EHBAI ZAZPI KANTONAMENDUTAN HELDU DEN IGANDEAN

Hauteskunde departamentalen emaitzak publiko egin dira eta EHBai presente izanen gira heldu den igandean, 7 kantonamendu desberdinetan  (2015ean bost kantonamendutan izan ginen): Hendaiako Kantonamendua; Donibane Lohizune; Bidaxune-Amikuze-Oztibarre; Uztaritze-Errobi-Urdazuri; Errobi Aturri; Baigura Mondarraine eta Euskal Mendia. Emaitza positibo horien artean, Hendaiako kantonamenduan, lehenak girela nabarmendu behar dugu. EHBai, ipar Euskal Herriko 12 kantonamenduetan aurkeztu den indar politiko bakarra gira. Ipar Euskal Herria ordezkatzeko ahalmena duen mugimendua. Nahiz eta abstentzioak gora egin, gure emaitzak gora egin dute 2015eko bozekin konparatuta.

EHBai-k lortutako emaitza horiek, azken urteetan eramandako lanari esker dira eta azken hauteskunde munizipaletan abertzaleek lortutako emaitza onen segida. Kolektiboki lortutako emaitza da. Urratsez urrats eta urtez urte, abertzaleek defenditzen dituzten ideiak geroz eta sustengu gehiago lortzen dute jendartean.

Heldu den igandean, lehen itzulian EHBai-ri erakutsitako atxikimendu bera izanen dugula espero dugu. Gaur, ezkerreko alternatiba sinesgarria girela frogatu dugu eta mobilizazio azkarrago batetara deitzen dugu.

Milesker EHBai-ren alde bozkatu duzuen guziei.

0 Comments