Frantziako Estatuak bizi duen krisi politikoa egiturazkoa da gaur egun, eta aukera eman behar du eredu instituzionalari buruzko eztabaida idekitzeko eta benetako deszentralizazio bati ekiteko, tokiko botere handiagoa emango duena autonomia fiskal eta finantzario batekin, gastuan eta, batez ere, diru sarreretan jarduteko aukera emango duena. Autonomia fiskal eta finantzario horrek ez du zentzurik eskumenak erabiltzeko ahalmen legegile bati lotua ez bada. Hori da Ipar Euskal Herriarentzat aldarrikatzen duguna.
Departamenduko budgetari buruz norabide bat baieztatu da. Funtzionamendu-gastuak gutxitzea eta inbestizamenduei eustea. Funtzionamendu-gastuetan eman den igoera hori, neurri handi batean, biztanleriaren zahartzeak eta gizarte-laguntzak haurtzaroari dakarzkion behar gero eta handiagoek eragin dute. Bestalde, langilegoan gehiago aurrezteak egoera okertu lezake. Are gehiago, hautu horrek ondorioak ekarriko ditu zerbitzu publikoaren kalitatean eta lan baldintzen okertzean.
Inbertsio-gastuek aukera ematen dute exekutiboak hautatutako aukerak eta norabideak jasotzeko. Gure derrigorrezko eskumenetan zentratzea funtsezkoa da. Inbertsioan, kolegioek eta bide-sareek izan behar dute lehentasuna. Etxebizitzen ekoizpenarekin dugun engaiamenduarekin batera.
Azkenik, laborariei beren lanetik bizitzeko aukera emango dien laborantza eredu baten aldeko engaiamendua berretsi nahi dugu. Alde horretatik, honako neurriak defendatzen ditugu: laborantza-produktuak beren kostu-prezioaren azpitik erosteko debeku formala, inportatutako produktuei lurraldean sartzeko gutxieneko prezioak ezartzea, merkataritza libreko hitzarmenak geldiaraztea (karbono-aztarnaren % 46 inportatutako produktuetatik dator, tasa hori % 52ra igotzen da zuzenean kontsumitzaileei zuzendutako elikagai- eta edari-produktuetan) eta laborantza-lurra zaintzea.