6 hilabete karguan : Parisera eraman ditugun borrokak

Legebiltzarra zatitua izanik ere, lehen egunetik hortzez eta haginez lan egin dugu Iparraldeko biztanleei garaipen konkretuak erakartzeko

Euskal Herrian jasaten dugun etxebizitzaren arazoa hemiziklo erdira eraman dut, baita eramaten segituko ere :

  • Ekonomia ministroaren aitzinean etxebizitza nagusien iruzurrari buruz alarma piztu dut, eta iruzur honen kontrolak hobetzeko zuzenketak bozkarazi.
  • Salerosketa espekulatiboen kontrako zuzenketa bozkarazi dut. Izan ere, metodo horren bidez, erositako etxebizitzek irabazien zerga saihesten dute.

Echaniz legeak, zeinak oraindik goiti etxebizitza turistikoen alokairua arautuko duen, etxebizitzarako dretxoaren aldeko hobekuntza erabakigarria gauzatu du. Lege horren bidez, gure lurraldeak jasaten duen etxebizitzaren larrialdiari erantzuteko tresna sortu dugu.

Eguneroko Garraioak eta merkantzien garraio garbiagoa sustatu ditut:

  • Garraioen ministro aitzinean alarma piztu dut tren-pleitaren egoerari buruz.
  • Baliabide berriak lortu ditut tren-pleita eta gaueko trenen azpiegiturak garatzeko.
  • Azpiegiturak Garatzeko Zerga Berezia ezeztatzeko zuzenketa bozkarazi dut. Kontua hartzekoa da Iparraldeko biztanleek berek, funtsik gabeko zerga horren bidez, onurarik ez duen abiadura handiko trena ordaintzen dutela.

Finantza-lege eta gizarte segurantza finantzatzeko proiektuak hobetzen ahalbidetzen zuten hainbat garaipen lortu genituen hemizikloan. Zoritxarrez, Barnier gobernuak garapen horiek haizatzea erabaki zuen, gizarte segurantzaren aurrekontua baieztatzeko 49-3 artikulua baliaturik. Ondorioz, zentzura-mozioa baino beste aterabiderik ez genuen gelditzeko testu bidegabea, zeinak eriak eta pentsiodunak pagarazi nahi baitzituen, baita gure ospitaleak salbatzeko baliabideei uko egin ere. Osasun-Larrialdiak desagertzetik hurbil eta medikuntza basamortuak hedatzen diren lurralde honetan, nire erantzukizuna da gobernuak inposatu nahi dizkigun politika zitalez biztanleak babestea. Beraz, zentzura-mozio hori bozkatu dut kontzientzia osoan.

Lerro hori segituz, zentsura mozioa bozkatu nuen joan den urtarrilaren 16an. Bayrou gobernu berriaren proposamenak, negoziazioen ondoren, ez ziren nahikoak, bereziki pentsioen erreforma eta justizia fiskala dagokionez.
Mozioa ez da onartua izan. Etorkizunean konfigurazio politikoa edozein dela ere, gure lurraldearentzat modu eraikitzailean lanean segituko dugu, orain arte egin dugun bezala.

Azken sei hilabete hauetan, nire lankideen ekintzak sustengatu ditut bide onetik zihoazen aldi oro : CETA eta Mercosur merkataritza aske hitzarmenen kontrako borroka, edateko uraren babesa, medikuntza-basamortuen kontrako borroka, haurren babesa, itsasoz bestaldeko lurren aldeko sustengua, eraso matxista eta sexu erasoen kontrako borroka…. Ezegonkortasun egoeran bizirik ere, ekologista eta komunistekin batera izenpetu ditudan bi testu bozkatu dira, hots,  eserleku ibiltarien ordainketa osoa bermatzeko lege-proposamena batetik, eta proba nuklearren ondorioak aztertzeko komisioa osatzeko lege-proposamena bestetik.

Urte hastapen honetan, kemena ez zaigu desagertuko: Euskal Herriko problematikez ardura dugu eta lurraldeen hobekuntza soziala, ekologikoa eta autonomia xede dituzten ekimenak sustatuko ditugu.

0 Comments

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.