Egungo mandatuaren azken-aurreko Elkargoaren Kontseilua 2026ko urtarrilaren 31n burutu zen. Bilkura trinkoa izan zen, eta neurri handi batean Gobernantza Itunaren proiektu berriaren onarpenari zuzendua. Itun horrek ondoko mandatuan Ipar Euskal Herriko instituzioaren ibilmoldea egituratzeko xedea du.
2025 urte osoan zehar lurraldeko batzordeetan egindako lanaren emaitza den Gobernantza Itun berria, bereziki, lurralde-batzordeen rola azkartzera, herrien zerbitzura den ingeniaritza garatzera, eta lurralde-poloen esparruari eta eginkizunari buruzko gogoeta sakontzera heldu da. Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik egindako hirugarren bertsioa da, eta koadro ebolutibo gisa pentsatua izan da, Elkargoaren erronka berriei erantzuteko.
Ipar Euskal Herri mailako eskalan komunitatea egin
Alain Iriart Hiriburuko auzapezak Euskal Hirigune Elkargoak Gobernantza Itunaren proiektu berri honen inguruan egindako lana txalotu zuen, Kontseilu Exekutiboko kideak eta lurralde-poloak elkarlanean jartzea lortu duelako.
Bozketara aurkeztu zen dokumentuak gogoeta eta ekintza uztartzeko borondate partekatua islatzen du, Euskal Herriaren eskalan komunitatea egiteko xedearekin. Hautetsiak erabakien erdigunean berriz ezartzeko anbizioa azpimarratu zuen, bereziki lurralde-poloei ardura handiagoa emanez eta horri loturiko aurrekontu baten bidez. Gobernantza Itun berri honek hurbiltasuna eta herritarren parte-hartzea indartzeko borondate berritua du, biztanleak politika publikoetan gehiago inplikatuz. Jakina, erronka berriak ere txertatu beharko dira: eskumenen erabilera, poloen perimetroen inguruko eztabaida… betiere metodo parte-hartzaileari atxikiz.
Alain Iriarten ahotik, Bil Gaiten talde osoak Gobernantza Itunaren proiektua salbuespenik gabe bozkatuko zuela jakinarazi zuen, ondoko mandatuan egiazko izaera eman eta biziarazteko asmoz.
Bestalde, beste hautetsien taldeko ordezkariak ez zuen proiektu honen inguruan iritzi bera agertu. Izan ere, Elkargoak lantzen dituen adostasunekin kontraesanean den jarrera politikoan, Peio Etxeleku jeltzaleak gainerateko hautetsiei proiektuaren aurka bozkatzeko deia egin zien. Azkenean, 5 hautetsik baizik ez zuten bozkatu Gobernantza Itunaren aurka, eta proiektua botoen %97rekin onartua izan zen.
Edonola ere, etorkizuneko 232 hautetsiek aukera osoa izanen dute Gobernantza Itun hori berresteko edo berrikusteko, heldu den udaberrian beren karguak hartzen dituztenean.
Bateraren bideari segi
Daniel Olzomendi Izurako auzapezarentzat, bi erronka nagusi dira mahai gainean: batetik, NOTRe legearen bidetik lorturiko estatusarena, eta bestetik, haren perimetroarena. Euskal Hirigune Elkargoa egun Frantziako Estatu osoko elkargo handiena da, eta horrek zenbait zailtasun sor ditzake gure instituzio gazteak agertzen dituen anbizio guziak gauzatzeko unean. Aitzinatzeko tarteak badirela onarturik, Elkargoa sortu aitzin Hazparneko tailerretan nagusitu zen konfiantza eta adostasun giroari leial segitzeko deia egin zuen.
Bere aldetik, Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak eztabaida ikuspegi historiko batean kokatu zuen, Elkargoaren gaztetasuna oroitaraziz, Ipar Euskal Herriarentzat berezko instituzio baten alde Baterak bultzaturiko mobilizazioak oroituz – horiek ekarri baitzuten Elkargoaren sorrera – eta Biltzarraren rola azpimarratuz, bere ustez ikuspegi berean berriz aztertu beharrekoa. Amikuzeren adibidea aipatu zuen, non hastapen batean Elkargoa sortzearen aldeko atxikimendua mugatua izan baitzen (27 herritatik 10 alde), eta lurraldeak instituzioa sortu zenetik izan duen bilakaera positiboa nabarmendu zuen. Egun, nehork ez luke tresna horren egokitasuna zalantzan jarriko. Horregatik, gelan zirenei dei egin zien Bateraren ildotik komunitatea egiteko bide kolektibo horri segida ematera.
Hizkuntza politika, kultura eta aurrekontuetan inbestimenduak
Bilkura, beste gai egituratzaileak ere izan zituen ardatz.
Egoitz Urrutikoetxea Lexantzüko hautetsiak Euskararen Erakunde Publikoaren finantzaketari buruzko negoziazioen porrota aipatu zuen, Elkargoa ez besteko instituzioen borondate politiko eza salatuz. Frantziako Estatuaren borondate faltak, gainera, Prefetak tokiko hautetsien kontra egindako adierazpen onartezinekin batera etorri dira.
Egoitz Urrutikoetxeak norabide aldaketa argia galdegin zuen: Frantziako Estatuak euskara arriskuan ezartzean duen erantzukizunaren aitortza; finantzaketen bermatzea urte anitzeko inbestimendu planen bidez; eta euskararen estatus juridikoaren indartzea, koofizialtasunerako bidea irekiz.
Gisa berean, Antton Curutcharryk, hizkuntza politiken ardura duen lehendakariorde eta Baigorriko auzapezak, euskararen aldeko izaera komunitarioko proiektu kultural bat presentatu zuen onarpena jasotzeko. Uztaritzeko Lota gazteluan euskal kulturaren baliabide zentro bat sortzea da proiektuaren muina. Egitasmo hau jadaneko existitzen den ekosistema batean oinarritzen da (Herri Soinu, Euskal Dantza Institutua, Bertsularien Lagunak, Bilketa…), sinergiak sustatzeko parada emanen duena. EKE (Euskal Kultur Erakundea) bertan instalatzea aurreikusia da 2027ko urtarrilaren 1erako, berritze fase baten ondotik.
Azkenik, Nicole Etxamendi Itsasuko lehen axuantak, 2021etik honako aurrekontu testuinguru hertsia izan zuen hizpide, Frantziako Estatuaren diru-laguntzen beherakadak, inflazio azkarrak eta zorpetzeko gaitasun murritzak markatua izan dena. Ibilmolde gastuak egonkortzea lortu bada ere, inbertsiorako maniobra-marjinak murrizten ari direla deitoratu zuen. Egungo aurreikuspenek Frantziako Estatuaren aldetik etengabeko diru-laguntza apaltzea iragartzen dute. Etxamendik azpimarratu zuen geroari buruz irizpide argietan oinarrituriko arbitraje kolektiboak egin beharko direla, hautetsiei erabaki argiak hartzeko aukera emateko. Ondoko mandatuaren hastapenetik bertatik erronka nagusietako bat izanen da hori.
Genero berdintasunerako, sufragio zuzenaren alde!
Xole Aire Urepeleko auzapezak Elkargoaren balantze kritikoa egin zuen emazteen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko urteko txostenaren harira. Nabarmendu zituen lanpostuen artean oraindik ere dirauten soldata-arrakalak, bai eta hautetsien arduren arteko desorekak ere. Gisa horretan, Elkargoaren exekutiboan parekotasun printzipioak erakusten dituen mugak azpimarratu zituen. Izan ere, Elkargo hautetsiak herrietako zerrendetatik egindako seinalamendu baten ondorio dira, eta exekutiboa lehendakariak izendatzen du mandatuaren hastapenean; ez dago araudi bidezko baldintzarik mandatuen banaketan oreka zuzena bermatzeko. Horregatik, sufragio unibertsal zuzena ezartzearen alde agertu zen Xole Aire, baldintza horrek egiazko parekidetasuna bermatu ahal izanen lukeelako. Beste arrazoi bat, beraz, bilakaera instituzionalaren alde egiteko.
Gaurkotasunari tiraka, Urepeleko auzapezak bere hitz hartzea Xilabaren final historikoa aipatuz bukatu zuen, bost emazteren presentziak nabarmenduz. Beren lekua egiten jakin duten bost emazte; zilegitasun faltaren antsietatea gainditzen jakin duten bost emazte. Elkargoaren etorkizunerako itxaropenez beteriko istorio bat.
