Burujabetza Euskal Herriarentzat: 1200 pertsona gaur Azkainen

Milesker egun, “Burujabetza Euskal Herriarentzat” lelopean Azkainen mobilizatu zareten ezkertiar eta abertzale guziei! Bi urteren ondotik, elkartzeko momentua genuen aurtengo Aberri Egunean. Iruñean zein Azkainen erakutsi dugu hemen herri bat badela, zutik eta bizirik eta bere etorkizuneko erronkei heltzeko gaitasunarekin.

Covid-19ak eragindako askotariko krisiak egitate argi bat utzi du beste behin ere agerian: erronka sozial, ekonomiko, klimatiko eta kulturalei aurre egiteko, burujabetza behar du Euskal Herriak!

Euskal Herriak erakutsi du indarrak bilduz gauza handiak egiteko gai dela. Azken hilabeteak emankorrak izan dira herri mobilizazioen eta ezberdinen arteko lanaren ikuspegitik:

 

  • Iaz 10.000 lagun atera ginen karrikara euskararen eta murgiltze ereduaren defentsan. Egun, euskararen hedatzeko erronkak adostasun handia biltzen du Ipar Euskal Herrian eta urrats berriak egiteko baldintzak ditugu.
  • Laborantza lurren espekulazio bidegabea gelditzeko, Arbonan lau hilabetez okupazioa atxiki genuen. Laborantza herrikoiak, gure ekonomiaren zutabeetarik bat, sustengu zabala lortua du.
  • Azaroan, indarrak bildurik, herrian bizitzearen alde, 8.000 lagun mobilizatu ginen Baionan. Geroztik, Euskal Elkargoak etxebizitza turistikoen arautzeari ateak ireki dizkio.
  • Aspaldikoa den AHTaren aurkako borroka ere aipagarria da. Urteetako mobilizazioen logikan, Abiadura Handiko Trenaren aurka bozkatu zuen Euskal Elkargoak.
  • Euskal preso politikoen auzian, blokeoen gainetik, Ipar Euskal Herrian gizarte zibilaren eta hautetsien arteko adostasunak indarrean segitzen du. Ion Parot, Jakes Esnal eta Unai Parot askatzeko desobedientzia fasean parte hartzeko engaiamendua hartu dugu herritar anitzek.

Gertakari hauek erakusten dute herri mobilizazioak eta instituzioak osagarri direla, eta Ipar Euskal Herrian, indar harremanak, gero eta gehiago bertako arazoen eta interesen arabera osatzen direla.

Agerian gelditzen da, haatik, eskumen eta tresna gehiago behar ditugula. Aberri Eguna kari, EH Baik honakoa adierazi nahi du:

Agerian gelditzen da, eskumen eta tresna gehiago behar ditugula. Aberri Eguna kari, EH Baik honakoa adierazi nahi du:

  • Duela bost urte Euskal Elkargoaren sorrera babestu genuelarik, ezagupen instituzionalerako lehen urratsa zela azpimarratu genuen.
  • Gaur, eskumen handiagoko instituzio bat behar dugula berresten dugu. Herritarren nahia eta beharrei erantzuteko eta erabakiak bertan hartu ahal izateko.
  • Ipar Euskal Herriak Estatus bereziko Lurralde Kolektibitatea eta botere politiko handiagorat buruz joaiteko erronka du. Hori da herri honetan gehiengoz eraiki den adostasuna.
  • EH Baik borondate osoa adierazten du Ipar Euskal Herriko eragile guziekin batera etapa instituzional berria irekitzeko.
  • Muga guzien gainetik, Euskal Herri osoko eragile, herritar eta instituzioen artean nazio eraikuntza berrindartzeko garaia dela ere azpimarratu nahi dugu.

Kortsikan azken asteetako gertakariek agerian utzi dute gatazka politikoen erroa herrien aitortza politikorik eza dela. Eta beraz gatazken behin betiko konponketa ezagupen politikotik etorriko dela.

Bide batez, gure babesa helarazi nahi diegu Frantses Estatuak zapalduriko herriei, Korsika, Bretainia, Kanakia… zuekin gara! Hamaika herri, borroka bakarra!

 

Testuinguru honetan, kezkaz so egiten diogu Frantses Estatuko egoerari eta presidentetzarako hauteskundeen emaitzei. Politika neoliberalak, eskuin-muturraren gorakada eta ideologia atzerakoien aitzinean gira.

Ezkertiar eta abertzaleak antifaxistak izan gara beti eta aldi honetan ere, ozen diogu: bozka bakar bat ere ez eskuin muturrarentzat!

Ezkertiar eta abertzaleok badugu bestelako proiektu bat gure herriarentzat: eskubideetan oinarritua, herritarra, berdinzalea eta inklusiboa; eraldaketa soziala eta askatasuna biltzen dituena.

Eta Apirilaren 24ko hauteskundeetatik aterako den Frantses Estatuko presidenteari Euskal Herriaren gehiengoaren hitza errespeta dezala exijitzen dio EH Baik. Eta zehazki, euskal presoen egoerari konponbide politikoa emateko lehenbailehen elkarrizketak berrabia ditzala. Euskal preso eta iheslariak etxera!

Ekaineko hauteskunde legegileetara aurkeztuko gira. Herriaren hitza Parisera eramateko eta Euskal Herriaren interesak defendatzeko. Deia luzatzen dizuegu ahalik eta jende gehienen bozka biltzera. Euskal Herriaren ahotsa ozen entzunarazi behar dugu Parisen!

Mugimendu abertzalea hazten ari da, lurralde osoan, sektorez sektore. Mobilizazioetan eta hauteskundeetan gero eta gehiago gira. Baina gehiago izan behar dugu, instituzioetan eta karrikan. Gure herria burujabetzarantz eramateko indarra gira!

Gora Euskal Herria askatuta!

0 Comments