Sustengua Kanaky herriari! Konponbide politikoa orain!

Agiri honen bidez, EHBaik kezka bizia agertu nahi du azken egunotan Kanakyn gertatzen den egoerarekin. Eta bereziki, 11 militante independentista atxilotu eta haietariko gehienak Frantses Estatuko presondegietan sartu ondotik, Emmanuel Macronen Gobernuaren kudeaketa errepresibo eta koloniala irmoki salatu nahi du.

Iragan ekainaren 19an Lur Gaineko Ekintzak Koordinatzeko Taldeko (CCAT) hamaika militante independentista atxilotu zituzten. Bi kide kontrol judizialpean dauden bitartean, gaineratekoak kartzelan sartu dituzte. Horietariko zazpi, Pazifikoko uharteditik 17.000 kilometrotara dauden Frantses Estatuko presondegietara eramanak izan dira, espresuki horretarako prestaturiko hegazkin batean. Atxiloketek eta militante independentisten “deportazio politiko” honek tentsioa emendatu baizik ez du egin.

Biziki larriak eta onartezinak dira Emmanuel Macronen Gobernua kanakyarren kontra plantan ezartzen dituen politika atzerakoiak, errepresiboak eta kolonialak. Noumeako Akordioa errespetatu eta gatazka politikoari deskolonizazio prozesuaren garapenarekin erantzun beharrean, bortizkeriaren bidea hautatu dute, jada ondorio larriak izaten ari dena eta ondoko oren zein egunetan are okerragoak izaten ahal direnak. Macron eta bere Gobernua arduragabekeria handiz jokatzen ari dira eta Kanakyn den bortizkeriaren eta bere ondorioen erantzuleak dira.

Gogora ekarri nahi dugu, joan den maiatzean, Frantses Gobernuak bultzaturiko hautesle erroldaren erreformarako proposamenak jadaneko hautsak harrotu zituela. Egiazko indar kolpea izan zen, parlamentari frantsesen gehiengoak babestua, Noumeako Akordioak eta kanakyarren autodeterminaziorako eskubidea berriro haustera heldu zena. Azkenerako, hauteskunde legegileak deitzearekin batera, Macronek lege horren erreforma baztertu zuen. Baina horren gibelean ez dago politika kolonialista eta errepresiboarekiko aldaketarako borondaterik.

Egoera larri honen aitzinean, EHBaik honakoa aldarrikatzen du:

  • Atxiloturiko militante guziak askatuak izan behar dira, kargurik gabe, beren herrian libre izateko eskubidea bermaturik.

  • Kanakyko gatazka politikoa ezin da indarrez konpondu eta Frantses Gobernuari exijitzen diogu errepresioa berehala baztertu eta azken asteetan Kanakyn ezarritako neurri polizial berezi guziak altxa ditzan.

  • Gatazka politikoa, Noumeako Akordioak errespetatzetik, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez konponduko da. Zinezko konponbidea soilik posible izanen da, deskolonizazio prozesua bururaino eramateko, kanakyarren autodeterminazio eskubidea bermatzen dituzten urratsak egiten badira.

EHBaik bere sustengu osoa adierazi nahi dio Kanaky herriari eta bereziki azken asteetan Frantses Gobernuaren politikaren eskutik, heriotzaraino edota kartzelaraino iristen ari den errepresio bortitza pairatzen ari diren guziei.

Euskal Herrian, 2024ko ekainaren 24an

0 Comments

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.