EHBairen oharra frantses gobernuaren zentsura mozioaren bozkari buruz

 

 

Agiri honen bitartez, EHBaik jakinarazten du Peio Dufau bere diputatuak François Bayrouren gobernuaren aitzineko zentsura mozioaren alde bozkatu duela arrats huntan Frantziako Asanblada Nazionalean.

Joan den abenduaren 13an salatu genuen Emmanuel Macronek François Bayrou lehen ministro izendatzean, politika ultraliberalekin segitzeko erabaki argia hartu zuela. Eta baita, berriz ere, 2024ko hauteskunde legegileetako emaitzak ez errespetatzeko deliberoa hartu zuela, ezkerreko indarrak baztertuz. Jadaneko orduan erran genuen ez genuela sustengatuko.

Handik aste batzuetara, Bayrouk berak gobernuaren osaketa iragarri zuenean, are ageriagoan gelditu zen neholako aldaketarik ez zegoela, krisi sozial, politiko, demokratiko eta instituzionalera ekarri gaituzten politiken eta gobernuen segida berretsiz.

Geroztik, François Bayrouk bigarren aukera bat izan du orain arteko politiketatik urruntzen hasi eta engaiamendu politiko ausartak hartzeko. Asteotan espektatiba bat izan da. Alta, urtarrilaren 14an egin diskurtsoarekin, lehen ministro frantsesak beste aukera bat galdu du.

Zentzu horretan, jendartearen gehiengoak errefusatzen duen erretreten erreforma indargabetzeko neholako asmorik gabe, denbora irabazteko elkarrizketak abiatzea baizik ez du proposatu. Baina horrez gain, krisi anizkoitz sakonari erantzuteko ekinbiderik ez du mahai gaineratu, ezta Euskal Herriaren interesen eta bere herritarren ongizatearen ikuspegitik ere.

Egunotan, gobernu baten mantentzeari edo aldatzeari loturik, anitz aipatzen ari da egonkortasunaren garrantzia. EHBaik uste du frantses Estatuko erregimenak bizi duen krisi sakona eta ez egonkortasuna gobernu bat iraunaraztetik haratago doala. Egungo krisi demokratikoak, politika neoliberalekin eta Estatuaren antolamendu zaharkitu zein zentralistarekin du zerikusia.

Hain zuzen, politika horiek dira egungo ez egonkortasuna eragin dutenak eta orokorrean, herritarren begietara, politika degradatzen dutenak. Ildo beretik segitzeko erabakia baizik ez da ageri François Bayrouren gobernuaren aldetik.

EHBaik uste du garaia dela frantses Estatua agorturiko eredu baten erresistentzia egitetik, eredu demokratiko bati begira jar dadin. Demokraziak herritarrak entzun eta batez ere, erabakiak haiengandik ahalik eta hurbilen hartzea erran nahi du. Horregatik, lurraldeei boterea ematea, deszentralizazio prozesu bat abiatzea eta nazioak aitortuko dituen konstituzioaren aldaketa egitea ezinbestekoa da.

Orain arte bezala, EHBaik Euskal Herriarentzat funtsezkoak diren gaiak eta baloreak Parisera eramateko lanean segituko du, manera eraikitzailean eta gure lurraldeko aktoreekin zein diputatuekin batera, elkarlanean.

EHBai

2025eko urtarrilaren 16a

0 Comments

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.