Behako bat irailaren 28ko Euskal Elkargoaren osoko bilkurari

 

Joan den larunbatean, irailaren 28a, ikasturte berri honetako Euskal Elkargoaren lehen plenarioa iragan zen.

Ipar Euskal Herriko itsasbazterrerako, Mugikortasun Emisio Gutxiko Eremu (ZFE-m) bat sortzea izan zen landutako gai nagusietako bat.

 

2025eko apirilaren 1etik aitzina aplikatu nahi den neurria da. Kutxadura handiko ibilgailuek ezingo dira gehiago kostaldeko herrietatik pasa. Ikuspundu ekologiko batetik egokitzat jotzen bada ere, bestelako duda eta kezkak sortu ditu.

Filipe Aramendi Urruñako auzapeza, EHBai eta Bil Gaiteneko kideak, A63 autopistatik pasatzen diren ibilgailuei emandako salbuespena gaitzetsi zuen. Izan ere, Frantziako Estatuak erabaki du autopistak esperimentazio perimetrotik kanpo uztea, nahiz eta legeak aipatzen duen lurraldeko kutsatze faktore nagusia diren.

Halaber, pertsona prekarioenak kalteturik ateratzen direla azpimarratu zuen. Ibilgailu zaharrak eremu horretan ibiltzeko debekua ematen da, eskaintzen ahal den laguntza zein izaten ahal den pentsatu gabe.

 

Aipatuak izan diren beste gaien artean, uraren kudeaketa eta Elkargoa eta Garapen Kontseiluaren arteko artikulazioa izan dira. EHBai eta Bil Gaiten taldeko kideek, ekarpenak egin zituzten bi pundu horien inguruan.

 

Lehenik eta behin, Izturitzeko hautetsia den Gilles Haranek hitza hartu zuen, Garapen Kontseiluak Euskal Elkargoak hartzen dituen politika publikoak aztertzeko aukerarik ez duelako. Bere aburuz, komenigarria litzateke Garapen Kontseiluak gai horien inguruan mobilizatzea, baita lurralde polo bakoitzaren barruan herritarren kontseilu bat sortzea ere, “antolatu gabeko” gizarte zibileko aktoreentzat. Oroiturazi behar da, egun indarrean den gobernantza itunean barne biltzen den araudi bat dela.

Gilles Haran, Kontseilu Iraunkorreko kide aukeratu berri izan da Anne-Marie Nadaudek dimisioa eman ostean.

 

Azkenik, Egoitz Urrutikoetxeak, Lexantzü-Zunharreko hautetsiak, uraren kudeaketa publikoari buruzko benetako eztabaida baten esperantza adierazi zuen.

Gaur egun, enpresa pribatuek dute uraren kudeaketa. Euskal Elkargoaren gain gelditzen dira, sareen mantentze-lanekin lotutako gastuak. Horrek, kontsumitzaileek beren fakturen inguruan duten gardentasun eskasa ekartzen du.

Enpresa pribatuen esku diren kontratu gehienak, 2027. urte bukaeran geldituko dira. Orduan, beharrezkoa izango da Elkargoak gai honen eskumena bereganatzea.

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.