EHBaik, bere haserrea eta harridura adierazten ditu, joan den otsailaren 20an, Maider Arosteguy (LR) auzapezak harrera egin baitio, eskuin muturreko Barne Asegurantza Gogoeta Zentroari (CRSI frantsesez). Eskuin muturraren ideiek ez dute lekurik Euskal Herrian. Ez hemen ez inon ere, ez dizkiegu ateak ireki behar.
Egoera larria bizi dugu mundu osoan zehar. Eskuin muturraren ideia atzerakoiek gora egiten dute jendartean zein bozka kutxetan. Italian Giorgia Meloniren garaipena 2022an, Javier Mileiren botere hartzea Argentinan 2023an, Donald Trumpen itzulera Estatu Batuetan bere politika faxista antisoziala, antiekologiko eta antidemokratikoekin zein AfD-k joan den otsailaren 23an Alemanian izan zuen aurrerapen historikoak, ideia horien normalizazio arduragabearen emaitza dira. Horrelako gertakariei bide eginez, Maider Arosteguyk, eskuin muturraren garapena laguntzen du Euskal Herrian. Onartezina da!
Hautetsiak eta jendarte zibila: Eskuin muturra eta bere ideien kontrako mobilizazioak segitzen du!
Ipar Euskal Herrian ere jendartearen faxizazioa ere ezagutzen ari gara. 2024ko Europar hauteskundeak, larritasun horren adierazle izan ziren eta arduraz erantzuten jakin genuen. Frantziar Asanblada desegin bezain fite mobilizatu ginen, eskuin muturrak diputaturik ez lortzeko Euskal Herrian. Garaipen kolektiboa izan zen baina borrokak segitzen du. Ez dezagun sekula ahantzi, iragan ekainaren 9an eskuin muturra ipar Euskal Herriko herri gehienetan lehen izaten lortu zuenean sentitu genuen izua. Ez dezagun ezer pasatzen utzi, erne egon gaitezen beti.
Gure ardura da ideia okaztagarri horiek Ipar Euskal Herrian finkatzen ez uztea. Horrelako gertakariak onartzean, eskuin muturra gure lurraldean hedatzen laguntzen du. Euskal Herria inklusibo, feminista, ekologista eta abertzale baten alde den proiektua, beti izanen da alternatiba bat eskuin muturrak dituen ideia arrazista, maskulinista, xenofobo eta atzerakoien aitzinean.
Panorama horren erdian, itxaropenerako seinaleak nabarmendu behar dira. Izan ere, anitz dira herritarrei kontrol demokratikoa itzuliko liekeen jendarte eredu aurrerakoiaren aldeko diren herritar eta mugimenduak. Neurritasuna, zuzena, berdinzalea, solidarioa, lurralde erresilienteetan birtokiratua, tokiko nortasun inklusiboen aberastasun sozial eta kulturalean oinarritua eta mundu mailako elkartasuna sustatzen duen jendarte ereduaren aldekoa. Azken batean, mugimendu soberanista, indenpendentista, ezkertiar, feminista eta ekologistak defenditzen dutena.
Euskal Herrian, iniziatiba ekonomiko, sozial eta ekologikoak bultzatzen dira sektore desberdinetan. Horrelako ideien aldeko apostua egin behar dugu egunerokotasunean zein hautetsontzetan. EHBai, 2026ko herri zein Elkargoko bozei begira hasi da lanean. Dinamika horretan parte hartu nahi duen oro gonbidatzen dugu, heldu den martxoaren 22an Angelun antolatuko ditugun Topaketa munizipalistetara.
Hemen bai, Euskal Herrian posible da!