Euskal Herriak erabaki, Vivre et travailler dignement au Pays Basque

Erretreten erreformari ez, aberastasunaren banaketari bai

 

Nazioarteko Langileen Eguna ate joka dugun honetan, EHBaik bere irakurketa plazaratu nahi du agiri honen bidez. Mundu osoko langileriarekin bat eginez, Maiatzaren Lehena saihestezinezko hitzordua da ezkerreko abertzaleentzat.

Ipar Euskal Herrian testuinguru biziki gogorrean heldu da. Emmanuel Macronen Gobernua indarrez pasarazi nahian ari den erretreten erreforma langile klasearentzat bizi eta lan baldintzen okertze nabarmena litzateke. Sistema kapitalistari, enpresa handiei eta aberatsenei mesede baizik egiten ez dion egitasmo hori gehiengo sozialaren kontrako eraso bortitza da. Berdintasunaren eta justizia sozialaren kontrakoa. Justu, erretreta denbora bi urte gibelatu beharrean, 60 urtera jautsi beharko litzatekeela aldarrikatzen du EHBaik.

Elisabeth Borne frantses lehen ministroak urtarrilean lege-proiektua aurkeztu zuenetik, sindikatuek bultzaturiko greba, mobilizazio eta ekintzak iraunkorrak izan dira eta apaldu ordez, indartu egin dira. Jendartearen haserrea eta kontrakotasuna agerikoa izan arren, frantses Gobernuak inposizioaren bidea atxiki du, legeak permitituko dizkion trikimailu guziak erabilita. Agerian geratu da Emmanuel Macronek sistema kapitalistaren interesak dituela lehenesten, baita bere heriotza politikoa jokoan jarri behar badu ere.

Hala ere, EHBaik argiki adierazten du, egungo Gobernuaren politika azken hamarkadan kolore ezberdinetako Gobernuek eramandakoen segida baizik ez dela. Izan Sarkozy, Hollande eta orain Macron, zerbitzu publikoen suntsitzea eta murrizketa sozialak izan dira exekutibo guzien politikaren ardatzak. Ildo horretan, ekoizpen eta kontsumo eredu jasanezin hori elikatuz, azken urteetan langileen soldata eta lan baldintzak okertzen ari dira eta produktuen zein elikagaien prezioen inflazioak emendatzen jarraitzen duen honetan, langileak eros ahalmena galtzen ari dira.

Euskal Herrian erabaki
Krisiak bata bestearen gibeletik kateatzen ari dira honetan, EHBaik argiki dio sistema kapitalista ez dela jasangarria. Bizia eta planeta bera kolokan jartzeraino iritsi da. Ildo horretan, norabide aldaketa argi bat bultzatu behar da urgentziaz, aberastasunaren banaketan, politika publikoetan, feminismoan eta metamorfosi ekologikoan oinarrituriko eredu baterantz.

Bide horretan, EHBaik uste du Euskal Herriak burujabetza baitezpadakoa duela eredu berri baten eraikitzeko eta erabakiak bertako eragile sozial, sindikal, ekonomiko eta politikoen artean hartu ahal izateko. Parisetik edota Pauetik baino, Euskal Herritik Euskal Herrira begirako politikak behar ditugu.
Horregatik, Euskal Elkargotik haragoko instituzioa behar du Ipar Euskal Herriak, konpetentziekin arlo sozial eta ekonomikoan. Ez dugu zalantzarik langile klasearentzat onuragarriagoa litzatekeela bertan negoziazio esparru propioa ukaitea, Parisen erabakitzen denaren zain izan beharrean.

Mobilizazioa, batasunetik
Larrialdi egoera honen aitzinean, langileen eskubideen defentsan mobilizatzea beti bezain garrantzitsua da gaur ere. Egun ditugun eskubideak borroka kolektiboei esker eskuratu ditu langile mugimenduak eta testuinguru honetan ere, batasunetik borrokatzea baitezpadakoa da eskubideak irabazteko.
Hori dela eta, EHBairentzat ez da ulergarria LAB sindikatu abertzalea intersindikalaren aldetik azken hilabeteetan jasaiten ari den bazterketa. Eta pentsatzen dugu langileriaren zati handi batek ere ez duela ulertzen. EHBaik uste du jokabide horrek abertzaleok beste garai batzuetan pairatu izan dugun bazterketaren antza duela, nahiz eta egun ez duen errealitatearekin bat egiten. Izan ere, ezkerreko abertzaleen ideiak inoiz baino hedatuagoak daude euskal jendarteko eremu guzietan, sindikalgintzan barne. Azken urteetan Ipar Euskal Herrian elkarlan eremuak emendatu diren testuinguru batean, eta LAB gainerateko eragileekin – sindikatuak barne – batera lanean ari denean, ez du logikarik intersindikalak elkarlanaren alde ez egiteak.

Horregatik, EHBaik uste du elkarrizketa eta elkarlana direla erretreten erreformak suposatzen duen erasoaldi gogorrari erantzuteko ezinbesteko osagaiak. Langileen batasuna da kapitalismoari aurre egiteko eta Euskal Herrian bestelako eredu bat eraikitzeko indarra. Ondorioz, EHBairentzat desiragarria litzateke intersindikalak bere jarrera aldatzea eta LAB intersindikalean integratzea, geroari buruz bestelako dinamika eraikitzaile bati ekiteko Ipar Euskal Herrian.

Bazterketarik gabe, batasunaren aldeko Maiatzaren Lehena defendatzen du EHBaik eta norabide hori elikatuko duten mobilizazioetan masiboki parte hartzeko deia luzatzen die langile guziei.

0 Comments