Autoan bizi zen gizon bat hil da

Xabier Manterola, Hendaia Biltzen-eko hautetsia eta EHBaiko kidea.

Orain arte goxoa, negua bat-batean hiltzaile bihurtu da. Etxe finkorik ez zuen pertsona bat Hendaian hil zaigu asteartetik asteazkenerako gauean, hotzaldiaren, edo haren ondorioen, biktima.

“Hotzez hiltzea” ez dela erran-molde hutsa gogoratzen digu drama horrek. Tenperatura-aldaketa bortitza denean, gorputzean kaltea larria izan liteke. Eta horixe gertatu zen gau hartan.

Zer egin dugu gaizki? Ikerketak egin arren, Gurutze Gorriaren gaueko ateraldiak, Txokoren lana, elkartasun-elkarteen laguntza, herrian zabalik dagoen neguko zentroa gorabehera, hori da gertatu: autoan bizi zen gizon bat hil egin da Hendaian.

Eskerrak zuei, herrian bolondres aritzen zaretenei: gogorra izan behar da egoera hau zuentzat ere. Beharrezkoa dirudi zuen taldeen lana gizarte-langile batekin osatzea.

Zenbaitek erranen dute etxe finkorik ez izatea hautua izaten ahal dela pertsona batzuentzat, ez dutela onartu nahi eskaintzen zaien laguntza. Beharbada, hala izan liteke, haien biziaren memento jakin honetara mugatzen bagara. Baina urrunago begiraturik, hautetsi gisa gure buruari galdetu behar diogu zer egin dugun, edo zer ez dugun egin, itzulirik ez duen puntu horretara iristeko. Karrika gorrian den pertsona batek nola egiten ahal dio uko aterpe bati tenperatura 0 gradutik beheiti jausten delarik?
Egoera soziala okertu egin da krisi ekonomiko eta sanitarioaren ondorioz, eta horrek ekarri du prekaritate finantzarioak hunkitutako pertsonen kopurua areagotzea. Horrekn, gainera, prekaritate soziala ere badakar: bazterketa soziala, familia-hausturak eta abar.

Premiazkoa da, beraz, urgentziazko egoeran dauden pertsona horiek laguntzea, batez ere aterpetzea edota bizitegia segurtatuz. Denen lana da gure lurraldea inklusiboa izan dadin, kontuan hartu gabe herritarren klasea edo jatorria, eta errespetatuz norberaren hautuak. Prekaritatearen Behatokia eraiki behar da Ipar Euskal Herri mailan, herrien, partaideen eta alokatzaile sozialen arteko ekimenak eta proiektuak sustatzeko eta bultzatzeko.

Tokiko Etxebizitza Planak et Tokiko Hirigintza Planek (PLH eta PLU delakoek) bere egin behar dituzte gai hauek, etxebizitzaren gaineko hautu eta lehentasunei ikusgarritasun handiagoa emanez. Euskal Hirigune Elkargoak aurkeztu duen Tokiko Etxebizitza Planaren asmo nagusia «Gutiago ekoiztu, Hobeki ekoiztu» da. Haatik, ez dut argi ikusten Planak zertan eta nola segurtatuko duen etxebizitza eskuragarria denentzat. Baitezpadakoa da, Euskal Herriko Lurralde Kontratuak dioen gisan, Etxebizitzen Urgentziazko Plana plantan ezartzea, alokairuko etxebizitzak ekoizten lagunduz, herrien eta alokatzaileen arteko obragintzan. Beharrezko da etxebizitza-politika definitzea irizpide kuantitatibo zein kualitatiboei kontuan harturik: etxebizitza sozialen ekoizpena indartu; lurraren gaineko estrategia definitu; jadaneko existitzen diren bizitokien multzoan berriz inbestitu molde boluntaristan; bitartekoak azkartu zailtasunetan direnek etxebizitza izan dezaten.

Non gara egun?
Gure herrian, Hendaian, Tokiko Hirigintza Planak lekua aurreikusten du bizitoki sozialak erreserbatzeko. Gure erakunde publikoen esku dago obragintza publikoaren ekimena eta ardura gauzatzea, gure lurraldearen eta herritarren beharren araberako proiektuak zehazteko.

Hautetsi gisa, gure ardura da aterabideak eskaintzea herritarren beharrei eta ez etxeen merkatuaren gogoei. Ezin dugu ihes egin erranez: «Ez zuen laguntzarik nahi».

0 Comments