Fronte Herritar berria: bozka arduratsu eta positiboa!
Prensaurrekoa, 2024eko uztailaren 2a Baiona.
Ipar Euskal Herriko herritarrak azken 25 urteetan egin ez duten bezala mobilizatu ziren joan den igandean mobilizatu ziren. Lehen itzuli honetako emaitzek Fronte Herritar Berriko hautagaiak Euskal Herriko hiru barrutietan buruan ezarri dituzte. Emaitza horiek Euskal Herrian fronte horren forma hartzeko lan egin duten guztien ahalegina balioan ezartzen dute, hala nola, militanteen, jendarte zibilaren eta, oro har, herritarren mobilizazioa ere. Hautesleei eskerrak eman nahi dizkiegu lehen itzuli honetan lehen lekuan kokatzeagatik. Aldiz, mobilizazioa hasi baizik ez da egin!
Eskuin muturraren emaitzen aitzinean erreakzionatu behar dugu, gure lurraldean babes garrantzitsua lortzen ari baita, nahiz eta lurraldean sustraitua ez izan eta bertako errealitateari erantzuteko proposamenik ez egin. Izan ere, Macron presidenteak bultzatu eta zentro-eskuineko blokeak segitu izan duen politikak bide eman duen programa da. Politika horrek, gure erosteko ahalmenaren aurrekaririk gabeko degradazioa eragin du, gure gizartearen oinarriak ere murriztu ditu, indibidualismoa emendatuz eta eztabaidarako gune sosegatuak garatzeko gai ez dela agertuz. Horrek eszena politiko eta mediatikotik edozein proiektu positibo ezabatzea elikatu du, hala nola, gure ekonomia aldaketa klimatikoaren eraginei begira prestatzea, kalitatezko zerbitzu publikoen eraikuntza edota herritar guzien egiazko berdintasuna lortzeko xedea.
Hala ere, argiki diogu ez dagoela halabeharrik: gure gizartea suntsitzeko politika horren aitzinean, erantzunik onena eraikuntza egitea da! Fronte Herritar Berriak bere egin du erronka hori.
Soilik hiru astetan itxaropen mezu bat zabaldu dugu gobernu programa batean oinarrituz. Programa honek duela urte askotatik inoiz ikusi ez den harrera izan du; hala, 300 ekonomialarik, tartean Esther Duflo Nobel saridunak, atal ekonomiko hau babestu dute eta hura hobetzeko lanean ari dira. Uztailaren 7an bultzada positibo hau sustengatu behar da.
Konfiantza dugu itxaropena ardatz duen programa honetan eta oraindik sinesten ez dutenak konbentzitzeko dugun gaitasunean. Euskal Herriko tokiko hautetsi gisa, esperientzia dugu adostasun zabalak eraikitzen (etxebizitza, bilakaera instituzionala, laborantza herrikoia, euskara, bake prozesua eta beste hainbat gairen inguruan), beti eraikuntza horretan diren partaideekiko errespetuarekin.
Asmo eraikitzaile horrekin defendatuko ditugu Parisen erosteko ahalmenaren hobekuntza, denendako kalitatezko zerbitzu publikoak, justizia soziala, bifurkatze ekologikoa edota elkarrizketa sosegatu baten eraikitzea. Euskal Herriko jendarte zibilean biziki inplikatuak, gure tokiko aldarrikapenak eramateko prestatuenak garela uste dugu: Euskal Herrian duintasunez bizitzeko eta lan egiteko eskubidea, gure herriak oraino dinamikoak izatea permititzen duen laborantza laguntzea, integraziorako funtsezko ardatza den euskararen garapena, klima aldaketak ekartzen dituen arriskuen aurreikuspena…
Gu, Pirinio Atlantikoetako 4., 5. eta 6. barrutietako hautagaiak, lehen itzuli honen buruan izateko hautatu gaituzte itxaropen programa hau defendatzeko. Eskuin muturrak zatiketarako proposatzen duen programa gailentzeko arriskua, haatik, ez da urrun. Florence Lasserreri eskerrak ematen dizkiogu gaur egungo erronkaren neurriaz jabetzeagatik, eta bizi politikoko, ekonomia arloko, jendarte zibileko eta oro har herritarrei ere deia luzatzen diegu erantzukizunez jokatzeko.
Gure arerioen programak beldurrean oinarritzen dira, adibidez, immigrazioan edota “muturretan”. Gureak ez du mamuen beharrik, biziki positiboa baita. Igandean bozkatuko dugunean, ez dezagun ahantz beldurrarekin elikatzen diren politikek ez dutela beldur horiek desagerrarazteko inolako interesik. Ez ditzagun besoak jautsi oztopoen aitzinean, eskuin muturrari irabazteko hoberen kokaturiko hautagai aurrerakoi eta humanistei eman behar zaie botoa. Elkarbizitzarako, gizartea batu eta sosegatzeko hautagaiak gara.