Hauteskunde legegileak, lehen itzulia: EHBairen agiria

Agiri honen bidez, EHBaik ekainaren 30 huntan iragan diren frantses legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzuliari buruzko lehen balorazio bat jakinarazi nahi du.

Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herrian izan den parte hartze maila handia nabarmendu nahi dugu. Azken 25 urteotako parte hartzerik handiena izan da. Herritarrak bozkatzera azkarki mobilizatu dira eta EHBaik baikorki baloratzen du.

Fronte Herritar berria Ipar Euskal Herriko indarrik bozkatuena eta hiru hautesbarrutietan bere hiru hautagaiak gelditu dira lehen lekuan. Lorpen hori balioan jarri eta indar harreman berria kontuan hartu behar dela azpimarratzen du EHBaik. Ildo horretan, gure
lurraldean itxaropena sortu duen alternatiba da ezkerreko indarren arteko proposamena.

Alta, eskuin muturraren aitzinamenduagatik kezka azaldu nahi du EHBaik. Egoera honen erantzukizuna eta iturria azken urteetan indarrez inposatu diren politika neoliberalek sortu ezinegona da. Halere, orain eskuin muturraren eta horrek suposatzen duen errealitatea parez pare dugu. Gainera, lehen itzulian eskuin muturra Frantses Estatuan lehena pasa izanaz ere ohartarazi nahi dugu.

Emaitzak ikusirik, bigarren itzuliari begira EHBaik honakoa adierazi nahi du:

Eskuin muturrari ezin zaio tarterik ttipiena ere eskaini. Egoeraren larritasunaren aitzinean, arduraz eta interes orokorraren alde jokatzeko garaia da.

• Jokoan dena ikusirik eta hauteskundeetako emaitzek bakoitza non jarri gaituen aintzat harturik, espero dugu beste hautagaiek arduraz jokatuko dutela eta interes orokorraren alde eginen dutela bigarren itzulian erretiratuz.

• Herritarrei adierazi nahi diegu uztailaren 7ko bigarren itzulia biziki garrantzitsua dela gure herriarentzat. Euskal Herrian, funtsezko balore batzuk gehiengo zabal batez partekatzen ditugu: gure Herria, gure lurraldearen biziraupen eta zaintzaren beharra, herritarrei bizi baldintza duinak bermatzearen arrangura, eskubide demokratikoen defentsa. Funtsezko balore hauek defendatzea biziki garrantzitsua da momentu honetan.

EHBaik azken bi asteetan Ipar Euskal Herri osoan izan den militanteen, herritarren zein jendarte zibilaren aktibazio handia azpimarratu nahi du. Denok argi dugu zenbat jokatzen dugun. Horregatik, jende guzia deitzen dugu ondoko egunetan itxaropenaren alde egitera eta mobilizazio handi honekin segitzera.

0 Comments