Azaroaren 21a, larunbatarekin, Emazte* Topaketa Baionan

Azaroaren 21ean, Emazte Topaketak antolatuko ditu EHBaik Baionako Mota Coworking gunean!

 

EHBairen II. Kongresuaren prozesuaren baitan, plan feminista izanen dugu hizpide, gure mugimendua gero eta feministagoa izan dadin eta Euskal Herri feminista baten alde urratsak ematen segitu dezagun.

Plan feministaren lehen zirriborroa partekatu eta elkarrekin eztabaidatzeko parada izanen dugu. Besteak beste, gure barne antolaketa eta militantzia eredua eraldatzea, emazteen parte-hartzea eta lidergoa indartzea, bortizkeria sexistak prebenitzea eta politika publiko feministak sustatzea izanen ditugu mintzagai.

Goiz horretan, Ipar Euskal Herriko ezkerreko, abertzale, feminista eta ekologista balioekin bat egiten duten emazteak* (zisgeneroak eta transgeneroak), baita pertsona ez-binarioak ere, gomitatzen ditugu gogoeta kolektibo honetan parte hartzera.

Topaketa hau ez da plan feministaren aurkezpen hutsa izanen: gure bizipenak, kezkak eta proposamenak partekatzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazioa izan nahi du. Goiz horretan eginen ditugun gogoetek EHBairen II. Kongresuan bozkatuko den plana aberasten lagunduko dute.

EHBairen parte izan ala ez, zure ekarpena garrantzitsua da baita zure inguruan diren feministen ekarpena ere. Elkar ezagutzeko, saretzeko eta Euskal Herri feminista baten aldeko bidean urrats berriak elkarrekin egiteko unea izanen da ere, beraz, ez duda eta etorri momentu hori gurekin partekatzera.

Izena eman: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScllYw-ANqIkIgku-Aejl1E8B40xjBA_Pc5VOnz8q6JbXAzYA/viewform

📅 Azaroaren 21ean, larunbatarekin
🕙 10:00etatik 13:00etara
📍 Mota Coworking, Baiona
(3 Rue du 49ÈME Régiment d’Infanterie, 64100 Baiona)

Gure mugimendua barnetik eraldatzeko eta feminismoan urrats berriak egiteko, elkarrekin eraiki dezagun bidea! GERO ETA GEHIAGO, Construisons demain!

Animatu parte hartzera!

2026/2027ko sartze politikoa: gero eta gehiago, construisons demain!

 

Ikasturte politiko berri honen hastapenean, Euskal Herriaren egoerari, aitzinean ditugun erronkei eta heldu diren hilabeteetan gureak izanen diren erantzukizunei arreta jarri nahi die EHBaik.

EHBairen iritziz, urte politiko berri honen testuingurua elementu nagusi hauek ezaugarritzen dute:

  • Ezkerreko abertzaletasunaren indartzea eta bere rol zentrala bizi sozial, politiko eta instituzionalean.
  • Euskal Herriarentzat zutabe diren gaietan aitzinamenduak oztopatzeko Frantziako Estatuaren jarrera.
  • Eskuin muturraren, agenda erreakzionarioaren eta ideia atzerakoien emendatzea.
  • Panorama politikoa baldintzatuko duten Frantziako presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeak.
  • Klima-larrialdia, izaten ari den ondorio larriak eta kolektiboki ekiteko beharra.

Azken gai honetatik ekin nahi diogu gaurko prentsaurrekoari. Izan ere, aurtengo uda izan da inoiz planetan erregistratu den beroena. Euskal Herrian ere, muturreko beroaldiak, suteak, ekaitz bortitzak eta idorteak emendatzen ari dira. Egoera arrunt kezkagarria da eta larrialdiaren neurriko erantzunak galdegiten ditu. Beraz, eragile eta instituzio guzien agendan trantsizio ekologikoak lehentasuna hartzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Alta, badirudi Frantziako Estatuarentzat eta Pirinio Atlantikoetan bere ordezkari den prefeta berriarentzat halako urgentziarik ez dagoela. Bere kargu hartzea aitzineko prefetaren bide beretik hasi du, hiru mezu zuzenduz lurralde honi: lehena, mugetako kontrolekin eta bizi hobeago baten bila ari diren jendeen kontrako errepresioarekin jarraitzeko jarrera; bigarrena, memoriaren atalean, bake prozesuarekiko jarrera eraikitzailea azaldu beharrean, Itsasuko horma-irudiaren inguruan sortu nahi izan duen polemika; eta azkenik, euskara lurralde honetako hizkuntza gisa ofizialki aitortzen duten herrietako mozioen kontra ekiteko asmoa. Horregatik, EHBaik joan den irailaren 3an gutun bat igorri zion Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetari. Gaur gaurkoz, ez dugu erantzunik jaso.

Aitzineko prefetak, Euskal Herriarekiko eta bertan hartzen diren erabakiekiko jarrera erasokorra erakutsi zuen. Are gehiago, ezkerreko abertzaleekiko kontrakotasuna agerian utzi zuen behin baino gehiagotan, demokratikoki egiten ari garen aitzinamenduak oztopatzeko maniobrak eginez. Prefeta berria ildo erasokor horrekin arituko den ez dakigu, baina bere lehen urratsek hori erakutsi dute. Eta hala izatekotan, Euskal Herriaren eta ezkerreko abertzaletasunaren kontrako ofentsiba berri baten aitzinean izan gaitezkeela ohartarazi nahi dugu.

EHBai ez da gisa honetako probokazioetan eroriko eta azken urteetako ildoarekin segituko du lanean, hots: Ipar Euskal Herriak burujabetza gehiago lortzeko urratsak bultzatzea, lurralde honetako eragileekin zein herritarrekin elkarlanean sakontzea eta ezkerreko proiektu abertzalea indartzen jarraitzea. Alta, Frantziako Estatuaren aldetik ez dugu gibelapenik onartuko.

Justuki, eskuin muturraren eta ideia erreakzionarioen gorakadaren aitzinean garen honetan, inoiz baino gehiago, Euskal Herria, bere identitatea, elkarbizitza eta balore aurrerakoi zein demokratikoak defendatzea baitezpadakoa da.

Zentzu horretan, heldu diren hilabeteetan, eskuin muturrak Frantzia zein Espainiako Estatuetako hauteskundeetan irabazteko arriskuaz ohartarazi nahi dugu. Arrisku hori gauzatu ez dadin eta gure lurraldea babes dezagun, herri gisako mobilizazio zabal, herrikoi eta demokratiko bat eraikitzea ezinbestekoa da. EHBairentzat lehentasunetako bat izanen da.

Erran bezala, 2027ko udaberrian iraganen diren Frantziako presidentetzarako eta legebiltzarrerako bozek ondorio garrantzitsuak izanen dituzte gure lurraldean. Eskuin muturrari ateak hesteko erantzukizunez jokatu eta alderdi interesak alde batera utzi behar direla uste dugu. Bereziki indar ezkertiar eta aurrerakoei dei egiten diegu elkarlanaren alde egin dezaten. Baina gainerateko indarrei ere, dagokien arduraz joka dezaten galdegiten diegu. EHBaik bere esku dagoena eginen du Ipar Euskal Herrian eskuin muturra eta bere ideiak ez daitezen nagusitu eta hedatu.

EHBairen II. Kongresua: gero eta gehiago, indarrak bildu eta antolatu

Testuinguru nahasi horretan kokatzen da EHBairen II. Kongresua. Heldu den ofentsiba berriari eta faxismoari aurre egiteko eta Euskal Herria defendatzeko, ezkerreko proiektu abertzalea are gehiago indartu behar dugu. Horregatik, Kongresua balore abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologistekin bat egiten duten herritarrak biltzeko eta antolatzeko momentu kolektibo bat da.

  • Prozesua heldu den larunbatean, irailaren 19an, hasiko da Hazparnen, barne mailan antolatzen ditugun Eskolekin.
  • Urriaren 5etik azaroaren 15era Ipar Euskal Herri osoan biltzar irekiak antolatuko dira, Zuzendaritzak lau urtetarako proposatuko duen ponentzia eztabaidatzeko.
  • Azaroan eta abenduan emazteei eta gazteei zuzenduriko topaketak izanen dira.
  • Urtarrilean zehar, EHBairen Zuzendaritza eta instantziak hautatzeko momentua izanen da.
  • Urtarrilaren 30ean, larunbatarekin, Kongresuaren ekitaldi nagusia izanen da Baionako Elkarteen Etxean, prozesuari bukaera emanez.

Uztailean azpimarratu genuen bezala, Kongresu prozesua irekia da eta EHBaiko kideez gain, gure balore eta ideiekin bat egiten duten herritarrek parte hartzen ahal dute eztabaidan. Bozkatzeko EHBaiko kide izan behar da eta horretarako, Kongresu prozesurako kidetza proposatzen dugu. Horregatik, jende guzia animatu nahi dugu eztabaidetan parte hartzera eta gure mugimenduan antolatzera.

Kongresua, testuinguru politikoa aztertzeko eta ezkerreko abertzaletasunak zein bere ideiek azken urteetan izan duten aitzinamenduarekin jarraitzeko gogoeta prozesu bat izanen da. Burujabetza prozesua azkartzeko helburuz, besteak beste, honako gaiak landuko dira:

  • Ipar Euskal Herriko lurralde proiektuaren egituratzeko aitzinamenduak.
  • Estatus politiko berri baterako urratsak.
  • Herri agenda partekatu baten eraikuntza.
  • Nazio eraikuntza eta zazpi lurraldeen arteko artikulazioa.
  • EHBairen proposamen politikoaren garapena.
  • Ildo mobilizatzailea eta lan instituzionala.
  • Eskuin muturraren aitzineko frontea.
  • Hauteskunde ziklo berria.
  • EHBairen garapena eta antolakuntza.

Aldaketa politiko, sozial eta kultural sakoneko garai hauetan, ezkerreko abertzale guziei antolatzeko, indarrak biltzeko eta Kongresuan parte hartzeko deia egiten diegu.

Gero eta gehiago, construisons demain!

2027ko Urtarrilaren 30a: EHBairen II. Kongresua

 

Gero eta gehiago – Construisons demain

Prentsaurreko honen bidez, EHBaik bere II. Kongresua aurkezten du gaur jendaurrera. Eztabaida prozesua 2026ko urrian hasiko da eta 2027ko urtarrilaren 30ean bururatuko da Baionako Elkarteen Etxean. 

2022an lehen Kongresua egin zenetik hona, panorama politikoak bilakaera garrantzitsua ezagutu du. Mundu mailako egoeran ezegonkortasuna nabarmen handitu da, bereziki Ameriketako Estatu Batuen gainbehera eta potentzia handien arteko lehian gaudelako. Inperialismoa, gerlak, genozidioak eta eskuin muturraren emendatze egoeran, agenda erreakzionarioa inposatu eta nazioarteko zuzenbidea bera hankaz gora ezarri dute.

Zerbitzu publikoen eta ongizate sistemen deuseztapena, prezioen eta prekarietatearen emendatzea eta giza eskubideak zein demokrazia bera auzitan ezarriak dira. Baliabideen arpilatze eta kontsumoak krisi klimatikoa larriagotzen dute. Haatik, trantsizio ekologikoaren aldeko agenda ahultzeko edo baztertzeko joera indartzen ari da.

Frantziako Estatuak krisi politiko, sozial eta instituzional sakona bizi du: V. Errepublikaren eredu zentralistaren agorpena gero eta ageriagoa da eta azken asteetan Korsikaren autonomiaren eztabaidarekin ikusi dugunez, deszentralizazioaren eta herrien autonomia handiagoaren aldeko eztabaidak indartzen ari dira. Aldiz, politika neoliberalek eta autoritarismoaren gorakadak herritarren bizi baldintzak okertu eta ezinegon soziala handitu dute, instituzioekiko mesfidantza eta eskuin muturraren indartzea elikatuz.

Euskal Herriak ere tendentzia globalen eragina jasaten duen arren, mobilizatzeko eta erronkei erantzun kolektiboak emateko gaitasuna erakusten jarraitzen du. Ezkerreko abertzaleen lau urteko aitzinamenduek eta estatus politikoaren inguruko eztabaidaren zabaltzeak dinamika berri bat sortu dute. Ipar Euskal Herrian, instituzionalizazio prozesua aitzinatzen ari da baina garaiko erronkei aurre egiteko botere gehiago behar da eta estatus politikoaren inguruko eztabaidaren berpizteak aukera berriak ireki behar ditu.

Indar harreman aldaketa bat gertatzen ari da gure lurraldean, non ezkerreko abertzaleen eragina eta ideien hedapena azkartu den. Honek, Estatuko zenbait egituren Euskal Herriarekiko oldarkortasuna eta abertzaletasunaren kontrako jarrera agerrarazi du azken denboran.

Gero eta gehiago, lurralde proiektuaren alde mobilizatu

Ondorioz, ondoko urteetan testuinguru global, sozial eta politiko konplexu baten aitzinean izanen garela aurreikusten dugu. Are gehiago, bai Frantziako Estatuan bai Espainiakoan, heldu den urtetik goiti eskuin muturra boterera iristeko arriskua oso presente izan behar dugu.

Oldarraldi eta oztopo guzien gainetik, gero eta gehiago, Euskal Herriaren izaera eta ahots propioa indartuz, herri proiektu demokratiko baten alde ahalik eta indar gehien metatu eta mobilizatzeko deia luzatzen dugu.

Perspektiba horrekin heldu da EHBairen II. Kongresua. Azken lau urteetan, ezkertiar eta abertzaleen aitzinamendua biziki garrantzitsua izan da. Ibilbide honetan, bi mugarri azpimarratu nahi ditugu: 2024ko frantses hauteskunde legegileen ondotik, Peio Dufaurekin lehen aldiz EHBaiko diputatu abertzale bat dugu Parisen; bestetik, 2026ko herriko bozetan abertzaleek sustatu eta parte hartzen duten zerrenden emaitzen segidan, Alain Iriart EHBaiko kidea hautatua izan zen Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari gisa.

Bi urrats historiko hauek ezkerreko mugimendu abertzaleak eta herri sektore ezberdinek egindako lanaren emaitza dira. Finean, gure lurraldearentzat eta herritarrentzat hurbileko proiektu baten eskaintza dago arrakasta elektoral hauen gibelean. Eta baita, herritarrekin eta jendarteko eragile ezberdinekin batera egindako lan partekatua ere.

Horrek izaten segituko du EHBairen iparrorratzak: herriko ahalik eta sektore gehienekin, herria eraiki, mobilizatzea eta proposamenak egitea Ipar Euskal Herriak burujabetza gehiago ukan dezan eta justizia sozialean oinarritzen den jendarte baterantz gehiago aitzinatu gaitezen.

II. Kongresua: komunitatea zabaldu eta arraberritu

Hori dela eta hautatu dugu II. Kongresu honen lema: “Gero eta gehiago, construisons demain”.

Lema honek ideia nagusi bat biltzen du: garai hauetako erronkei gaurdanik erantzun egokiak emanez eraikiko da etorkizuna. Horretarako, lurralde honentzat proiektu sendo bat behar da. Proiektu hori Ipar Euskal Herriko jendartean sustraitua den gaitasun ikaragarriari esker eraikiko den heinean, gero eta gehiago izan behar gara bide horretara antolatuko garen herritarrak.

Bere ibilbidean egin duen bezalaxe, mugimendu abertzalea berritze iraunkor batean da eta EHBairen Kongresua aukera paregabea izanen da komunitate aberats hori aktibatzeko, zabaltzeko eta proiektua arraberritzeko. Hala, EHBairen ateak irekiak dira ezkerreko proiektu abertzale, ekologista eta feministarekin identifikatzen eta interesatzen diren herritar guzientzat.

Ondorioz, Kongresu prozesua EHBaiko kideei ez ezik, egun kide ez diren herritarrei eta jendarteko sektoreei irekia izanen da. Eztabaidetan parte hartzeko, udazkenean tokian tokiko biltzar irekiak antolatuko dira eskualde guzietan eta Kongresuan kidetzeko aukera izanen da 2027ko urtarrilaren 30ean Baionan izan nahi dutenentzat.

Kongresu honetan emazteen eta gazteen parte hartzeari eta ekarpenari garrantzia berezia eskainiko diogu. Bi topaketa eginen ditugu urte bukaeran, bata, gure plan feministaren baitan, bizi sozial zein politikoan emazteen parte hartzea emendatzeko; eta bestea, gazteriari EHBairen baitan eta mugimendu abertzalean parte hartzeko espazio propio bat eskaintzeko.

Politika egiteko molde zaharren garaiak bukatu dira. Politikaz eta gure herriaren etorkizunaz komunitatean eztabaidatzeko, erabakitzeko eta antolatzeko momentua da. Horretarako plaza izanen da EHBairen II. Kongresua.

EHBairen Kongresua: Bilkurak hasten ditugu

Uztailean iragarri genizuen bezala, heldu den azaroaren 26an, EHBaik bere lehen Kongresua antolatuko du Baionako Elkarteen etxean. Kongresu honen helburua, heldu diren lau urteetarako norabideak eta norabide horiei hobekien erantzungo dion egituraketa eta zuzendaritza berri bat martxan jartzea dira.

 

Aitzina Goaz.
EHBai, urtez urtez, hauteskundez hauteskunde eta erronkaz erronka hazten eta zabaltzen joan den mugimendu politikoa bilakatu da. Orain dela 15 urte, hiru alderdik sortutako koalizio elektorala, bere jarduera propioa duen mugimendua bilakatu da. 15 urteko ibilbide oparoari esker eta urte horietan zehar eramandako lanari esker, egun Ipar Euskal Herriko bigarren indar politiko izatera pasa gira. Hauteskundez hauteskunde, gure boz kopuruek gora egin dute. Gure proiektua, EHBairen proiektu ezkertiar, abertzalea, feminista eta ekologistak sustengu handia irabazten joan da. Gure hautetsi eta militanteen eguneroko lanari esker, gure proiektuak gero eta sinesgarritasun gehiago lortu du. Are gehiago, egun Ipar Euskal Herriko gehiengo handi batek partekatzen dituen ideiak defenditzen ditu EHBaik eta gehiago ere.

 

Un projet pour le Pays Basque.
Erran bezala, azpimarratu nahi dugu 15 urtetan lehen aldia dela gure mugimendu politikoak kongresu bat eginen duela. Erronka handi bat proposatzen dugu, krisi politiko, ekonomiko, sozial, ekologiko eta kultural baten erdian gaudelako, herritarrak egoerarekin kezkatuak direlako eta frantses Estatuak ez dielako Ipar Euskal Herriak dituen beharrei erantzuten. Konbentziturik gira Ipar Euskal Herriko jendarte osoarentzat proiektu erakargarri eta eraginkorra dugula. Gure proiektuak Euskal Herria eta euskal herritarrak ditu ardatz, bertan erabaki nahi dugulako gure geroa, eragile sozial eta politiko zein herritar guziekin batera. Horretaz guztiaz mintzatu nahi dugu kongresuan, jendeen iritziak entzunez, ekarpenak jasoz, guzion artean herriari eskaintza politiko berritu bat egiteko.

 

Hiru erronka nagusi
EH Baik Euskal Herri osoari begirako proiektu politikoa ukan du beti eta Ipar Euskal Herrian kokatu du bere eguneroko jarduera baita ekintza politikoaren garapenean ere. Lehen kongresu honekin, erronkaz beteriko ariketa berria dugu aitzinean. Hiru dira nagusiak:

  •  Ipar Euskal Herriak aitzinamendu berriak egiteko EH Baik jarraituko duen bide orri politikoa marraztea.
  • EH Bairen antolaketa berritzea eta gure mugimenduaren ateak gero eta jende gehiagori zabaltzea.
  • Kongresua ahalik eta parte hartzaileena izatea eta ariketa kolektibo handi bat lortzea.

Horregatik, EHBaiko kide izan edo ez, Ipar Euskal Herriko ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologista oro gomitatzen dugu kongresu honetan parte hartzera.

Herrietako bilkurak
Horretarako, ahalik eta herri eta eskualde desberdinetan antolatuko gira ondoko egunetan, parte hartu nahi duten guziei bidea errexteko.
Urria eta azaroan zehar ipar Euskal Herriko eskualde guzietako 30 bat herritan aurreikusten ditugu bilkurak. Ondoko egunetan ezagutarazten joanen gira hitzorduak.

Plataforma numerikoa
Zentzu berean eta parte hartzea sustatzeko, barneinfo.ehbai.eus plataforma numeriko berria plantan ezarri dugu. EH Baira edo Kongresura kidetuz gero, plataforma digital horretan sartzeko eskubidea izanen da.
Plataforma horretan ikusgai dira kongresuko araudia, eztabaidarako dokumentua eta bilkuren agenda.
Baliabide desberdinen biderkatzearen apustua egiten dugu, ahalik eta pertsona gehienek parte hartzeko parada ukan eta beren aportazioa egin dezaten.

Bozkatzeko eskubidea
Eztabaida eta bilkurak interesa duen orori irekiak izanen dira.
Aldiz, bozkan parte hartu ahal izateko, bi modalitate proposatzen ditugu:

  • Kongresuari 20 euro / euskoko ekarpena egitea. Honekin, Kongresuan eskubide osoko kide izaten ahal da eta bozkan parte hartzeko eskubidea izanen da.
  • Atxikimendu handiagoa adierazi nahi izanez gero, EHBaiko kide egiteko aukera irekia da ere. Horrek nola ez, bozka eskubidea ere bermatuko du.

Dokumentua
Prozesu honetan zehar herriz herri eta eskualdez eskualde anitzak izanen dira jorratuko ditugun gaiak. Horretarako, «Aitzina Goaz. Un projet pour le Pays Basque» dokumentua banatzen ari gira herri guzietan, eta eskuragarri dago ere plataforma numerikoan.

Dokumentu horrek egungo testuinguru orokor aldakor eta ez egonkorra aztertzen du lehenik. Horren baitan frantses Estatuak Euskal Herriarekiko erakusten duen mespretxua eta Ipar Euskal Herrian azken urteetan egin diren aitzinamenduak kokatzen dira.

EH Bairen identitate bikoitza garatzea dugu helburu. Karrikako ekintza zein lan instituzionala. Karrikako ekintzari dagokionez, gehiengo sozial eta politikoak biderkatzera goaz. Arloz arlo gehiengo sozial eta politikoen bitartez, ahots bakarrean mintzarazi nahi dugu Ipar Euskal Herria, baita Pariseren aitzinean ere. EH Baik garrantzia berezia ematen dio indar metaketa horri, burujabetza prozesuan aitzinatzeak gure indarretatik haragoko artikulazioa galdegiten duela konbentziturik baigaude.

Zentzu horretan, urrats berri bat egiteko beharra proposatzen da ondoko urteei begira. EH Baik uste baitu estatus politikoaren aldaketa eta konpetentzia gehiagoren beharraren eztabaida lehen lerroan ezarri behar dela. Ibilbide hori Ipar Euskal Herriko aktore guzien artean eztabaidatu, adostu eta irabazi behar dela konbentziturik gira. Urte hauetan lan eskema horren baitan gai ezberdinetan urrats anitz egin dira Ipar Euskal Herrian. Azkena Ion Parot eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna izan da, beste lorpen kolektibo handi bat izan dena.

Lan instituzionalean ere, EH Baik gehiengoak artikulatzeko borondatea du. Hauteskunde garaipen berri batzuei atea irekitzeko momentuan momentuko kontestu politikoaren araberako elkarrizketak eramaten ahalko ditugu beste ezkerreko indar politikoekin. Noski, elgarrizketa horiek, gure proiektu politikoaren ildoaren baitan kokatuz. Lau urteko perspektiban, 2026ko herriko bozak izanen dira EH Bairen erronka elektoral nagusiak.

Bestalde, Europako beste herri batzuen esperientziek erakusten diguten bezala, Euskal Herrian ere autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenari indar berri bat emateko unea heldu zaigu. Zentzu horretan, gure nazioak dituen erronkak elkarrekin bultzatzeko, EH Bildurekin dugun akordio estrategikoa berritzeko eta indartzeko erronka dugu.

Horrekin batera eta bukatzeko, EH Bairen izaera eta funtzioak ere izanen ditugu aipagai.
Ez dira gai txikiak eta EH Baik gai horrekiko sustengu zabala jasotzea nahi badugu behar beharrezkoa iduritzen zaigu gogoeta hori, denen arteko eztabaida eta elkar trukaketaren bidez eginak izan daitezen.

Azaroaren 26ko Kongresuaren biharamunean, EH Bai indartsu eta berriago bat islatuko dugu. Datozen urteei begirako proiektu politikoa eta EH Bairen egituraketa eta zuzendaritza berria ezagutzera emanen ditugu.

Aitzina Goaz, Un projet pour le Pays Basque

 

 

 

EHBairen lehen kongresua: “Aitzina goaz, Un projet pour le Pays Basque”

EHBaik bere lehen Kongresua eginen du heldu den azaroaren 26ean, larunbatarekin, Baionako elkarteen etxean (Glain).

15 urte bete ditu aurten EHBaik eta urte guzi horietan, aldaketa handiak bizi izan ditugu ipar Euskal Herrian: Bake prozesua, ezagupen instituzionala, borroka sozialak… Baina desafio handiak ditugu aitzinean.

Urtez urte eta hauteskundez hauteskunde, EHBairen ezkerreko proiektuak geroz eta sustengu zabalagoa bildu du. Orain horrekin aitzina segitu behar dugu eta Kongresu prozesuari esker lortuko dugu hori!

Bi helburu nagusi ditugu Kongresu prozesu honekin:

  • 2022-2026 aldirako norabide politiko nagusiak finkatu
  • EHBairen antolaketa berritzea, tartean zuzendaritza berria.

Prozesu parte hartzaile hau azaroaren 26ean bukatuko da, larunbatarekin, Baionako elkarteen etxean (Glain).
Aitzina Goaz! Un projet pour le Pays Basque izanen da gure lema.

Zuk ere parte hartu EHBairen kongresuan.

 

Hemen irakurgai, prentsaurrekoaren aurkezpen dokumentua

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.