
Ekainaren 23ko astearte honetan, Frantziako Asanblea Nazionalak Korsikaren autonomiarako konstituzio-lege proiektua onartu du. EHBaik bozketa honen garrantzia azpimarratu nahi du, Korsikaren eta Frantziako Estatuaren artean abiaturiko prozesuan urrats garrantzitsua baita. Izan ere, lehen aldiz, Frantziako Estatuak metropoliko lurralde baten lurralde mailako arauzko ahalmena eta errealitateetara arauak egokitzeko gaitasuna aitortzen ditu. Bilakaera horrek ikuspegi berri bat idekitzen du: Estatua lurraldeek demokratikoki adierazitako behar eta borondatera egokitzeko posibilitate erreal bat.
Aitzinamendu honek, halaber, erakusten du posible dela aldarrikapen kultural, instituzional edo linguistikoen aitzinean usu erabiltzen den «konstituzioaren aurkakotasunaren» argudio errepikakorra gainditzea. Berretsi egiten du autonomia-estatutu bat aukera politiko bat dela, eta Frantziako Estatuan bere lekua izaten ahal duela eta izan behar duela, haren izaera plurinazionalaren aitortuz.
Hala ere, adi segitzea beharrezkoa da. Izan ere, disposizio zehatz askoren garapena oraindik idaztekoa den etorkizuneko lege organiko batean jaso behar dira. Beraz, bada arriskua nagusiki sinbolikoa izanen den edo zinezko eskumen nahikorik izanen ez duen estatus bat sortzeko. Gainera, Korsikako komunitateari, haren berezko identitateari eta bere lurraldearekin duen lotura bereziari buruzko erreferentziak nabarmen ahuldu dira parlamentuko eztabaidetan zehar.
Ibilbide instituzionala oraino luzea da. Testuak Frantziako Senatuaren etapa gainditu behar du orain; jakina da Senatuak gisa honetako bilakaerekiko uzkur jokatzeko joera duela. Ondotik, Kongresuaren onespena ere lortu beharko du. Mugarri horiek erronka handia dira. Halere, Korsikako herriak erakutsi du prozesu hau bururaino eramateko duen determinazioa. Huts eginez gero, urte luzez adierazitako frustrazio legitimoak berriz ere areagotzeko arriskua handia litzateke.
Bestalde, EHBaik parlamentuko eztabaidetan agerian gelditu diren joera jakobinoak deitoratzen ditu, Frantziako klase politikoaren zati batean oso erroturik segitzen baitute. Korsikaren kasutik harago, eztabaida horiek agerian uzten dute beharrezkoa dela Frantziako Estatuaren antolaketari, boterearen banaketari eta estaturik gabeko lurralde zein nazioen lekuari buruzko sakoneko eztabaida bat idekitzea. Gogora dezagun IPSOS Institutuak eta R&PS federazioak 2025ean egindako inkestaren emaitzei jarraikiz, frantsesen %90ek uste dute Estatu zentrala tokiko errealitateetatik oso aldenduta dagoela.
Azkenik, Korsikan abian den prozesuak oinarrizko printzipio demokratiko bat oroitarazten digu: bilakaera instituzionalek denboran eta iraunkorki lurralde baten gehiengoaren sustengua dutenean, borondate hori entzuna eta errespetatua izan behar da. Printzipio horrek Korsikarentzat balio duen gisa berean, beren nahia demokratikoki adierazten duen gehiengo bat den toki guzietan aplikatu beharko litzateke.
EHBaik bere elkartasuna adierazten dio Korsikar herriari, egun bere historia politikoaren une gako bat bizi baitu. Arretaz jarraituko ditugu prozesu honen ondoko urratsak; izan ere, itxaropena ekartzen diete aitortza, demokrazia eta autonomia handiagoa nahi dituzten herri eta lurralde guztiei. EHBaik 2024an Euskal Herriarentzat aurkezturiko Autonomia Proposamenak gaurkotasun osoa duela adierazten du eta euskal eragile zein hautetsi guziei deia luzatzen die Ipar Euskal Herriaren estatus politikoaz eztabaida egin eta adostasunak eraikitzera.
