Datorren asteartean, urtarrilaren 28an, 7 militante epaituko dituzte Baionako epaitegian, etorkinei harrera egiteagatik. 2024ko martxoan, Korrika Irun eta Hendaia artean pasatzerakoan, 36 migratzaileri Bidasoaren bestaldera igarotzen lagundu zitzaien, beraien migrazio-bidea jarrai zezaten. Hogei bat elkartek, erakunde politikok eta sindikalek ekintzan parte hartu zuten, eta 7 auzipetuen kontrako auzia gelditu dadin eskatzen dute orain. EHBai horietako bat da.
2024ko Korrika Irunetik abiatu zen «Harro Herri» lemapean. Korrikalarien artean, hogei bat antolakundetako kideek, elkarte mundukoak zein eragile politiko eta sindikalak, 36 etorkin Santiago zubia zeharkatzen lagundu zuten. Korrikaren bizkarrekoa soinean zutela Bidasoaren beste aldera pasatzea lortu zuten beraien ibilbidearekin aitzina segitzeko. Gehiengoak, ipar Europarako bidea hartuz.
Behin Korrika bukatu eta, lehen egunean egindako ekimen horren berri eman zen. Ekimen sinboliko horren helburua Europak indarrean duen migrazio politika salatzea zen, baita Frantses gobernuaren lerrokatzea eskuin muturrarekin migrazio legearen inguruan. Ekimenak muga guziak behin betiko irekitzearen beharra ere aldarrikatzen zituen, guztion zirkulazioa eta egonaldia bermatzeko.
Aldarrikapen hauek ez dira atzokoak. Erakunde abertzale eta ezkertiarrek beti defendatu dugu Euskal Herria harrera herria dela. Gisa horretako beste ekimen bat burutu zen orain dela bi urte, Irun eta Hendaia arteko oinezko bidea ireki zenean. Elkartasunean oinarritzen den jendarte eredu baten alde borrokatzen ari bagira ere, egoera nabarmenki okertzen dela ondorioztatzen dugu. Frantses gobernuko agintari desberdinek, eskuin muturraren ideiekin lerrokatzen segitu eta segitzen dute.
EHBaik, urtarrilaren 26an, igandean, 11:30tan Ficobatik (Irun) Hendaiara eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egiten du. Baita ere 7 auzipetuen sostenguz astearte honetan, urtarrilaren 28an, 13:00etatik aitzina, Baionako auzitegiaren aitzinean mobilizatzera. Elgarrekin, militanteen aurkako epaiketa gelditzea exijitu dezagun. Epaiketa hau, Frantziar zein Espainiar estatuek, mugen kudeaketarako duten politika anker eta krudela salatzeko baliatu dezagun zein pilatzen diren lege xenofobo eta seguritarioak eta azken horiek sortzen dituzten ondorio larriak salatzeko ere.
#HarreraHerriHarro