EH Bilduren gorakada nabarmena Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeetan

Joan den igandean iragan ziren Hego Euskal Herrian herriko etxeetarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa diputazioetarako zein Nafarroako Foru Erkidegorako hauteskundeak. Eta Euskal Herriko iosoko ezkertiar eta abertzaleontzat, biharamun gozoa utzi duten bozek. Izan ere, igande gauak emaitza argiak utzi dizkigu: EH Bildu da Hego Euskal Herriko lehen indar munizipalista. Hori gutxi balitz, emaitza historikoak lortu ditut ezkerreko independentismoak,  besteak beste, Gasteizen zein Gipuzkoan irabaziz eta Iruñean lehen indarra izatetik oso hurbil geldituz.

EAJren beherakada kontuan harturik – 90 mila bozka gutxiago -, EH Bildu agertzen da Euskal Herria ezkerretik eraiki eta herri honen instituzio gorenak gobernatzeko alternatiba sinesgarri gisa. Espainiar Estatuko indar atzerakoei zein EAJk egindako kanpaina zikin eta arduragabearen parean, etxebizitza eskubidearen bermean, zaintza lanen duintzean eta orohar zerbitzu publikoen defentsan oinarrituriko EH Bilduren programak 364.855 herritarren atxikimendua lortu du. Herriz herri antolatu eta mobilizatu den militantziari zor zaizkio emaitza hauek.

 

Espainiar Estatuko hauteskunde orokorrak Uztailaren 23an

Espainiar Estatuan bloke PPk eta Voxek osatzen duten bloke atzerakoiak herriko hauteskundeetan eta hainbat autonomikotan irabazi ondotik, Espainiat Estatuko hauteskunde orokorrak Uztailaren 23ra aitzinatzeko erabakia hartu du Pedro Sanchez Espainiako lehen ministroak.

Herrietako eta Diputazio nahiz Foru Erkidegoetako gobernuak osatzeko negozioazioen ber garaian, uztaileko hitzordura begira jarri dira jadanik indar politiko guztiak. Bien bitartean, EAJk adierazi du, bai Gasteizen, bai Gipuzkoan, PPren bozkak onartzeko prest egon daitekeela EH Bildu boterera iristea eragozteko.

Azken kanpainan Espainiar eskuinak EH Bilduren aurka indar bortizki egin badu, heldu den kanpaina are gogorragoa izanen dela aurreikus daiteke. Hala ere, ziur gaude udal eta foru hauteskundeetako uhain hau baliatzen jakin duela EH Bilduk, ezkerreko alternatiba gisa ez ezik, Euskal Herritarren interesen defendatzaile eta faxismoaren aurkako bozka baliagarri gisa agertzeko.

 

Nazio eraikuntzarako garaia

Baionatik Tuterara eta Oiondik Atharratzera proiektu ezkertiar eta abertzalea hazten ari den honetan, EH Bilduren dugun akordio estrategikoaren garapenean segitzeko konpromisoan berresten gara. Garraioa, hezkuntza, ekonomia sozial eta eraldatzailea, energia berriztagarriak, hizkuntza, kulturaren eta instituzioen arloetan nazio eraikuntzan sakontzeko borondatea dugu, herritik eta herriarentzat.

Azkenik, uste dugu igandeko emaitzek argi erakusten dutela burujabetzaren aldeko ezkerreko indarrek, gaur egungo Europan, bloke neoliberal eta faxistei aurre eginen dieten herri frente zabalak eraikitzeko gaitasuna dugula. Zorterik onena opa diegu EH Bilduko burkideei Uztailaren 23ko hauteskundeetarako, zuekin gaude!

 

0 Comments