Asanblea Nazionalak hizkuntza gutxituen legea onartu du

Gaur, apirilaren 8a, Paul Molac diputatuak proposaturiko hizkuntza gutxituen legea aurkeztu eta bozkatu da Asanblea Nazionalean.

Urteak dira Frantses estatua, edozein garapen oztopatzen duen eskema zentralizatzaile batean blokeatua dela. Europar Xarta ez da inoiz berretsia izan eta aurkezturiko lege proposamen guziak (berrogeita hamartik gora) zentsuratuak edota bermoldatuak izan dira. Are gehiago, hezkuntza arloan edota hedabide zein lurralde erreformek, trabak ekarri dituzte hizkuntza horien irakaskuntzan eta erabileran.

Euskal Herriari dagokionez, berriki aktualitatean egondako gertakariek argiki azaleratzen dute pairatzen dugun blokeoa. Hiriburun, murgiltze sistema sail bat irekitzea ukatu izana, murgiltze eredua eskola publikoetan garatzeko eramaten ari diren negoziaketak edota elebidunean eta murgiltze eredua dauden baliabide eta postu eskasiek, pairatzen dugun egoeraren adibide argiak dira.

Hizkuntza gutxituen lege proposamenak hainbat oztopo, blokeo eta erresistentzia ezagutu dituen arren eta gobernuak azken momentua arte hainbat emendakin aurkeztu baditu ere, Asanblea Nazionalak lege proposamenaren alde bozkatu du. Lorpen handia da.

Lege proposamen horrek, murgiltze sistemaren erakaskuntza, eskola publikoan sartzea ahalbidetzen du. Orain, lanean segitzea besterik ez zaigu gelditzen gure hizkuntza garatu ahal izateko.

Gaurko bozka txalotzen dugu. Urte luzeetan zehar kolektiboki eramandako lanaren emaitza da.

0 Comments