EHBairen oharra Frantziako lehen ministroaren izendapenaren ondotik

Joan den uztailaren 7an iragandako frantses hauteskude legegileen bigarren itzuliko emaitzek, Frantziako Asanblada Nazionalaren osaketa berria finkatu zuten. Hautesleek, Fronte Herritar Berria lehen indar gisa kokatu zuten, eskuin muturra eta koalizio presidentzialaren aitzinean.

EHBairen aburuz, emaitza horiek argiki erakusten dute Macronen gobernuek 7 urtez eramandako austeritate politikekin hausteko gogoa eta batez ere, egungo politika neoliberalei aurre eginen dion gobernantza aldaketa eta alternatiba berri baten nahikeria ere.

Ipar Euskal Herri mailan, berrikuntza demokratikorako nahikeria hori agerian gelditu da, euskal herritarrek Fronte Herritar Berriaren proiektu eta programari erakutsitako atxikimenduari esker.

Kanpainan zehar lehen lerroan jarritako gaiak -horietako batzuk Euskal Herriko 3 hautesbarrutietan biziki garrantzitsuak-, Euskal Herrian azken urteetan jendarte zibilak eta EHBai barne den eremu politikotik bultzaturiko borroka desberdinak izan dira: etxebizitza duin bat eskuratzeko eskubidea, laborantza lurren defentsa, artifizializazioaren kontrako borroka, euskararen garapena, Ipar Euskal Herriarentzat estatus instituzional berria edota bake prozesuaren gauzapena.

Hauteskunde horien biharamunean, ezkerreko koaliziotik 3 diputatu lortu dira ipar Euskal Herrian eta 6. hautesbarrutian, EHBaiko kide den Peio Dufau.

Duela hilabete bat, Frantziar Asanblada Nazionalean gehiengoa lortu duen Fronte Herritar Berriak, Lucie Castets proposatu zuen lehen ministro izateko, gobernu aurrerakoi bat lortzeko, non legeak kontsentsu osoz onartuak izanen ziratekeen. Baina Frantziako presidenteak proposamena baztertu eta olinpiar jokoen garaian etenaldi bat inposatu zuen denbora irabazteko. Geroztik, izen proposamenak ugaritu egin dira.

Gaur jakin dugu Michel Barnier lehen ministro izendatzeko erabakia. Honek ez du inola ere ordezkatzen iragan hauteskundeetan bozkazaleen gehiengoak lortu nahi zuen aldaketa. Hemizikloko laugarren indar den Républicains alderditik etorria, badira 40 urte Barnier hautetsi dela eta biziki ezaguna da bere jarrera ultraliberal eta anti sozialengatik. Honelako profil batek, jendartea eta egungo gobernuaren arteko haustura areagotu baizik ez du eginen.

 

Egoera onartezina

Garaia da Frantziako lehendakariak hets dezan berak ireki duen parentesi illiberala eta onar dezan uztailaren 7ko hauteskundeetan jasan zuen porrota. Bada garaia Euskal Herrian eta baita Frantzian ere sortzen den nahigabea entzun dezan.

Michel Barnieren inguruan eta RNaren sustenguarekin osaturiko gobernu batek ez ditu jendartearen eskaerak erantzungo. Are okerrago, egungo ezinegona areagotuko du.

EHBaik eta bere diputatu den Peio Dufauk, Fronte Herritar Berriaren sorreran parte hartu dutenekin lan egin nahi du. Dinamika horri esker lortu dira ezkerreko hiru diputatu ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan.

Testuinguru horretan, Ipar Euskal Herriko biztanleen egunerokotasunari buruzko aldarrikapenak eta lehen aipaturiko funtsezko gaiak Frantziako Asanblada Nazionalera eramateko aukera dugu. Giro lasaia behar dugu egungo erronkei erantzuteko eta gure lurraldean justizia soziala eta fiskala berrezartzeko.

Tokiko lanari esker izanen dugu eskuin muturraren gorakada geldiarazteko gaitasuna, eguneroko bizian atzematen ditugun zailtasunei irtenbide zehatzak eraikiz.

EHBaik bat egiten du gazteek demokraziaren alde antolaturiko mobilizazioarekin eta Emmanuel Macronek indarrez inposatu nahi duen gobernuari aurre egitearekin.

Irailaren 7an, larunbatarekin, goizeko 11:00etan hitzordua Baionako herriko etxe aitzinean.

0 Comments