EHBaik onartezintzat jotzen du atzo Pariseko Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxearen aurkako euroagindua onartu izana.
Euskal jendarte gehiengoak Euskal Herrian bake justu eta iraunkorra lortzeko agertokia babesten duen testuinguru politikoan, neurri horiek aplikatzea guztiz kaltegarria eta lekuz kanpokoa da. Erabaki honekin, Pariseko auzitegia Espainiar Estatuan ikuspegi mendekatzailearekin ari diren sektore judizial, polizial eta mediatikoekin lerrokatzen da. Ondoko asteetan ezagutuko diren erabakien atarian, Josu Urrutikoetxea kanporatua, Madrilera eramana eta kartzelatua izateko arriskuan dela ohartarazi nahi dugu.
Ipar Euskal Herriko jendarte zibilak, hautetsiek eta instituzioek behin eta berriz adierazi dute bake prozesua bururaino eraman behar dela eta horretarako, salbuespenezko neurriak desaktibatu eta sufrimendu guziekin bukatzeko urratsa egin behar duela Frantziako Estatuak ere. Josu Urrutikoetxearen kontrako epaia gure lurraldearen borondate horren kontrako erabakia da. Horregatik, euskal jendarteak, azken urteetan egin bezala, ezin ditu halako gibelapenak onartu.
Konponbide osorako garaia da. Espainiako Estatuarekin batera, Frantziako Estatuak dagozkion erantzukizunak hartu behar ditu eta salbuespenezko neurriak indargabetzeaz gain, euskal preso eta iheslarien auziari behin betiko konponbidea emateko urratsak berehala egin ditzan galdegiten diogu.
