EHBaiko lau kide auzitara: eskuin muturraren aitzinean, Herri Harresia!

EHBaik elkartasuna adierazi nahi die Pierre-Édouard Stérinen salaketa baten ondorioz auzitara deituak izan diren EHBaiko lau kideei. 2027ko ekainaren 3an agertu beharko dute Baionako auzitegian, 2025eko urriaren 2an Donibane Lohizunen egindako ekimen baten harira. Egun hartan, EHBaik ekintza sinbolikoa egin zuen Stérinen bigarren etxebizitzan, espekulazioaren eta eskuin muturraren arteko lotura salatzeko.

Ekintzaren ondotik, ekintzaileak komisariara deituak izan ziren deklaratzera, eta horietako lauk auzitegira agertzeko deialdia jaso dute orain. EHBaik gogor salatzen du etxebizitza eskubidearen defentsa eta espekulazioaren salaketa kriminalizatu nahi izatea, eskuin muturreko miliardun batek espekulatzeko inpunitate osoa duen bitartean.

 

Etxebizitza eskubidearen defentsa, espekulazioaren eta eskuin muturraren aurkako borroka

Ipar Euskal Herrian, etxebizitzaren krisiak milaka herritarren bizi proiektuak baldintzatzen ditu, eta gero eta zailagoa da herrian bizitzea. Azken urteetako borrokei esker, hainbat neurri lortu dira. Azkena, Frantziako Asanblea Nazionalak alokairuen prezioak mugatzeko esperimentazioa beste bi urtez luzatzeko harturiko erabakia. Luzapenaren eztabaidan, eskuin muturrak, eskuinaren babesarekin, kontra bozkatu eta luzapena ekiditen entseatu da.

Pierre-Édouard Stérin da etxebizitzaren krisi honen onuradunetako bat, espekulazioaren bidez herritarren eta lurraldearen kaltetan aberasten dena. Horregatik, etxebizitza eskubidearen defentsa eta espekulazioaren aurkako borroka ere eskuin muturraren aurkako borrokaren parte dira.

Ipar Euskal Herriak etxebizitza politika erabakitzeko konpetentziak behar ditu. Ezin dugu gure herritarren geroa Parisko eliteen interesen eta erabakien menpe utzi: gure lurraldeko beharretatik abiatuta, hemen erabaki behar ditugu gure politikak.

 

Azaroaren 28an denok Biarritzera

Gure kideen kontrako auziak garrantzi berezia hartzen du azaroaren 28an Biarritzen Canon français delakoak antolatu nahi duen oturuntzaren testuinguruan. Izan ere, euskal militanteen kontrako salaketaren egilea den Stérinen Odyssée Impact inbertsio-funtsak Canon français enpresaren kapitalean parte hartzen du.

Stérin eskuin muturreko proiektuen finantzatzaile nagusietako bat da. Haren inbertsioen eta Canon français bezalako ekimenen arteko loturak agerian uzten du eskuin muturraren eragin politikoa hedatzeko baliatu nahi den sare ekonomikoa. Azaroaren 28koa, beraz, ez da hitzordu gastronomiko huts bat, eskuin muturraren ideiak eta balioak hedatzeko estrategiaren parte baizik.

Eskuin muturraren nazionalismo frantses baztertzailearen aitzinean, EHBaik Euskal Herri ireki, anitz, solidario eta burujabea defendatzen du. Herrien eta pertsonen arteko berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako jendartea aldarrikatzen dugu. Gure abertzaletasuna askatasunaren, justizia sozialaren eta herri guzien burujabetzaren defentsan kokatzen da.

Horregatik, EHBaik herritarrak Biarritzen Herri Harresia osatzera deitzen ditu, eskuin muturraren eta haren ideia erreakzionarioen aitzinean herri gisa erantzuteko; Euskal Herriaren aniztasuna, askatasuna eta burujabetza determinazio osoz defendatzeko; eta arrazakeria, xenofobia eta bazterkeria zabaltzen dituzten ideiei aurre egiteko.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.