Euskarak hizkuntza politika berria behar du

Agiri honen bidez, EHBaik Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikan aurrekontua ez emendatzeari buruzko erabakiaren gaineko irakurketa plazaratu nahi du.

Euskarak Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan pairatzen duen egoera larriak anbiziozko hizkuntza politika galdegiten duelarik, Ipar Euskal Herrian horretarako ardura nagusia duen egiturak euskara biziberritzeko baliabide gehiagorik ez ezartzea zinez damugarria da.

Lehenik eta behin, EHBaik bere sustengu osoa adierazi nahi die euskalgintzako elkarte eta egiturei egunerokoan daramaten jardun eta aldarrikapenetan. Ipar Euskal Herrian euskara bizi bada, bereziki urte luzetan eta egun ere euskalgintzak egin lanari esker da. Eta geroari buruz, euskalgintzako elkarteak ezinbestekoak izanen dira. Horregatik, EEPren aurrekontua ez emendatu izanaren aitzinean, guztiz logikoa iruditzen zaigu azalduriko haserrea. Euskarak eta euskalgintzak errespetua behar dute.

Hemen kaltetuena euskara da. Azken inkesta soziolinguistikoaren ondorioetako bat oroitarazi nahi dugu: euskal hiztunen kopuruari eustea lortzen dugu, baina demografiaren hazkundearen eraginez, proportzioan, jendartean gero eta gutiago gara euskal hiztunak, %20 inguru. Gure hizkuntzaren biziraupena jokoan den honetan, justuki kontrako norabidea hartu beharko luke hizkuntza politikaz arduratzen den erakundeak: euskalduntze prozesua azkartzeko anbizioa izanen duen hizkuntza politika integral baten adostea eta plantan ezartzea izan beharko luke aktore guzien helburu nagusia. Aldiz, egun, blokeo argi bat dagoela adierazi nahi dugu eta blokeo horren erantzule nagusiak Frantses Estatua, Akitania Eskualdea eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua dira.

Zentzu horretan, euskalgintzak galdegin bezala, aurrekontua emendatzeko Euskal Hirigune Elkargoko hautetsien eta bereziki EHBaiko eta ezkerreko abertzaleen aldetik izan den borondate politikoa eta ahalegina azpimarratu nahi dugu. Gure iritziz, Ipar Euskal Herrian euskalgintza eta hautetsien artean adostasunetara iristeko baldintzak daude, baina EEPren egitasmoan aitzinarazteko blokeoa ezartzen dutenak nagusiki beste partaideak dira.

Honek argiki adierazten du etorkizunari begira egiturazko arazo baten aitzinean garela. Izan ere, Estatuaren politika euskara eta gainerateko hizkuntza gutxiagotuen garapenaren kontrakoa da eta horrek ez du permititzen jauzi bat ematea.

Indar harreman berri bat

EHBairen iritziz, euskararen biziberritzean jauzi bat emateko hizkuntza politika berri baten alde gauden guzion artean sentitzen dugun kezka eta haserrea bideratzeko gai izan behar dugu. Euskarak pairatzen dituen eraso eta oztopoek salaketa eskatzen dutela argi izanik ere, euskalduntzean jauzi bat nola eginen dugun gogoetatu eta iniziatiba berriak plantan ezarri behar dira.

Horregatik, EHBaik uste du:

• Euskal Herrian hizkuntza politika berri baterako behar ditugun eskumen eta tresnen inguruko eztabaida ireki behar dela;
• Euskalduntze prozesuak behar duen jauzirako neurrien inguruko adostasunak eraiki eta Estatuaren aitzinean indar harreman berri bat eraiki behar dela;
• Euskarak behar duen bultzadarako jendartearen aktibazioa eta herri mobilizazio zabala beharrezkoak direla.

Duela hiru urte, Frantziar Kontseilu Konstituzionalak Molac Legea indargabetu zuelarik, Euskal Herrian murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio handi bat gertatu zen, non milaka herritar ez ezik, lurralde honetako sentsibilitate ezberdinetako hautetsi anitz ere murgiltzearen alde kokatu zen. Bestetik, inkestek argiki diote Ipar Euskal Herriko jendartean gero eta zabalagoa da euskararen aldekotasuna. Horregatik diogu, borondate guziak norabide berean aktibatu behar direla.

EHBairen iritzia Kanboko herriko kontseiluan izandako gertaerei buruz

Lehenik eta behin, EHBaik arduratsu jokatzeko deia egin nahi du. Uste dugu Marieniako laborantza lurren inguruko auzia konpondu gabe usteltzen uzten den heinean, tentsioa handitzen ari dela. Arduragabekeria da elkarrizketa guneak eraiki eta aterabideak atzeman ordez, gatazka hau mugagabeki luzatzen aritzea. Maleruski, Kanboko herriko etxean izan diren gertakari tamalgarrietara iritsi da egoera, inoiz gertatu behar ez zen horretara. Eta horrek ez dio inori mesederik egiten.

Egoera honetan, gertakariak bere lekutik ez ateratzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Kanbon iragan denak, hautetsien edo instituzioen kontra lehenago izan diren beste batzuekin lotzeko tentaldia baztertu behar da. Gauzak orokortu nahi izatea jendartean nahasketa sortu nahi izatea dela deritzogu. Izan ere, Marieniako laborantza lurren defentsa laborariek beren lanbidearen eta sektorearen etorkizunaren alde egiten duten borroka baita, ez hautetsi edo instituzioen kontrako borroka bat.

EHBaik berretsi egiten du Marieniako laborantza lurretan etxebizitzak eraikitzearen kontra dagoela eta beraz, bat egiten duela lur horien defentsarako aldarrikapenekin. Borroka hori bide baketsuetatik jarraitzearen alde egiten du argiki, orain arteko mobilizazio eta ekimenekin izan den bezala.