
Herriko bozak ate joka ditugu, eta erronka handia dugu lurralde gisa. Izan ere, hauteskunde hauetan herri eta hirietan bozkatuko dugu eta emaitzek Ipar Euskal Herriko mapa munizipal berri bat erakutsiko digute. Mapa horrek bere isla zuzena izanen du Euskal Hirigune Elkargoaren konposizioan. Horregatik, garrantzia eman nahi diogu martxoaren 15 eta 22an bozkatuko dugunak gure herrietako eta lurralde osoko politika publikoetan izanen duen eraginari.
Euskal Hirigune Elkargoaren baitan 2026-2032 arteko mandatua garrantzitsua izanen da Ipar Euskal Herriko lurralde proiektua egonkortu eta indartzeko. Egungo krisi, ez egonkortasun eta agenda erreakzionarioaren aitzinean, gure lurraldeak, anbizioz jokatu eta urrats kualitatiboak egin behar ditu bere garapena segurtatua izatea nahi badugu.
Oroitu nahi dugu Ipar Euskal Herrian gehiengo batek Estatus bereziko Lurralde Kolektibitatearen alde egin zuela 2010eko hamarkadan eta Frantziako Estatuak ez zuela eskaera onartu. Halere, Ipar Euskal Herria subjektu gisa onartuko zuen prozesuan aitzina egiteko deliberoa hartu zen.
2017az geroztik, Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin, lurraldea egituratzen eta instituzionalki antolatzen ari da. Lurraldeak zegozkion konpetentziak bere egin ditu eta hiru lurraldeetako herritarrentzat politika publikoak plantan ezartzen hasi da. Egungo koadro instituzionalak dituen ageriko muga eta hutsuneekin, Ipar Euskal Herriak erakutsi du badakiela bere burua gobernatzen eta kontsentsuz lan egiten.
Bilakaera instituzionalaren beharra
Horregatik, uste dugu urrats bat aitzina egin behar dugula, gure errealitateari eta anbizioei loturiko tresna berriekin. 2026-2032 mandatua biziki garrantzitsua izanen da Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalean eta gure ustez, Euskal Hirigune Elkargoak rol garrantzitsua bete behar du indar harreman berriaren eraikuntzan, jendarte zibilarekin batera, hautetsien arteko eztabaida eta adostasunak sustatuz.
Egin dugun bidea egonkortu eta garatzea beharrezkoa da, baina lurraldeak botere eta konpetentzia gehiago behar ditu eta baita herritarrek lurralde mailako beren ordezkariak sufragio unibertsalaren bidez hautatzeko aukera izatea ere. EHBaik lurralde ikuspegia eta proiektua azkartzea proposatzen du, eraiki dugun horretatik abiatzea bilakaera instituzionaleranzko bidean elkarrekin egiteko.
Jendarte zibilak eta herritarrek bezala, martxoaren 15 eta 22an hautatuak izanen diren lurraldeko kontseilariek rol biziki garrantzitsua betetzen dute debate honetan eta zentzu horretan, Batera plataformak abiatu duen gogoetan parte hartzeko dei egiten dugu, aniztasunetik eta kontsentsutik. EHBaik eztabaida eraikitzailearen aldeko deia egiten du eta azpimarratzen du gure lurraldearen etorkizuna hemen eraiki, adostu eta erabakiko dela.
Gai estrategikoetan aitzinatu
Euskal Hirigune Elkargoak egun dituen konpetentziak egonkortu eta sendotzeko baliatu behar du mandatu berria, baita gai horietan pauso bat aitzina egiteko ere. Egungo testuinguruan elkar lotzen diren krisi ezberdinak kontuan hartzen baditugu, ahalik eta urrats sendoenak egin behar dira politika publikoetan eta konpetentzia guzien garapenean.
EHBairentzat gai guziak dira garrantzitsuak eta horregatik, azpimarra jarri nahi dugu euskara, kultura, trantsizio ekologikoa, etxebizitza, lurra eta lurraldearen antolaketa, laborantza eta elikadura, mugikortasuna, uraren kudeaketa, ekonomia, mugaz gaindiko ildoa, goi mailako hezkuntza edota hondarkinen politiketan urrunago joateko beharrarekin, proiektu berriak plantan ezartzeraino.
Halaber, gure ustez Euskal Hirigune Elkargoak ezinbesteko funtzioa betetzen du gai ezberdinetan aitzina egiteko edota eragiteko, besteak beste: euskararen ezagupen ofizialaren demandari loturik; Abiadura Handiko Trenaren aurkako jarreran; etxebizitza arloko eskumenak lortzeko; Elikadura eta Laborantza Bulego Publikoa sortzeko edota emazteen eskubideen aldeko politika publiko bat abiatzeko.
Mandatu honetan, Ipar Euskal Herria ezagutzen ari den hazkunde demografikoari lurralde gisa erantzun egokiak ematea erronka garrantzitsuetako bat izanen da ere.
Gobernantza hobetu
Azken hilabeteetan, Euskal Hirigune Elkargoak sustaturik, Gobernantza Itun berriaren proiektua eraikitzeko eztabaidak izan dira hautetsien artean. Ezkerreko hautetsi abertzaleek aktiboki parte hartu dute proiektuan, zeina larunbat honetan bozkatua izanen den Ipar Euskal Herriko erakundean, mandatu berriaren hastapenean erabakia izanen delarik.
Izan ere, zer egin nahi dugun bezain garrantzitsua da nola egin nahi den ongi definitzea. Atal honetan ere, bilakaera instituzionalak garrantzia handia hartzen du, abiapuntuan, herritarren bozka zuzenez ordezkariak ezin hautatzeak hutsune nabarmena erakusten duelako. Edonola ere, ondoko sei urteetan gobernantza hobetzea eta ahalik eta demokratikoena bilakatzea erronka bat izan behar da.
EHBairentzat lurralde proiektu baten inguruan komunitate bat osatzeko batasuna, kohesioa, elkartasuna eta ekitatea bermatzea garrantzitsua da. Horrek erran nahi du hautetsien arteko eztabaidak garrantzitsuak direla erabakiak hartu aitzin eta herritarren parte hartzea ainitzez gehiago hobetu behar dela.
Lurralde proiektua, haatik, tokiko eskala indartuz ere eraikitzen da, betiere lurralde mailako orientazioekin bateragarritasuna segurtatuz. Horregatik, lurralde poloen eta tokiko hautetsien erantzukizuna sustatzea garrantzitsua iruditzen zaigu politika publikoak tokiko errealitateari egokitzeko eta zinezko protagonismoa izan dezaten.
Bestalde, ahal den instantzia guzietan lurraldetako ordezkaritza izatea defendatzen dugu eta ordezkarien hautapenak ahalik eta kontsultazio handienarekin egitea. Gisa berean, herritarren eta jendarte zibilaren parte hartze aktiboa indartzearen beharra azpimarratzen dugu, jendartearen eta botere publikoen arteko sinergia elikatzeko.
Elkargoan ezkerreko abertzaleen ordezkaritza eta eragina handitzea lehentasun bat da EHBairentzat. Iragan den mandatuan abertzaleon ekarpena funtsezkoa izan da lurralde mailako proiektuan aitzinatzeko. Horregatik, martxoaren 15 eta 22ko herriko bozetan ezkerreko hautagaitza abertzaleen alde bozkatzeak lurraldearentzat duen garrantzia berretsi nahi dugu!
