EHBAI, IPAR EUSKAL HERRIKO BIGARREN INDAR POLITIKOA

2021eko departamendu bozetako lehen itzuliko emaitzek EHBAI bigarren indar politiko gisa ezarri dute. Emaitza hauek onak izanik ere, apaltasunez hartu behar ditugu abstentzio tasa handia izan baita.

Emaitza hauek herritarrekiko erantzukizun berriak hartzera behartzen gaituzte, hautatuko den gehiengoan eta eramanen diren politika publikoetan azkarki eragin beharko baitugu.

EHBai-rentzat eskuineko eta zentroko hautagaiak sustengatzea ezinezkoa den gisan, pentsaezina da ere Iparraldearen instituzionalizatze prozesuaren kontra eta euskararen ezagupen ofizialaren kontra posizionatzen den ezkerra sustengatzea.

Atzo lortu emaitzei esker, 7 kantonamendutan aurkezten ahalko gara bigarren itzulian (*). Joan den igandean bozkatzera joan ez direnei eta beste hautagaitza baten hautua egin dutenei zuzendu nahi dugu. Bigarren itzulia parada ezinhobea da egungo gehiengoa kanporatu eta eramaten dituen politikak gelditzeko, eta ezker, abertzale, ekologia eta feminista alternatibak urrunago eramateko. Present izanen garen kantonamendu guzietan jendea EHBAI bozkatzera deitzen dugu, justizia soziala gehiago izateko, trantsizio ekologikoan aitzinatzeko, bake prozesuan urrats berriak emateko, Iparraldeko instituzioa sendotzeko eta euskararen eta gaskoieraren aldeko hizkuntza politika ausartagoak bideratzeko.

Horrez gain, EHBAI bozkatzea, etxebizitza ukatearen aldeko eskubidea azkarrago aldarrikatzea da eta gutxieneko errenta bermatuaren alde egitea.

Bigarren itzulian izanen ez den beste 5 kantonamenduetan, EHBAI-k hautesleak deitzen ditu ongi begiratzera ezkerreko eta ekologia hautagaitzen artean zein diren gorago aipatu puntuak hobekien defendatzen dituztenak, Ana Ezcurra eta Mathieu Castaings binomoak Biarritzeko kantonamenduan egiten duen bezala adibidez.

Emaitzaz haratago, EHBAI bozkatzea egunerokotasunean eraikitzen ditugun alternatibak eta eramaten ditugun borroka sozialak sendotzea da.

(*) Hendaia, Bidaxune, Euskal Mendia, Uztaritze, Donibane Lohizune, Baigura Mondarrain eta Errobi-Aturri

0 Comments