Ezjakintasunak markatzen du sartze politikoa. Lehenik Michel Barnier eta gero François Bayrou Matignonen izendatu ondoren, Emmanuel Macronek 2024ko uztaileko hauteskunde legegileen hirugarren itzulia berriz jokatuko du, Bayrouren gobernua irailaren 8an erortzen bada. Gehiegi irauten ari den blokeo eta krisi politiko zein demokratiko egoera honen aurrean, EHBaik eragile politiko guztien ardura eskatzen du, behingoz aterabide bideragarri bat aurkitu dadin.
Astelehenean, irailaren 8an, Frantziako Asanblea Nazionalaren konfiantzazko bozkari aurre eginen dio François Bayrouk. EHBaiko Peio Dufau diputatuak lehen ministroak eskatutako konfiantzaren aurka bozkatuko du, kontzientzia osoz. Izan ere, François Bayrou izendatu zutenetik, EHBaik gogor salatu du bere austeritate politika, klase herrikoi eta ertainak eta kolektibitateak kolpatzen dituena. Onartezina da aberats eta enpresa handiei ekarpena eskatzeari uko egiten segitzea. Anartean, babes sozialean eta zerbitzu publikoetan sekulako murrizketak iragartzen diren bitartean, onartezina egiten zaigu gerletarako eta armatzerako Gobernua emendatzen ari den diru zama izugarria. Honek erakusten du dirua badela, baina afera da diru hori zertan ari den erabiltzen.
Gobernua proposatzen ari den neurriak berriz ere herritarrak kaltetuko ditu. Ipar Euskal Herriari dagokionez, gainera, murrizketa hauek eragin zuzena izanen dute tokiko kolektibitateen bizian, euskararen arloan edota euskal kulturan. Hori Ipar Euskal Herriko biztanleen borondatearen kontra doa: R&PSentzat IFOPek egindako “Radioscopie du régionalisme en 2025” inkestaren arabera, biztanleen %82 euskararen koofizialtasunaren alde daude, eta %62 Ipar Euskal Herriaren estatus bereziko kolektibitate bat sortzearen alde.
Herritarren ahotsa mespretxatzeak ondorioak ditu. “Dena blokeatu dezagun” mugimendua eta datorren irailaren 10 eta 18rako deituak diren mobilizazioak horren adierazle dira. Hauteskundeetara deitzeak eta gero haien emaitzak ukatzeak, edota sindikatu eta manifestazio jendetsuak kontutan ez hartzeak, benetan zilegia den haserrea eragiten du: herritar eta lurraldeen interesak dira aurrekontuaren lanketa gidatu behar dutenak, denen ongizatea bermatzeko eta tokiko kolektibitateei botere eta baliabide ekonomiko gehiago emateko.
Peio Dufau eta bere taldeak zentzu horretan lan eginen du Finantza Lege Proiektuaren sekuentzia osoan, besteak beste, osasuna, euskara eta zerbitzu publikoak lehenetsiz, oso egoera kritikoan daudenak gaur egun Ipar Euskal Herrian. Gisa berean, EHBaik irailaren 10ean eta 18an deituak diren mobilizazioak sostengatzen ditu, eta Euskal Herrian antolatzen segitzeko deia egiten du, haserrea azkenean entzuna izan dadin eta aitzinatzeko aukera eman dezan, adimen onez, interes orokorraren alde.