
Laborantza munduak krisi sakon bat bizi duen bitartean, EHBaik ongi etorria ematen dio, abenduaren 6an Elkargoko kontseiluan Laborantza eta Elikadura Kontseiluaren sortzearen aldeko bozkari. Lehen urrats funtsezkoa da laborantzako eragileak (laborariak, sindikatuak, kolektiboak, kontsumitzaileak, eragile ekonomikoak) eta jendarte zibila biltzeko gure lurraldearentzat komuna den laborantza proiektu baten inguruan eta Laborantza eta Elikaduraren Bulego Publiko baten sortzeko bidean.
Euskal Hirigune Elkargoko Kontseiluak Ipar Euskal Herrirako Laborantza eta Elikadura Kontseilu baten sortzea bozkatu du gehiengoz. EHBairentzat, urrats garrantzitsua da. Izan ere, egun indarrean diren laborantza politika industrialen aitzinean, lurraldearen berezitasunen berezko trukaketa eta gogoeta gune hori lehen urrats bat izanen da Ipar Euskal Herriaren behar bereziak defendatzeko.
Duela zenbait urtetik hona, proiektu alternatibo eta eraginkor anitz sortu dira Euskal Herrian laborantza garatzeko. Haien lanaren zilegitasuna denek aitortzen dute egun. Euskal Herriko Laborantza Ganbara, BLE sindikatua, Euskal Herriko Laborari Ekoizleen Elkartea eta bere IDOKI marka, Trebatu elkartea, AOP sormarkak edo hazleen elkarteak aipatzen ahal dira. Eragile horiek izan dira eta dira kalitatezko eta biologikoak diren egitasmoen bultzatzaileak, eta baita instalazio ttipiak eta transmisio proiektuak sustengatzen dituztenak.
Halere, Ipar Euskal Herriko laborantzaren geroari buruzko proiekzio ezkorren aitzinean, segidarik ezari, zailtasun ekonomikoei, klima aldaketari loturiko arriskuei eta osasun krisiei dagokienez, laborariek borondate eta politika publiko anbiziotsuak behar dituzte. EHBairen ustez, erabaki honek bide horretan aitzina egiteko aukera emanen du.
Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalari buruzko urrats bat.
Kontseilu horren sortzea aitzinamendu bat bada ere, elkarte eta kontsulta izaerak bere ekimenen irismena mugatuko du. Horregatik, EHBai Laborantza eta Elikaduraren Erakunde Publiko baten sortzea aldarrikatzen duten eragileen artean kokatzen da.
Izan ere, 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu eta laborantza eskumena harturik, Ipar Euskal Herriak instantzia ofizial eta publiko bat izan behar zuen, eragile guziak bilduko lituzkeena, lurralde honetan laborantza eta elikadura politika bat plantan ezartzeko. Eragileek anbizio handia izan behar dugu, eta aitzina egin beharko genuke gai honetan, Estatuaren aitzinean eragiteko eta instantzia ofizial, original eta berritzaile bat sortzeko. Instantzia horrek funtsezko gaiak hartuko lituzke bere gain, hala nola lurraren kudeaketa, elikadura burujabetza, laborantza enpleguaren atxikitzea, Euskal Herriaren barnealdearen garapena edo berotze globalaren aurkako borroka.
Zentzu horretan, azken asteetan Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta Laborantza eta Elikadura Kontseiluaren sorreraren kontra agertu izana adierazgarria da.
Harekin bat egin dute Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Laborantza Ganbarak. FDSEA sindikatuak berriz, Laborantza eta Elikadura Kontseiluan ez duela parte hartuko iragarri du. Honek guziak erakusten du laborantzari buruz lurraldeak dituen erronkak hertsiki lotuak direla Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalarekin eta beharko lituzkeen konpetentziekin.
Horregatik, Jean-Marie Girier prefetaren jarrera onartezina dela iruditzen zaigu eta deia luzatzen diogu Ipar Euskal Herriaren berezitasuna eta borondatea errespeta ditzan. Garaia da ikuspegi zentralista alde batera uzteko eta elkarrizketaren bidez, bilakaera instituzionalaren bidea egiteko.
