Inperialismoaren aitzinean, Venezuelarekiko elkartasuna!

EHBaik Donald Trumpek gidaturik Ameriketako Estatu Batuek Venezuelako herriaren kontra egindako eraso inperialista eta Nicolas Maduro presidentea zein Cilia Flores, bere emaztearen bahiketa gaitzesten ditu. Venezuelan gertatzen ari dena oso kezkagarria eta larria da, batez ere nazioarte mailan faxismoa eta autoritarismoa indartzen ari diren une honetan. Eraso honekin Estatu Batuek Venezuelako subiranotasuna ez ezik, Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazio Batuen Gutuna ere urratu dituzte.

Trump eta oro har, eskuin muturra, araurik gabeko mundu bat indartu nahian ari dira, non boteretsuek, milioidunek eta inperialistek soilik irabaziko duten. Azken helburua ez da bakea, ez demokrazia, ezta herrien askatasuna ere. Beren egiazko helburua munduaren kontrola lortzea da eta jadaneko beste herrialde batzuk mehatxatu ditu, tartean Kolonbia, Kuba edota Gronelandia.

Petrolio interesek gidaturiko eraso inperialista

Ofentsiba honek Venezuelako eta eskualdeko aberastasun naturalen gaineko sarbidea eta kontrol zorrotza lortzeko helburua du, eta baita Latinoamerikako eta Karibeko gobernuak beldurtzea eta azpiratzea ere. Venezuelako petrolio-erreserbak munduko handienak izanki, Trumpen ofentsiba multinazionalean interesak bermatzeko eta kontrola lortzeko izan da.

Gertakari onartezin hau azken hilabeteetan Ameriketako Estatu Batuek, eta bere presidentea Donald Trumpek, azkartzen ari diren ofentsiba inperialistaren kapitulu berri bat da. Hego Ameriketako historiako garai ilunetan bezala, AEB-ek kontinente osoko erregimen politikoak bere kontrolpean nahi dituzte, horretarako mota guzietako eraso eta presioak eginez. Venezuelaren kontrako interbentzio militar honekin injerentzia estrategian hozka bat gora egiten da.

Nazioarteko komunitateak aho batez salatu behar luke gertakari onartezin hau

EHBaik herri guzien burujabetza defendatzen du eta azpimarratzen du Venezuelako herriari soilik dagokiola bere etorkizunaz erabakitzea. Eraso militarraren etetea, bahituriko pertsonen askatzea, tartean Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores bere emaztea, eta Nazioarteko Zuzenbidearen errespetatzea galdegiten ditugu. Nazioarteko komunitate osoak ildo horretatik erreakzionatu beharko lukeela deritzogu.

Alta, Emmanuel Macron frantziar presidentearen jarrera kontrako bidetik joan da. Nazioarteko Zuzenbidea defendatu beharrean eraso militarra babestu eta zuritu baitu, berriz ere Ameriketako Estatu Batuekiko menpekotasuna agerian utziz.

Mobilizazioak Ziburun eta Baionan

Egoera larri honen aitzinean, EHBaik mobilizaziorako deia egiten du, urtarrilaren 6an, asteartearekin. Ziburun mobilizazioa eginen dugu arratsaldeko 19:00etan, biribilgunean; eta Baionan hainbat alderdi eta mugimenduk Suprefeturaren aitzinean deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu. Uste dugu erantzun zabala ematea beharrezkoa dela.

Venezuelako herriarekiko gure elkartasun osoa adierazten dugu. Inperialismoaren eta kanpoko esku hartzearen kontra, herrien burujabetza, autodeterminazioa eta bakearen alde!

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.