Bidgurutzearen metaforak arrakasta izan du euskararen egoera, oro har, irudikatzeko: bide handia egin du herri honek hizkuntza biziberritzeko, baina bidea amaitu ote zaigun sentsazioa dago. Mendiaren irudia ere baliagarria da: oinarrizko kanpamentuan dago euskararen espedizioa, baina batzuek behera nahi dute, nahikoa lortu delakoan, eta gutako askok, berriz, gora jarraitu nahi dugu, tontorrera inoiz iritsiko ote garen jakin gabe jarraitu ere.
Gora egin nahi dugunon artean, adostasuna dago: orain artekoak honaino ekarri gaitu, baina ez digu utziko askoz harantzago iristen. Egindakoa gehiegizkotzat jo eta behera egin nahi dutenak, berriz, ez dira gutxi. Horregatik, helburuak garbi markatzeko eta adostasunak bilatzeko unea da. Euskararen berreskuratzean geldotze-aroa atzean utzi eta Indartze-aro berri bat irekitzeko momentua: hizkuntza-politika berria martxan jartzekoa.
Euskaldunok egokitzeko gaitasuna erakutsi dugu Historian zehar. Hori da, 2024ko abenduaren 3 honetan ere, hizkuntza bizia, gaitua, baliagarria eta erakargarria edukitzearen atzean dagoen misterioaren esplikazioa. Baina egokitzen asmatzen jarraitu behar dugu, gizartea inoiz baino biziago aldatzen ari baita. Horrek are premiazkoago egiten du aurrean dugun erronkari heldu beharra.
Eta gogoetekin batera, lidergoak behar dira, diskurtso argiak eta proposamenak. EH Bildun eta EH Bain, baditugu.
Euskal Herrira iritsi, iristen eta iritsiko diren gizon-emakume horiei guztiei eskua luzatu nahi diegu, eta hizkuntza inklusiboa oparitu: euskara ezagutzea eskubide soziala izan behar du, euskara ikastea doakoa eta unibertsala, eta asmatu behar ditugu euskara irakasteko metodo malguak eta doituak, egoerak askotarikoak eta berriak izango direlako. Hizkuntza-harrera handitu eta eraginkor bat eratu behar dugu.
Murgiltzean oinarritutako irakaskuntza aitzindaria izan da hizkuntza gutxitu baten beharretara moldatzeko pedagogia eta didaktika eredu berriak sortzen, eta bitartekoez hornitzen jarraitu behar dugu, hain premiazkoa dugun erabileran gora egin ahal izateko ahozkotasunaren lanketa egiten jarraitzeko. Baina, gainera, hezkuntza komunitatean zabaldu egin behar dugu gure herriaren egoera soziolinguistikoaren kontzientzia: irakasle guztiak dira hizkuntza irakasle. Euskal kulturaren transmisioa hezkuntza programen bidez ziurtatzeko proposamenak egingo ditugu, kultura behar baitu hizkuntzak, biziko bada.
Gazteei irakaskuntza araututik kanpoko mundu bat euskaraz eskaini nahi diegu, eta proposatzen dugu herri guztietan eskolaz kanpoko aisialdi antolatua euskararen arnasgune izan dadin.
Eta irakaskuntza arautua amaitzean gazteak lan munduan hasiko direnez, enpresetan euskara harreman eta lan hizkuntza izan dadin sakoneko aldaketak bultzatu nahi dugu, Lanbide Heziketako eskaintzaren zabalpenetik hasita, enpresen funtzionamenduetan eta datozen enpresa-molde berrietan benetan eragiteko.
Euskararen arnasguneek betetzen duten funtzio nuklearra aintzat hartu eta babes-neurri bereziak eta denboran iraunkorrak hartu behar ditugu, eta euskararen dentsitate-gune altuko guneen iraunkortasun soziolinguistiko, sozial eta ekonomikoa estrategikoki kudeatzeko neurriak proposatuko ditugu.
Kultur sistema indartzeko lana egiteko konpromiso irmoa hartu nahi dugu. Horretarako, lehenik eta behin, sortzaileak zaindu behar ditugu eta lan-baldintzen eta egonkortasuna bermatuko duten lege-garapenak eta egitasmoak proposatu. Euskal Herri osoa barne hartuko duen programazio sarea indartu, hizkuntza hegemonikoentzat ohikoak diren kultur kuotak aztertu.
Adimen artifizialaren potentzialitateak euskararen garapenerako eta erabilera handitzeko zerbitzuan jarri nahi dugu, gainerako hizkuntza gutxiagotuekin elkarlanerako-sareak eratuz. Uste dugu badaudela baldintzak katalanaren pare jarriko gaituen potentzia teknologiko bihurtzeko.
Eta hau guztia euskarazko eta euskara eta euskarazko kultura bultzatuko duen euskarazko komunikazio-esparru autozentratu, berritu eta konfiantzako batekin elikatu behar dugu. Pantailetatik iristen den ikus-entzunezkoaren munduan euskarak tokia behar du, eta plataformetan ikusgarri egon behar du euskarazko eskaintzak. EITB horra begira jarri behar dugu. Ikus-entzunezkoen esparruan geuretik sortutako fikziozko proiektuak baliabidez bultzatu eta plataforma nagusi eta zinema-aretoetan euskarazko edukien presentzia esponentzialki handitzeko lan-lerroak garatu behar ditugu luze gabe.
Euskararen egitura juridikoa moldatu nahi dugu Euskal Herri osoan, egindako aurrerapausoak blindatzeko, urrats gehiago egiteko eta berdintasunezko estatus juridikoa erdiesteko. EAEko enplegu publikoaren legean aldaketak proposatu nahi ditugu aurten, hizkuntza eskubideak errespetatu eta administrazioa euskalduntzen jarraitzeko. Nafarroan, Europako Kontseiluak behin eta berriz salatu duen zatikatze administratiboa amaitzeko bultzatuko dugu, sendotasunez eta irudimenez. Eta Ipar Euskal Herrian hizkuntzarentzat estatus ofiziala lortzeko ahalegina biderkatuko dugu. Administrazio guztiek dute ardura euskararen biziberritzearekin, txikienetik handienera.
Hau da proposatzen dugun bidea:
Euskararen ezagutzaren unibertsaltasuna erdigunean jarri (Hezkuntza-sistema, hizkuntza-harrera eta euskalduntze eta alfabetatzearen sektorearen bidez); erabilera-espazioak eratu eta arnasgune sozio-funtzionalak sortzeko ahaleginak biderkatu (Lan-mundua, eskolaz kanpoko aisialdi antolatua, udalerri euskaldunak, administrazioa); euskararen ekosistema elikatuko duen bideak garatu (Komunikazio-esparrua, kultur-sistema, ikus-entzunezkoak eta adimen artifizialaren bidez). Eta hori guztia berme osoz martxan jartzeko aterbe juridiko-politikoa eraikiz egin nahi dugu.
Ez dira erronka makalak, eta bakarrik ezingo dugu. Baina bultzatzeko prest gaude, konbentzimenduz eta arduraz. Galdera eta aldaketa handiak ditugu gainean, eta erantzun berri eta berrituak behar ditugu. Eraldaketa-palanka eta egitura berriak. Euskararen biziberritze-prozesuan aro berri bat irekitzeko politika publiko estrukturalak eta esponentzialak.
Hau guztia posible izan dadin lan egiteko konpromisoa hartu nahi dute EH Bilduk eta EH Baik. Hasi gara hainbat neurri zehatz eskatzen eta proposatzen, presente gauden gune guztietan. Politika ezinbestekoa da, eta sinesten dugu despolitizatu baino, politizatu egin behar dugula hizkuntzaren gaineko diskurtsoa, baina gizarte mugimenduarekin batera egin nahi dugu gorako bidea: euskalgintza aktiboa nahi eta behar dugu soka-lagun. Harreman sareak sendotzeko unea da, bakoitza bere zeregin eta arduratik, baina garbi dugu elkarrekin topatuko dugula, topatzekotan, xenda.
Orain da unea. Hau da urtea.
Sinetsita gaude baldintzak badaudela oinarrizko adostasunak lortzeko, eta EH Bildu eta EH Bai prest daude ahalegin guztiak egiteko norabide horretan. Baliabideak behar dira, noski; bultzada politikoa ere bai; egiturazko aldaketak, nola ez; euskararen lurralde guztiak kontuan hartuta pentsatu.
Baina, batez ere, euskaldunon komunitatea aktibatuko duen mezua eta diskurtsoa behar da, eta mezu hori hizkuntza eskubideen errespetutik, herritar guztien arteko berdintasunetik eta euskaldun izatearen harrotasunetik etorriko da. Nortasuna ematen digun hizkuntza bat daukagu, komunitate-zentzua indartzen duen oinarrizko osagaia eta arnasberritze nazionalerako erregaia, eta hizkuntza hori kohesiorako tresna eraginkorra izatea dugu amets.
Geuretik, mundura.