EHBairen prentsa oharra Bruno Retailleau barne ministro frantsesaren bisitaren harira

 

 

Bruno Retailleau barne ministro frantsesa Biarritzen izanen da apirilaren 11n. Bisita honen harira, EHBaik bere ezinegona adierazi nahi du Ipar Euskal Herrian eskuineko hainbat sektore eskuin muturreko ideiei alfonbra gorria jartzeko erakusten ari diren jarrerarekin. 

Barne ministro frantsesak, pertsona migranteek lehendik pairatzen duten errepresio bortitza areagotzeko urrats berriak egin ditu. Eskuin muturrak egiten duen bezala, migranteekiko sorgin ehiza Bruno Retailleauren obsesio bilakatu da eta bere ideia arrazistak publikoki azaldu ditu inolako konplexurik gabe. Horregatik, onartezina da barne ministroari harrera abegikorra egitea eta defendatzen dituen ideia arrazista, atzerakoi eta erreakzionarioei hauspoa emateko ekitaldiak antolatzea.

Azken hilabeteetako hainbat gertakarik erakusten dute Ipar Euskal Herrian eskuineko zenbait hautetsi eskuin muturraren ideia horietara hurbiltzen ari direla. Oportunismo politikoa izateaz gain, arduragabekeria izugarria da. Eskuin muturraren markoa bere egitean berdintasunaren, eskubideen eta demokraziaren oinarrizko baloreak zalantzan ezarri eta jendartearen zatiketa elikatzen ari dira. Hurbilpen ideologiko-politiko hori biziki larria da Ipar Euskal Herrian lortu diren kontsentsuak ere zalantzan ezartzen direlako.

Hainbat sektore Biarritz eskuin muturraren “laborategi” bilakatzeko bidea idekitzen ari dira. Orain Retailleauri harrera egiten dioten gisan, otsailean eskuin muturreko CRSI zentroaren bilkura publikoan arazorik gabe parte hartu zuten lurralde honetako zenbait ordezkari publikok. Eskuin muturreko Rassemblement National edota Reconquete alderdietako kideekin batera agertu ziren publikoki, marra gorri guziak gaindituz. Zein da hurbilpen honen helburua? Ideia horiekin bat egiten dute? Herriko bozetan eskuin muturrarekin batera zerrendak osatuko dituzte? Zinezko kezka adierazten dugu.

EHBairen ustez, munduko beste edozein lekutan bezala, Euskal Herrian eskuin muturraren agendak eta ideiek ez dute lekurik. Lurralde honetako eragile sozial, sindikal, politiko eta instituzional guziei eta oro har herritarrei dei egiten diegu jendartea zatitu dezaketen ideiak baztertzera. Gure lurraldean bakea, demokrazia, elkartasuna eta pertsona guzien eskubideetan oinarrituriko elkarbizitza defendatzeko garaia da. Euskal Herrian elgarrekin bizi nahi dugu.

Azkenik, EHBaik dei egiten du Bruno Retailleau barne ministro frantsesaren bisita errefusatzeko apirilaren 11n arratsaldeko 18:00etan Biarritzeko Casinoan antolatua izanen den mobilizazioan parte hartzera.

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.