen nagusitu eta hedatu.
EHBairen II. Kongresua: gero eta gehiago, indarrak bildu eta antolatu
Testuinguru nahasi horretan kokatzen da EHBairen II. Kongresua. Heldu den ofentsiba berriari eta faxismoari aurre egiteko eta Euskal Herria defendatzeko, ezkerreko proiektu abertzalea are gehiago indartu behar dugu. Horregatik, Kongresua balore abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologistekin bat egiten duten herritarrak biltzeko eta antolatzeko momentu kolektibo bat da.
- Prozesua heldu den larunbatean, irailaren 19an, hasiko da Hazparnen, barne mailan antolatzen ditugun Eskolekin.
- Urriaren 5etik azaroaren 15era Ipar Euskal Herri osoan biltzar irekiak antolatuko dira, Zuzendaritzak lau urtetarako proposatuko duen ponentzia eztabaidatzeko.
- Azaroan eta abenduan emazteei eta gazteei zuzenduriko topaketak izanen dira.
- Urtarrilean zehar, EHBairen Zuzendaritza eta instantziak hautatzeko momentua izanen da.
- Urtarrilaren 30ean, larunbatarekin, Kongresuaren ekitaldi nagusia izanen da Baionako Elkarteen Etxean, prozesuari bukaera emanez.
Uztailean azpimarratu genuen bezala, Kongresu prozesua irekia da eta EHBaiko kideez gain, gure balore eta ideiekin bat egiten duten herritarrek parte hartzen ahal dute eztabaidan. Bozkatzeko EHBaiko kide izan behar da eta horretarako, Kongresu prozesurako kidetza proposatzen dugu. Horregatik, jende guzia animatu nahi dugu eztabaidetan parte hartzera eta gure mugimenduan antolatzera.
Kongresua, testuinguru politikoa aztertzeko eta ezkerreko abertzaletasunak zein bere ideiek azken urteetan izan duten aitzinamenduarekin jarraitzeko gogoeta prozesu bat izanen da. Burujabetza prozesua azkartzeko helburuz, besteak beste, honako gaiak landuko dira:
- Ipar Euskal Herriko lurralde proiektuaren egituratzeko aitzinamenduak.
- Estatus politiko berri baterako urratsak.
- Herri agenda partekatu baten eraikuntza.
- Nazio eraikuntza eta zazpi lurraldeen arteko artikulazioa.
- EHBairen proposamen politikoaren garapena.
- Ildo mobilizatzailea eta lan instituzionala.
- Eskuin muturraren aitzineko frontea.
- Hauteskunde ziklo berria.
- EHBairen garapena eta antolakuntza.
Aldaketa politiko, sozial eta kultural sakoneko garai hauetan, ezkerreko abertzale guziei antolatzeko, indarrak biltzeko eta Kongresuan parte hartzeko deia egiten diegu.
Gero eta gehiago, construisons demain!
